Haur eskoletan lan baldintza duinak aldarrikatzeko borrokak aitzinera segitzen du eta azken hilabeteetako borrokaren ondotik deus lortu ez dutela ikusita, greba mugagabea hastea erabaki dute. Greba heldu den astelehenean, maiatzaren 2an, hasiko da eta Baztan, Bera, Leitza eta Lesakako haur eskolek bat egin dute.
Nafarroako hainbat haur eskola biltzen dituen 0-3 Plataformako ordezkariak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) ordezkariekin bildu dira aste honetan. Plataformak ohar bidez adierazi duenez, bileran «azken hilabeteetan aldarrikatzen ari garen gaiak landuko dituen negoziazio mahai bateko partaide aktibo izateko eskaera» egin zuten, eta horrekin batera, «eskoletan egunero dugun muturreko egoera eta gure lan prekarietatea deskribatzeko probestu» zuten.
Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariaren jarrera ere salatu dute: «Harrotu egin zen bere gobernua 0-3 zikloaren inguruan egiten ari den politikez solastatzerakoan, eta gure patronalak udalak direla azpimarratu zuen. Esku hartzen utzi zigun aldi bakanetan erantzuten saiatu ginen, gobernuak egindako keinuak hagitz eskasak direla eta zikloarekin konpromiso politikoa beharrezkoa dela argituz».
Bileran NUKFko presidenteak eta lehendakariordeak ere parte hartu zuten, eta plataformaren arabera, «hezkuntzak erantzukizun guztia toki administrazioen esku uztea ez zaiela gustatzen adierazi zuten, baita zikloaren finantziazioa ez dela nahikoa ere».
Atzoko saioan erakunde bat ere sortu zuten. Hezkuntza Departamentuaren asmoa erakundea NUFKk, Hezkuntza Departamentuak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak osatzea da, eta plataformak momentu jakinetan parte hartzea, hau da, «gure parte hartzea beharrezkoa izan daitekeela erabakitzen denean». Proposamen hori, ordea, ez du begi onez jo plataformak. «NUKFk adierazi zigun talde eragile horretan plataforma parte hartzaile aktibo izatea proposatu zuela, baina Hezkuntza Departamentuak ezetz erran zuela». Gaineratu dutenez, «federazioak unean uneko parte hartzea greba indargabetzeko nahikoa zen galdetu zigun, baina konpromiso zehatzik eta egutegirik gabe, eskaintza guztiz eskasa da, eta horrekin bakarrik ez dugu greba bertan behera utziko».
Greba eskolaz eskola
Baztango Haur Eskolan, astelehenetik aitzinera guttieneko zerbitzuak % 50ekoak izanen dira. «Guk hiru gela eta gela bakoitzean bi talde eta bi hezitzaile ditugu. Bada gela bakoitzean, egunean bi hezitzaileetako batek greba eginen du eta egun horretan bere taldea ez da haur eskolara joanen. Hezitzaile batek astelehenean, asteazkenean eta ortziralean eginen du greba eta ortzegunean eta ortziralean bertze hezitzaileak. Eta ondoko astean aldrebes». Gauza bera eginen dute garbitzaileekin: «bi garbitzaileak ere txandaka ibiliko dira, aste batean astelehenean, asteazkenean eta ortziralean batek eginen du greba, eta ortzegunean eta ortziralean bertzeak, eta ondoko astean aldrebes». Jangelako laguntzaileen kasuan egunero eginen dute lana, «baina hiru orduz ari beharrean, ordu bat eta erdiz ariko dira». Gaineratu dutenez, haur eskolaren erdia erabiliko dute. Beraien hitzetan, «denendako arras gogorra da, baina orain arte ez da deus lortu eta hau denon afera da».
Berako Mukixu Haur Eskolan ere guttieneko zerbitzuak % 50ekoak izanen dira. «Langileen greba eskubidea eta haurren ongizatea bermatzeko» honela antolatu dituzte greba egunak: «Lau talde ditugu, eta egunero bi talde itxiko dira eta bertze bik funtzionatuko dute. Aste batean, astelehenean, asteartean eta asteazkenean, zaharrenen bi taldeak eskolara etorriko dira, eta ttikien bi taldeak itxita egonen dira. Ortzegunean eta ortziralean, berriz, zaharren taldeak itxita egonen dira eta ttikienak irekita. Eta ondoko astean aldrebes eginen dugu». Onartu dute, «esfortzu kolektiboa» eskatzen duen greba dela, «ez dela inorentzat goxoa, eta guk ere nahiago genuke gauzak bertze modu batera moldatu izan balira». Baina aldi berean, «behetik presioa egitearen garrantzia» nabarmendu dute.
Leitzako Itzaire Haur Eskolan grebak irauten duen bitartean hilabeteko aurreneko astelehenean hasita lau egunez haur eskola itxita egonen da; hau da, «maiatzaren 2an, 3an, 4an eta 5ean; ekainaren 6an, 7an, 8an eta 9an eta uztailaren 4an, 5ean, 6an eta 7an». Jakinarazi dutenez, «gutxieneko zerbitzuei dagokionez, guri ez dizkigute ezarri, horregatik, egun horietan haur eskola osotara itxita egonen da».
Lesakako Magala Haur Eskolan bertzelako planteamendua egin dute grebari begira: «Orain arte % 130 egiten aritu gara, eta greban % 100 eginen dugu». Kontatu dutenez, «orain arte zuzendaritza lanak ordutegitik kanpo egin izan ditugu, arratsaldetan, eta zuzendaria goizetan erabat haurrekin egon izan da. Gisa horretara kalitatezko zaintza eskaini nahi izan dugu. Baina greban benetako errealitatea zein den ikusiko da. 0-1 urte bitarteko zortzi haur hezitzaile batekin egonen dira eta 1-2 urteko hamalau haur bertze hezitzailearekin. Orain arte hamalau haurreko talde hori bitan banatuta zuzendariak egin izan ditu hezitzaile lanak, baina astelehenetik aitzinera harrera ez da guk nahi bezalakoa izanen».
Bertzalde, guraso talde batek 0-3 zikloaren aldeko sinadura bilketa abiatu du.
Mozioa alde batera
0-3 Plataformaren aldarrikapenak babesteko lau puntuko mozioa aurkeztu zuten atzo EH Bilduk, Ezkerrak eta Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan, baina PSNren eta Navarra Sumaren aurkako botoekin ez zuten aitzinera atera. Mozioan, bertzeak bertze, 0-3 zikloa duintzea eskatu zuten, «ziklo horren kalitatea, unibertsaltasuna, doakotasuna eta lan-baldintzen hobekuntza bermatzeko». Horrekin batera, NUKFren ekimena babestea izan zen bertze eskaera, udalekin, Nafarroako Gobernuarekin, sindikatuekin, Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden taldeekin eta 0-3 Plataformarekin lan mahaia sortzea, «zikloa hobetzeko ekarpenak egiteko konpromiso aktiboa hartuz».
Hezkuntza Departamentuari moduluen kalkulua kostu errealera egokitzeko eskaera ere bildu zuten mozioan, «eskumena erabat argitzea erabakitzen den bitartean, udalek beren gain hartu behar duten zenbatekoa orekatzeko eta finantzazio sistema egoki eta egonkorra bermatzeko». Eta laugarren puntuan, «izenpetutako akordio guztiak behar den garaian eta moduan betetzeko» eskatu zuten.
Atzoko lan saioan izan ziren plataformako ordezkariak eta, eta alde batetik, «eskerrak» eman nahi izan dizkiete mozioa babestu zuten parlamentuko ordezkariei, «ahotsa emateagatik eta gure aldarrikapenak agenda politikoetan ezartzeagatik». Baina bertzetik, PSN eta Navarra Sumaren jarrera kritikatu dute: «Gogorra izan zen PSN eta Navarra Suma aditzea, berriz ere guttietsi eta tratu txarrak eman dizkigutelako». Gaineratu dutenez, «PSNk ez du autokritikarik egiten eta harro dago 0-3 zikloarekin hagitz ongi ari dela erranez. Ez dira ohartu greba mugagabea ate joka dutela eta erantzukizunak saihesten segitzen dute. Navarra Sumak kolektibo gisa zilegitasuna kendu digu, nor ordezkatzen dugun zalantzan jarriz. Iraingarria eta errespeturik gabea izan da».