Euskaraldia

Karrika berreskuratu nahi du Euskaraldiak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 12a, 08:00

Jon Zapata eta Ekhine Txokarro Euskaraldiko sustatzaileak.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Arigune gisa izena emateko epea itxita badago ere, herritarrek badute oraindik izena eman eta Ahobizi edo Belarriprest izateko aukera.

Euskararen aldeko ariketa sozial erraldoirako falta diren egunak kontatzen hasteko momentua da; ate joka baita Euskaraldia. Hitzez ekiteko garaia lelopean azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte izanen da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta oraindik izena eman ez duten herritarrek oraintxe dute aukera www.euskaraldia.eus atarian. 

Euskaraldirako gutti falta den honetan, beroketarekin ari dira azken asteotan eskualdean. Herrietako batzordeekin elkarlanean ari da, erraterako, Ekhine Txokarro Malerrekako eta Bortzirietako Euskaraldiko dinamizatzailea. Irailaren 15ean hasi zen lanean, eta abenduaren 15era bitarte Euskaraldia izanen du begiz joa. Aitortu duenez, «irailean herriak itzaliak» sumatu zituen, «Euskaraldia ez zegoen sobera bor-bor, baina geroztik martxa hartu du». Herriz herriko eta eskualdez eskualdeko batzordeak lanean ari dira eta Euskaraldia girotzeko eta «ikusgarritasuna emateko» hainbat ekintza egiten ari dira Bortzirietan, Malerrekan, Bertizaranan, Baztanen, Xaretan eta Leitzaldean. Tartean Euskaraldiaren gune ibiltaria ere pasatu da eskualdetik, Euskaraldiari buruzko informazioa zabaltzeko helburuarekin. Urriaren 5ean Donezteben eta 12an Lesakan egin zuen geldialdia. Baina azaroaren 18ra bitarte, eta ondotik ere, hainbat ekitaldi egitekoak dituzte: mahaiak paratu han eta hemen, herri argazkiak atera eta gehiago. Horien jarraipena egiteko atal berezia sortua du TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen, eta interesatuz gero, irakurleak hantxe izanen du informazio zehatza. 

Herritarren izen ematea zabalik

Ahobizi eta belarriprest rolak eta ariguneak –euskaraz lasai aritzeko guneak– mantendu dituzte hirugarren edizio honetan. Urriaren 31n bukatu zen elkarteentzat eta enpresentzat arigune  gisa izena emateko epea, baina herritarrek oraindik egin dezakete, aitzineko aldietan bezala, ahobizi edo belarriprest izanez. Lehenbizikoek euskaraz konprenitzen duten guztiekin euskaraz aritzeko eta lehenbiziko solasa euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, baita, ahal duten neurrian, elkarrizketa elebidunei eustekoa ere. Eta belarriprestek, berriz, gaitasunaren eta aukeren arabera, eurek erabakiko dute noiz eta norekin egin euskaraz, baina euskaraz dakitenei horixe eskatuko diete. 

Ariketa hasten den egunera arte izanen dute herritarrek izena emateko epea, baina Jon Zapata Euskaltzaleen Topaguneko kidearen eta Euskaraldiko sustatzailearen hitzetan, «nahiko harrera ona» izan du Euskaraldiak gure eskualdean: «Alde batetik, aitzineko edizioetan parte hartu dutenek izen ematea berresteko aukera dute, eta hagitz ongi joan da. Horrez gain, lehenbiziko aldiz izena ematen ari direnak ere badira, eta hori ere positiboa izaten ari da».  

2018koa gogoan 

Hirugarren edizioa du aurtengoa Euskaraldiak: 2018an egin zen lehenbizikoa eta aldi hartan 225.000 herritarrek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest txapa soinean; horien artean eskualdeko 4.016 lagunek. 

2020an bigarrena etorri zen, pandemia garaiko murrizketekin. Baldintzatutako edizioa izan zen, baina 178.184 ahobizi eta belarriprestek bat egin zuten ariketarekin. Aitzineko edizioarekin konparatuz, Euskal Herrian izen emateak beheiti egin zuen, baina eskualdean igo egin zen: 4.094 lagun apuntatu ziren, 78 gehiago.

Ariguneak izan ziren bigarren ariketaldiko berritasun nagusia: Euskal Herri osoko entitateek izan zuten ariketa egiteko aukera. 8.000 egoitza baino gehiagok eman zuten izena eta 24.000 arigune baino gehiago sortu ziren, horietatik 255 eskualdean.

Txokarroren hitzetan, 2018koa da herritarren oroimenean iltzatua gelditu dena: «Jendeak ilusio haundiarekin oroitzen du, eta ordukoa errepikatzeko motibazio berezia sumatzen dut. 2020koak ez zuen halako indarrik izan». Horixe berretsi du Zapatak: «2018koa boom modukoa izan zen, ederra. Parte hartu zutenen kopurua hagitz haundia izan zen, baina ez hori bakarrik, karrikan ikusgarritasun haundia izan zuen Euskaraldiak». Lehenbiziko edizio hartan «ariketa taldeetan egiteko aukera falta» sumatu zuten, eta hortik sortu ziren 2020an ariguneak. Bat dator Txokarrorekin «2020koa aunitz ere lausoagoa» izan zela erraterakoan, baina «guttienez Euskaraldia erdigunean jartzea lortu genuen».   

Horregatik bereziki «ikusgarritasuna» ematean jarri nahi dute aurtengoan arreta. «Karrikak berrartu nahi ditugu. Kopuruak interesgarriak dira baina batez ere ikusgarria izatea nahi dugu; ahobiziek, belarriprestek eta ariguneek ariketa ongi egitea. Alde kualitatiboa kuantitatiboa baino aunitzez gehiago indartu nahi dugu». 

Detaile ttikiak, aldaketa haundiak   

Eremu euskalduna da gurea, baina beti bada zer hobetu euskararen erabilerari lotuta. Bortzirietako eta Malerrekako dinamizatzailearentzat «gurea eremu euskalduna dela errateak ez du balio. Inguru euskaldunean gaudenez igual du lagunekin erdaraz egiten badut? Gure jarrera zuritzeko esaldia da, beti bada zerbait egiteko. Gure esku dago lehenbiziko solasa euskaraz egitea. Igual bertze aldean dagoenak ez du euskaraz jakinen, baina igual konprenituko du. Egin dezagun bada esfortzua. Detaile ttikiak dira, eta horiek egiten dute haundi aldaketa».  

«Euskarari  indarra eta ikusgarritasuna emateko balio du Euskaraldiak»

Ekhine TXOKARRO, Bortzirietako eta Malerrekako Euskaraldiko dinamizatzailea

Batak zein bertzeak egin dute Euskaraldian parte hartzeko gonbita: «Euskara da gure oinarria, eta euskarari indarra eta ikusgarritasuna emateko balio du Euskaraldiak, baita ohitura txarrak kentzeko ere», dio Txokarrok. Eta Zapatak «ariketak indibidualetik kolektibora salto egiteko duen gaitasuna» nabarmendu du: «Euskaraldiak espazio erosoa sortzen du egunerokoa euskaraz egiten dutenentzat eta egiten ez dutenentzat, ariketa ingurukoekin egiten baita.». Bide horretan «txapen garrantziaz» aritu da: «ikusgarritasuna eman eta euskararen erabilera indartzen laguntzen du».

Beti euskaraz ari dela dioenari eta euskaraz ongi moldatzen ez delako egiten ez duenari egin diete deia. Lehenbizikoei «ahobizi rolarekin bertzeei laguntzen» dietelako Zapataren hitzetan, «baita ariketari ikusgarritasuna eman ere. Txapa soinean baldin baduzu ingurukoek ere parte hartuko dute. Adibidez, zerbitzariak igual ez du euskaraz jakinen, baina txaparekin ikusten bazaitu, akaso esfortzu ttiki bat eginen du». 

«Probatu eta saiatu, seguru espazio batzuetan eroso sentituko zarela»

Jon ZAPATA, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiko sustatzailea

 

Eta euskaraz ongi moldatzen ez direnei «belarriprest izanda animatzeko» erran die Txokarrok: «lotsa alde batera uzteko, inork epaituko ez duen espazioa aurkituko duelako». Zapatak zera gaineratu du: «Hamabortz egun dira, probatu eta saiatu, seguru espazio batzuetan eroso sentituko dela». Eta ondotik zer? «Euskaraldia hamabortz eguneko ariketa da, ongi pentsatua dago denbora tarte mugatuan egitearena. Baina beti ondotik segitzeko deia egiten dugu. Hamabortz egunez hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izan badugu, segi dezagun ohitura horiek mantentzen. Eta entitateen kasuan berdin, ariguneen dinamikarekin segi dezagun, espazioak euskaldunduz eta arnasguneak sortuz, hala, bertako kideek ere euskaraz aritzeko aukera izanen dute». 

Irudiko datuak hobeki ikusteko klikatu gainean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun