Etxalarko Usazaleen Elkartea sortu dute «Usategietan egiten den lana aitortzeko»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 21a, 15:00
Etxalarko usazalea karrotea botatzen, Usategietako ehiza postuetako batetik.

Etxalarko Usazaleen Elkartea eratu dute, «Usategietan lan egiten duen taldeari egitura bat emateko, bertan egiten den lana aitortzeko, gisa horretan herriarentzat duen balioa agertu eta taldeak behar duen babesa bildu ahal izateko». Iazko sasoian mahai gainean paratu zuten elkarte hau egiteko asmoa eta udaberri honetan gauzatu da.

Etxalarko Usazaleen Elkartearen erranetan, «orain arte herriaren babesik gabe iraun badu ere, jakina da azken urteetan hainbat zailtasun berri agertu direla, eta, aldi berean, herrian aberastasuna sortzen segitzen du; horregatik, bidezkoa eta zilegi iduritzen zaigu ondasun horretatik zati bat guregana ailegatzea, hori horrela egiteak gure jarduera ekontzen lagunduko badu. Herriko Etxeari, herriko saltokiei nahiz herritarrei zuzentzen diegu deia».

Zailtasun berrien artean honako hauek aipatu dituzte elkarte berritik: Gazteek lana dela-eta sasoia egiteko duten aukera murriztu dela; hegaztien iragaitea aldatu delarik zailago dela sareetan harrapatzea; ordainsaria eskasa izanik ondarea zaintzeko boluntario-lana ekontu behar izatea eta XXI. mende honetan, norbereari begiratzeko kultura gailendu denean, talde-egitura bat ekontzearen erronka...

«Usategietako jarduerak eraginkorra izaten segitzen du»

Usoen salmentatik eratorritako irabaziak urriak izanik ere, elkarteko usazaleen ustez «Usategietako jarduerak eraginkorra izaten segitzen du; Herriko Etxeak gibeleko aldeko ehiza-postuen enkantean irabazten duen kopurua mantentzen da eta urria-azaroan herrira datozen bisitarien kopurua ere bere horretan edo goranzko joeran dela ageri zaigu era horrek herriko saltokietan eragin positibo nabarmena du». Bertze hainbat modutara ere mesede egiten dio herriari Usategietako jarduera bizirik ekontzeak: «erran beharrik ez da, Etxalar herriaren izena Usategietari lotua dela; orain, izenaz gainera izatez ere lotu eta behar dugun laguntza, babesa edo sostengua, helarazi diezagutela espero dugu», diote.

Orain arte egitura propiorik gabe lausoa zen usategien antolaketa, eta agian, horretxek zaildu egin du beharrezko jarioa helaraztea; Elkartea eratzearekin, jario hori abiaraztea espero dute. «Usategien eta herriaren artean hartu-emana bidezko eta berezko den moduan eman dadila!».

Etxalarko Usazaleen Elkarteak horrela galdegiten badu, «beharrezko zaigulako da. Han lanean ari garenok badakigu zer dagoen jokoan, nolako altxorra dugun herrian, hain historia luzea izanik ere oraindik bizirik dirauen sistema edo jarduera honek kultur-ondare gisa duen balioa zinez erraldoia da: Gure aitzinekoengandik etenik gabe jasotako ondarea eta esperientzia luzea dutenen jakituria biltzen dugu Usategietan, eta aldi berean, gazte talde eder baten indarra. Gaur duen balioa hartuko balu lortuko luke aitzinerat segitzeko indarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun