Zuzendaritzak «Euskal Herriko lantegietan enplegua suntsitzen urteak» daramatzala diote ELAk eta LABek, eta aldi berean, «ez du inbertsiorik egiten, ezta gutxieneko seriotasuna duten plan industrialik diseinatu ere», kritikatu dute bi sindikatuek. Horrekin batera, «Asturiasko ordezkariekin negoziatzeko, Euskal Herriko gehiengo sindikala baztertzen duela» leporatu diote.
Joan den ortziralean bilera zuten Etxebarrin (Bizkaia), eta han, bertzeak bertze, akordio markoaren negoziaketaz aritu ziren. Baina ELAk eta LABek adierazi dutenez «orduak esperoan egon ondotik, bi sindikatuetako ordezkariek negoziazioa uztea erabaki zuten, protestaren seinale». Egoera ikusita, Arcelor Mittaleko zuzendaritzari jarrera aldatzeko exijitu diote bi sindikatuek, eta «gure herriko lantegien enplegua, inbertsioak eta etorkizuna bermatzeko ordua» dela nabarmendu dute. «Ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko».
Nahitaezko aldi baterako enplegu erregulazio espedientea
Etxebarrin egindako bileran zuzendaritzak indarrean sartu nahi duen nahitaezko aldi baterako enplegu erregulazio espedientea negoziatzeko mahaia eratu zuten. UGTk jakinarazi duenez, «mahaiak 13 ordezkari titular eta sei aholkulari» ditu:
- UGTk sei ordezkari titular eta bi aholkulari
- CCOOk lau ordezkari titular eta bi aholkulari
- USOk bi ordezkari titular eta aholkulari bat
- ELAk ordezkari titular eta aholkulari bana
Prentsara bidalitako oharrean, UGTk oroitarazi duenez, «nahitaezko enplegu erregulazio espedientea negoziatzea ez dugu gustuko, aitzineko aldietan arazoak sortu izan dituen formula delako eta alde sozialaren negoziatzeko gaitasuna murrizten duelako». Hala, «Asturiasko klusterraren parte diren lantegietako langileei eraginen dieten neurriak adosteko jarrera negoziatzailea» eskatu dio zuzendaritzari; «guttienez gaur egungo espedientean bermatutako baldintzak izan beharko lukete». Erregulazio espedientea Asturiasko klusterrean sartu nahi dute indarrean, eta hor Asturiasko planta, Etxebarriko planta eta Lesakako planta sartzen dira.
Enplegu erregulazioari buruzko gainerako xehetasunak aste honetako bileran zehaztekoak dituzte.