Euskaraldia

Hasi da Euskaraldia!

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 18a, 11:45

Hitzez ekiteko garaia ailegatu da. Gaur hasi da hirugarren Euskaraldia eta abenduaren 2ra arte euskaraz edozeinekin, edozein tokitan eta edozein momentutan solastatzeko deia egin dute antolatzaileek. Herriz herriko izen emate kopuruak oraindik ez daude eskura, baina Euskaraldiko batzordekideek eta sustatzaileek TTIPI-TTAPAri adierazi diotenez, eskualdean ere ehunka lagunek bat egin dute euskararen aldeko ariketa erraldoiarekin.

Ekhine Txokarro Malerrekako eta Bortzirietako Euskaraldiko dinamizatzaileak eta Jon Zapata Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta Euskaraldiko sustatzaileak TTIPI-TTAPAri kontatu ziotenez, bereziki Euskaraldiak «ikusgarritasuna» izatea dute aurtengoan helburu. «Karrikak berrartu nahi ditugu. Kopuruak interesgarriak dira baina batez ere ikusgarria izatea nahi dugu; ahobiziek, belarriprestek eta ariguneek ariketa ongi egitea. Alde kualitatiboa kuantitatiboa baino aunitzez gehiago indartu nahi dugu».

Eta ikusgarritasuna emateko bide horretan, «balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak paratzeko» deia egin dute antolatzaileek, ikusgarritasuna emateak «euskaraz lasaiago mintzatzeko giroa sortu eta lasaitasuna ematen duelako». Bide beretik, txapa «egunero-egunero» jantzita eramateko gonbita egin dute, «ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak». Antolatzaileen arabera, «aitzineko bi aldietan eginiko ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak aunitz lagundu zuela hizkuntza ohituren aldaketetan».

Bertzetik, Euskaraldiak ariketaren inguruan belarriprest eta ahobiziek izan ditzaketen erronkak ikusarazi nahi ditu. Horretarako, Zein erronka izanen duzu zuk Euskaraldiak irauten duen bitartean? galdetu diete herritarrei, «gisa aunitzetako erronkak dituztelako herritarrek 15 egun hauetarako: lagun horrekin 15 egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehendabiziko hitza euskaraz egitea, saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea... Aldaketa ttiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan». Hala, ahobizi edo belarriprest izanen diren guztiei egin diete eskaera: «grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipua eta #HitzezEkiteko traola erabilita.

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun