Gaiaren harira, eskualdeko Arcelor Mittal lantegian ordezkaritza duten sindikatuengana jo zuen atzo TTIPI-TTAPAk. ELAk hiru ordezkari ditu, UGTk bi eta LABek eta CCOOk bana. Baina lerro hauek idazterakoan ELAko Andoni Vianak eta UGTko Juan Antonio Sanchez ordezkariek baino ez dute erantzun.
Joan den astean prentsan Arcelorrek Lesakako lantegia bi hilabetez itxiko zutela agertu bazen ere, Sanchezek (UGT) argi utzi nahi izan du «gaur-gaurkoz enpresak ez duela enpresa ixteko asmoez deus aipatu. Labe garaiko aberiaren eta sutearen kaltea aztertu behar dute eta teknikoak oraindik ez dira labera sartu».
ELAk, berriz, «Gijongo suteari lotutako geldialdiak espekulazioak» direla nabarmendu du: «Momentu honetan dakigun bakarra hozteko prozesuan dagoela da, hoztu ondotik sartuko dira barrenera eta horrela ikusiko dute aberia zenbatekoa den». Gehiago ere jakinarazi du: «Konponduko dutela erran digute eta taldeko bertze planta batzuetatik ordezko piezak ekartzen ari dira ahalik eta agudoen konpontzeko».
Gaur egun, 270 bat langile ari dira Lesakako eta Legasako lantegietan; 230 bat Lesakan eta 40 Legasan
Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea apirilaren 1ean sartu nahi du indarrean
ELAko eta UGTko ordezkariek baieztatu dutena Arcelor Mittaleko zuzendaritzak aldi baterako enplegu erregulazio espedientea (ABEE) aurkeztu duela da, eta apirilaren 1ean indarrean sartu nahi duela. Hain zuzen, horretaz mintzatzeko bihar Etxebarrin (Bizkaia) bilera egitekoa dute. ELAren arabera, «nahitaezko aldi baterako enplegu erregulazioaz solas egiteko deia egin digu enpresak, baina hori ez da berria Arcelorren. 2009az geroztik, CCOO, UGT eta USOk sinatutako hainbat ABEE izan ditugu indarrean».
UGTk honela adierazi du: «Hasiera batean, zuzendaritzak arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik eta antolamendu eta produkzio arrazoiengatik enplegua erregulatzeko espedientea (EPOT deitua) aurkeztu nahi izan zuen, baina sindikatuen aldetik hori onartzeko adostasunik ez zegoela ikusi zuenean, nahitaezko lan erregulazioa aurkeztu zuen». Sanchezek gaineratu duenez, «horrekin enpresa ez dago sindikatuekin negoziatzera behartua, baina uste dugu adituko digula eta adostasun batera ailegatzen saiatuko dela. Bertzela mahaitik altxa eta legeak zehazten duenaren uzten ahal gaitu».
Enplegu erregulazioak zenbateko eragina izanen duen galdetuta, ELAk dio ez dakiela zein neurritan eraginen duen. Lesakako lantegian Asturiasen ekoiztutako altzairuarekin lan egiten dute, eta Vianaren hitzetan, «urriaz geroztik lan erregulazioan gaude. Iduri zuen orain normaltasunera bueltatu behar genuela, baina ez dakigu prozesatzeko lehengairik izanen dugun edo ez».
UGTk, berriz, honela adierazi du, «Gijonjo labea ixten badute, ulertzen dugu tresna malgu bat behar dela. Baina horrek ez du erran nahi plantak itxiko dituztenik. Lanean segituko dute, ez, ordea, % 100ean». UGTkoak «orain arteko baldintzak» eskatu ditu: «soldata gordinaren % 90 izatea, eta oporrak, konpentsatoriak eta aparteko ordainsariak % 100ean».
Gijongo instalazioaren etorkizuna
Gijongo plantak sei hilabete egin ditu geldirik eta berriki berriz martxan hasia zen. 2025ean, ordea, behin betiko ixtea aurreikusia du Arcelorrek. ELAko kideak azaldu duenez, «itxiera hori CO2rik gabeko altzairua egiteko inbertsioarekin lotuta dago. Horren partez, labe elektriko bat eta hidrogenoa erabiliz burdina minerala (DRI) murrizteko planta bat paratu nahi dute, gaur egun erabiltzen dituzten ikatza eta gas naturala ordezkatuz». Itxura denez, «mila milioi euroko inbertsioa da eta taldeak oraindik ez du onartu. Espainiako Gobernuak, berriz, 460 milioi euroko dirulaguntza iragarri du deskarbonizazio prozesurako».
Egoera ikusita, ELAk «Euskal Herriko lantegien etorkizuna, lana eta plantillak gaztetzea bermatzeko industria eta inbertsio plana» exijitu dio Arcelor Mittali. «Arcelor Mittal sartu zenetik Euskal Herrian hainbat lantegi itxi dituzte, eta langile kopuruan eta inbertsioetan ere beherakada nabarmena izan da».