Usategietako tradizioaren besta irailaren 25ean Lizarietako lepoan

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 21a, 14:00
Makila-egite erakustaldi parte-hartzailea eginen dute aurten ere usazaleek.

Bi urtez egin gabe egon ondotik, Sara eta Etxalarko usazaleek berriz ere egitarau ederra prestatu dute irailaren 25ean izanen den Usategietako tradizioaren bestarako. Lizarieta-Gaztainlepo eremuan ehiza egin ahal izateko bi herrietako udal ordezkariek hitzarmena berretsi zuten 2011n, eta geroztik urtero sinatu eta bertze urte baterako luzatzen dute. Ekitaldi honen inguruan, urtero, Usategietako jarduera tradizionalaren inguruko ospakizuna egiten dute saratarrek eta etxalartarrek.

Igandean 10:00etatik 13:00etara bertako ekoizleen merkatua eginen dute. Usoak sarean erakusketa ikusgai izanen da, Sarako Ondarearen eskutik. Usazaleen makila-egite erakustaldi parte-hartzailea ere eginen dute eta haurrentzako puzgarriak izanen dira. 10:30etik aitzinera botaluze pilota partida jokatuko dute. 11:30ean Usategietako makila (karrote) botatzeko munduko VII. Txapelketa jokatuko da. Ondotik, nahi duenak makila botatzeko aukera izanen du. 12:30ean Sara eta Etxalar arteko 2011ko irailaren 4ko hitzarmenaren sinadura berretsiko dute bi herrietako alkateek. 13:00etan Sarako Zazpiak Bat dantza taldearen emanaldia. 14:00etan bazkaria: aretxe-haragia izanen da bazkaltzeko Lizarietako zelaian.

Bazkarirako txartelak

Bazkariko menua urteroko bera izanen da: entsalada, bertan zirietan erretako aretze-haragia, gasna, euskal pastela, eta xanpaina, kafea eta likoreak. Txartelak 25 eurotan salgai daude irailaren 21era arte Lizarietako Hordago ostatuan, Sarako Turismo Bulegoan, Herriko Etxeko edantegian eta Pleka trinketean eta Etxalarko Elutsa, Herriko Ostatua, Herriko Okindegia eta Lizaieta Bentan. Hortik goiti, 30 eurotan salduko dituzte. Arratsaldean dantzaldia izanen da Joxe Angel musikariarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun