[GUTUNA] Mugak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 30a, 16:00

Uhaina Apezetxek, Ainara Gazteluk eta Mikele Etxekoloneak gutun hau bidali dute TTIPI-TTAPAra migrazio politika gaitzetsi eta pasa den ortziralean Melillan izandako heriotzak salatzeko. 

Badira muga ikusezinak munduan. Muga naturalak, erreka eta mendikateek zehazturikoak. Muga politikoak bai eta hesitutako mugak ere. Muga fisikoak. Mugek mugatzen dituzten pertsonak.

Eta ez zaigu bada kilometro aunitzetara  gelditzen munduko mugarik desorekatuena. Hiru hesi handik eta lubanarro batek bereizten dituena. Ipar eta hego globalaren arteko mugetako bat. Balio eta baliorik gabeko bizitzen artekoa.

Alde batekoa, hegazkina hartuta iritsi da Marrakexeko aireportura.  600 euroko Iphonea lepotik zintzilik duela,  ohartu ere ez da egin milaka pertsonek bizitza galtzen duten muga gurutzatu egin duela. Bertze aldekoak aldiz kilometro luzeak egin behar izan ditu Ceuta edo Melillara ailegatu arte, eta hantxe aurkitu du bere burua Marokoko poliziaren errepresiotik ihesi, batzuei ikusezina zaigun sei metroko hesiaren parean.  Bertze aldean sarbidea ukatuko dion Espainiako polizia zain duela.

Eta bai. Agian, biek dute pasaportea gainean.

Pasatu den ortziralean gertatutakoa  ez da gertaera isolatu bat, Europak azken 20 urteotan aitzinera eraman dituen migrazio politika hiltzaileen bertze ondorioetako bat dugu hau. Europako sarbide legalen faltan, haien herriak utzi eta bizitza duin baten bila abiatzen diren pertsonak arriskuz beteriko bideak hartzera eramaten dituena. Ezin dira aipatu gabe utzi, azken gertakari hauen kausa diren Maroko eta Espainiaren artean migrazio irregularra gelditzeko tratatuak, Frontex eta heriotzen gorakada. CaminandoFronteras Gobernuz Kanpoko Erakundeak eskainitako datuen arabera, 2021. urtean 4.175 hildako eta 229 desagertu egon ziren. Zifra hauek azken hamarkadetako larrienak dira.

Europara sartzeko atea gurutzatzeak, ordea, ez du bizitza bera ere bermatzen. Giza eskubideak hainbertze predikatzen dituen ongizate estatuen baturak badu eta hegorik.  Badu eta Kantauri itsasoan isurtzen den mediterraneorik. Pandemiaz geroztik, Frantziak ezarritako kontrol arrazisten ondorioz jada  bederatzi baitira Bidasoa ibaia gurutzatzeko saiakeran hildakoak.

Europak Afrikari urte luzeetan zehar dena kendu dien horrek, gotorleku bilakatu du bere burua. Kongoko Errepublika Demokratikotik ustiatutako koltanari edota urreari sarbidea ahalbidetu bitartean, deus gabe utzi dituen pertsonen mugimendua ekiditeko milaka oztopo ezarriz.

Sinatua:

Uhaina Apezetxe, Ainara Gaztelu eta Mikele Etxekolonea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun