Lan baldintza duinak aldarrikatzeko Nafarroako haur eskola andanatan mobilizazioak egin dituzte asteburu honetan, baita eskualdean ere. Baztan eta Berako haur eskoletan itxialdiak eta elkarretaratzeak egin dituzte, eta Lesakan eta Leitzan elkarretaratzeak.
Beran, adibidez, ortziraletik igandera bitarte itxialdia egin zuten langileek. Horrez gain, ortziralean udal ordezkariekin bildu ziren, eta larunbatean familiekin. Igande eguerdian Baldintza duinen alde, ratioen jaitsiera lelopean Mukixuko aparkalekuan egindako elkarretaratzearekin borobildu zituzten mobilizazioak.
Lesakan, berriz, larunbat goizean hamaiketakoa egin zuten haur eskolan, eta horrekin batera, egoeraren berri emateko bideoa ikusteko aukera izan zuten bildutako familiek eta udal ordezkariek. Horren ondotik, Haur eskolak SOS, pertsonala bikoiztu orain eta baldintza duinak aldarrikatuz plazan bildu ziren elkarretaratzea egiteko.
Leitzan atzo goizean elkartu ziren. Lehenbiziko, haur eskolan hamaiketakoa egin zuten eta handik plazarako bidea elkarrekin egin zuten. Han elkarretaratzea egin zuten.
Baztanen ortzirale arratsaldean ekin zieten protestei. Elizondon eta Baztango bertze hainbat txokotan pankartak paratzen eta informazioa banatzen ibili ziren. Gero, afaria egin zuten udal ordezkariekin eta guraso elkartearekin. Atzo eguerdian hainbat herritar bildu ziren Elizondoko plazan egindako elkarretaratzean.