Haur eskolek manifestaziorako deia egin dute larunbaterako

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 3a, 13:30

Haur eskolen duintasunaren alde bigarren greba eguna dute gaur. Nafarroako 103 haur eskoletatik 43k bat egin dute greba mugagabearekin, eta tartean dira eskualdeko lau: Baztangoa, Berakoa, Leitzakoa eta Lesakakoa. Gaur iragarri dute larunbatean Iruñean manifestazioa eginen dutela.

Manifestazioa 13:00etan aterako da Baluartetik. Hori baino lehen, mobilizazio gehiago eginen dituzte, eta Leitzan, adibidez, ostegunean, maiatzaren 5ean, elkarretaratzea eginen dute, 18:00etan Lopeneko biribilgunean.

Atzo izan zuten lehenbiziko greba eguna eta Sarrigurengo Malkaitz Haur Eskolan bildu ziren haur eskoletako langileak, hango langileen eman zuten prentsaurrekoan elkartasuna adierazteko. 0-3 plataformak adierazi duenez, «zerbitzu minimo gizagabeak jarri dizkiete: hezitzaile bat 0-1 urteko 16 haurrekin, bertze hezitzaile bat 1-2 urteko 24 haurrekin eta bertze hezitzaile bat 2-3 urteko 32 haurrekin». Handik gurasoak udaletxera joan ziren kexatzera eta haur eskoletako langileak haiekin joan ziren.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuan bildu ziren gero, eta han egonaldi zaratatsua egin zuten. Langileen asanbladarekin borobildu zuten atzoko greba eguna.

 
Greba eskolaz eskola

Baztango Haur Eskolan guttieneko zerbitzuak % 50ekoak dituzte. Hiru gela dituzte, bakoitza bi taldetan banatuta eta bi hezitzailerekin. Talde bakoitzeko hezitzaile batek astelehenean, asteazkenean eta ortziralean eginen du greba eta ortzegunean eta ortziralean bertze hezitzaileak. Eta ondoko astean aldrebes. Gauza bera eginen dute garbitzaileekin. Jangelako laguntzaileen kasuan egunero eginen dute lana, baina hiru orduz ari beharrean, ordu bat eta erdiz ariko dira.

Berako Mukixu Haur Eskolan ere guttieneko zerbitzuak % 50ekoak dituzte. Haur eskolan dituzten lau taldeetatik bi talde itxiko dituzte egunero. Aste batean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean, zaharrenen bi taldeak eskolara joanen dira, eta ttikien bi taldeak itxita egonen dira. Ortzegunean eta ortziralean, berriz, zaharren taldeak itxita egonen dira eta ttikienak irekita. Eta ondoko astean aldrebes eginen dute.

Leitzako Itzaire Haur Eskolan grebak irauten duen bitartean hilabeteko aurreneko astelehenean hasita lau egunez haur eskola itxita egonen da; hau da, maiatzaren 2an, 3an, 4an eta 5ean; ekainaren 6an, 7an, 8an eta 9an eta uztailaren 4an, 5ean, 6an eta 7an.

Lesakako Magala Haur Eskolan bertzelako planteamendua egin dute grebari begira. Orain arte zuzendaritza lanak ordutegitik kanpo egin izan dituzte, arratsaldetan, eta zuzendaria goizetan haurrekin egon izan da. Baina greba egunetan «benetako errealitatea» islatu nahi dute eta 0-1 urte bitarteko zortzi haur hezitzaile batekin egonen dira eta 1-2 urteko hamalau haur bertze hezitzailearekin. Orain arte hamalau haurreko talde hori bitan banatuta zuzendariak egin izan ditu hezitzaile lanak.

Bertzalde, Nafarroa osoan 0-3 zikloaren aldeko sinadurak biltzen ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun