Nahitaezko enplegu erregulazioa negoziatzeko mahaia osatu dute gaur sindikatuek Arcelor Mittaleko zuzendaritzarekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 31a, 14:30

Atzo iragarri bezala, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak indarrean sartu nahi duen aldi baterako enplegu erregulazio espedienteaz mintzatzeko bildu dira sindikatuak gaur Etxebarrin (Bizkaia). Horren harira solas egin du Asier Calderon LAB sindikatuko industria arduradunak TTIPI-TTAPArekin eta «nahitaezko enplegu erregulazioa negoziatzeko mahaia eratu dutela» baieztatu du.

Calderonek gaineratu duenez, «enpresak akordioa bilatu nahi du, logikoa da, nahitaezko enplegu erregulazioak gobernuak gestionatu behar baititu, eta akordioa lortuta, errazagoa dute defendatzeko». Dena den, ezin izanen dute hasieran iragarritako egunean sartu indarrean. Apirilaren 1ean aplikatu nahi zuten, «baina ez die denborarik emanen».  

Mahai horretatik kanpo gelditu da LAB sindikatua. Calderonek esplikatu duenez, «ez dugu % 5 enplegu erregulazio espedientea aplikatu behar den eremuan. Erregulazio espedientea Asturiasko  klusterrean sartu nahi dute indarrean, eta hor Asturiasko planta, Etxebarriko planta eta Lesakako planta sartzen dira. Hiru lantegi horietan aplikatuko da espedientea».

Enplegu erregulazioari buruzko gainerako xehetasunak hurrengo asteko bilerarako utzi dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun