2001ean sortu zen 0-3 Nafarroako haur eskolen plataforma, «hasmentan aldarrikapen orokorragoak egiteko; denon hezkuntzarako eskubidea, 0-3 urte bitarteko zikloa arautzen duen dekretua, zikoaren dohakotasuna…». Orain, bi aldarrikapen nagusi dira haien jomuga; ratioak murriztea eta lan baldintzak duintzea. Gainera, aldarrikapenekin «deus gutti» lortu dutela ikusita, mobilizazioak hastea erabaki dute, «ea behingoz aditzen diguten».
Ratioak, Europako bikoitzak
Haur Hezkuntzako lehendabiziko zikloan, hau da, 0-3 urte bitartekoan, Nafarroako ratioak Europakoen bikoitzak dira. «Adibidez, Danimarkan titikoen gelan hezitzaile bakoitzarendako hiru haur diren bitartean, Nafarroan, zortzi ume ditugu. Ertainen gelan, 1-2 urte bitartekoan, Italian hezitzaile batek sei haur ditu; Nafarroan aldiz, 12. 2-3 urtekoen geletan, Frantzian zortzi ume daude bidelagun bakoitzarendako; Nafarroan, berriz, 16». Begi-bistakoa da, «zenbat eta haur gehiago izan, orduan eta zailagoa da kalitatezko zainketa eskaintzea».
Talde ttikiagoak eskatzen dituzte, «haurrek merezi duten zaintza duina» eman ahal izateko, «ez baita berdina zortzi umerekin edo lau umerekin egotea, ez helduondako, ezta haurrendako ere. Haien beharrak asetzeko, denbora eta atentzioa behar-beharrezkoak dira». Egoera honek «aldaketa sakona» behar duela argi dute, eta hau «guztion beharra» dela; «haurtzaroa zaintzea ez baita hezkuntza-komunitatearen ardura bakarrik, jendarte osoarena baizik. Haurrak, etorkizuna direlako, baina baita oraina ere».
Lan baldintza «jasanezinak»
Nafarroako zentroetako langileek ez dute hitzarmen probintzialik, ezta langileen antzinatasunik ere, «gainera, soldata estatuko XII. hitzarmen kolektiboan zehaztutakoaren azpitik dago». EAEko haur eskoletan 1.772,79 euro kobratzen dituzte eta antzinatasuna kontuan hartzen dute, Nafarroan berriz, antzinatasunik gabeko 1.229,65 euroko 12 paga dituzte urtean. Gainera, hainbat eskola udaleko azpikontratak dira, langile ez-zuzenekin. Ondorioz, bortz edo hamar urtetik behin enkanteak egiten dituzte eta langileek hezkuntza proiektua aurkeztu behar izaten dute, «horrek dakarren lan eta ziurgabetasunarekin».
Hala ere, «makurrena» ratioak direla azpimarratu du Goñik. Izan ere, Nafarroarekin alderatuta eta haur kopuru berdinarekin, EAEn langileen bikoitzak egiten du lan. «Ratioak jaisteko eskatzerakoan, ez ditugu haurrak kanpoan utzi nahi, guztiz kontrakoa, langile gehiago eta lan baldintza hobeak eskatzen ari gara».
Baztan Haur Eskola
Nafarroako egoera berdinean daude Elizondoko haur eskolako langileak; «gainezka, amorruz eta nekatuak, esaldi batean laburtzearren, 'nahi baina ezin'». 66 haur dituzte gaur egun; titikoen gelan 16, hiru hezitzailerekin (teorian covid-laguntzaren ardura du hirugarrenak), 1-2 urtekoen gelan 24 haur eta bi hezitzaile, eta 2-3 urte bitartekoen gelan 26 haur eta bi hezitzaile. Zuzendariak, Goñik, bulegoko lanak eta gelakoak uztartzen ditu. Bi lagun aritzen dira garbiketan eta bertze bi pertsona jangelan laguntzen. Denetara, 12 lagunek osatzen dute Baztan Haur Eskolako lantaldea.
«Haurrak etorkizuna dira, baina baita oraina ere»
Kristina GOÑI ETXENIKE, Baztan Haur eskolako zuzendaria
Familiei «argi eta garbi» azaldu diete egoera hasmentatik, eta aldarrikapenetan parte hartzen dute haiek ere. Gainera, ortzegunak erreibindikazio egunak dira Elizondon eta marea horia nagusitzen da Baztan Haur Eskolan; «Kamiseta horiak paratzen ditugu haur, lankide eta familia batzuk, gure leloarekin: Haur eskolen duintasunaren alde». Gainera, pankarta bat paratzen dute eskolako atarian, Haur eskolak SOS eta 0-3 duina eta zatitu gabearen alde leloekin, bertzeak bertze.
Hala ere, Baztango Udalak ikerketa ekonomikoa abiatu du, haur eskola publifikatu daitekeen edo ez baloratzeko. «Baiezkoa lortuz gero, ikaragarria izanen litzateke. Bai helduon, baita umeen baldintzak ere nabarmen hobetuko lirateke. Momentuz, erantzunaren esperoan gaude». Izan ere, kudeaketa ez-zuzena duten haur eskolak dituzte egoera okerrenak. «Kudeaketa zuzena duten zentroen kasuan, hots, publikoetan, franko baldintza ekonomiko hobeak dituzte». Hala ere, ratioak berdinak dira denendako, eta «salbuespen gisa udal gutti batzuk langile gehiago bere gain hartzen dituzte».
Aspaldiko arazoa
«Nafarroan ratioak beti izan dira lotsagarriak». Hezitzaileek hau aldatzeko unea dela erabaki dute; «duintasuna da aldarrikatzen duguna, bai umeendako baita hezitzaileondako ere». 2001ean sortu zuten 0-3 plataforma, eta geroztik hainbat aldarrikapen egin dizkiote Nafarroako Gobernuari. Hasmentan, helburu orokorragoak zituzten; denondako hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzea, Hezkuntza Departamentuak 0-3 urte bitarteko zikloa arautzen duen dekretu bat garatzea, ratioak Europakoekin parekatzea, langileen titulazioak zehaztea, zikloaren dohakotasuna… «Lan handia egin zen urte luzez, baina fruitu gutti hartu genituen, eta jendea nekatzen joan zen, baztertuak sentitzen ginen». Plataforma desagertzekotan bazegoen ere, duela bi urte indarra hartu zuen berriz ere, eta gaur egun «jende kopuru adierazgarria gaude egoera aldatzeko borrokan».
Ratioak jaistea eta lan baldintzak duintzea dira haien helburu nagusiak, eta bi lan- ildo hauek zehaztuta, borrokara batzeko deialdia egin diote gizarteari. «Egun batetik bertzera aldaketa zaila izanen dela pentsatzen badugu ere, lan eta borroka horretan pausoak ematen ari gara eta bada garaia jendarteak ere kontzientzia hartu eta lan horretan jarduteko. Beharrezkoak diren pauso guztiak emateko prest gaude, eta borroka honetan sinesten dugu, denon ongizatea baitugu helburu».
Plataforma irekia da, «edozein haur eskola edota norbanako sar daiteke bertara». Haur eskoletako ordezkariek osatzen duten lantalde motor batek antolatzen ditu mobilizazioak, «eta horietan, noski, edozeinek parte har dezake». Azken aldian mobilizatzen diren familien kopurua handitu da, eta jendea animatu dute, «gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, guztiok garelako beharrezkoak».
Marea horia
Orain arte, politikoekin elkartu eta mintzatu da plataforma, elkarretaratzeak egin dituzte, prentsara idatziak bidali dituzte… baina gaur egun, «bide administratiboa bertan behera uztea» erabaki dute eta mobilizazioetan jarri nahi dute indarra, karrikak marea horiarekin estaltzeko helburuarekin. Horretarako elkarretaratzeak, prentsa oharrak, kotxeen karabanak, itxialdiak eskoletan, aldarrikapen jolasguneak eta bertze hainbat ekimen egiteko asmoa dute, «gobernuarekin negoziatzeko mahai bat lortu arte».
Greba egitea ere ez dute baztertu; «batzuk arras garbi ikusten dugu zerbait lortzeko modu bakarra dela, baina egia da beldurra dagoela, Nafarroa zabala baita eta tokian tokiko egoerak arras desberdinak baitira». Hasmentan «guttik» baloratzen zuten aukera, «baina erranen nuke geroz eta gehiago garela greba egitearen alde gaudenak». Mobilizazioak antolatzen ari dira horretarako, «eta haur eskola gehienak, familia eta herritarrekin batera, animatzeko esperantza dugu. Poliki-poliki goaz, pausoz pauso, baina helburu garbiarekin: 0-3 zikloaren duintasuna bermatzeko mahai negoziatzailea lortzea».
Goñik argitu nahi izan duenez, «borroka honetan ez goaz udalen kontra, Nafarroako Gobernuak haurtzaroa zaintzeko eta hezkuntza kudeatzeko dituen neurri eta erabakien kontra baizik».
Lehendabiziko zikloaren garrantzia
0-3 urteko tartea, 3-6 zikloarekin batera, «gure bizitzako etapa garrantzitsuenetarikoa da. Adin tarte horretan ditugun bizipen eta harremanak zehazten dute norbanakoaren identitate eta nortasuna, haurtzaroan bizitakoa aitzinerago nolabait islatuz. Horregatik haurtzaroa errespetatu, baloratu, maite eta zaindu behar dugula sinesten dugu».
«Geroz eta gehiago gara greba egitearen alde gaudenak»
Kristina GOÑI ETXENIKE, Baztan Haur eskolako zuzendaria
Haur Hezkuntzaren kudeaketa Nafarroan «kaskarra» izan baldin bada orain arte, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak egindako proposamenak «mila zatitan puskatu gaitu». 0-3 zikloa zatitu nahi du eta bi urteko gelak bigarren zikloko eskola publikoetan ireki. «Haur eskola batzuetan adin horretako haur gehiegi daudela eta, erantzun bat emateko gezurrarekin mozorratu du bere proposamena. Guk, ordea, ez dugu bere irtenbidea inolaz ere babesten. Pertsonala bikoiztuz gero, berak dioen gehiegizko haur kopuru hori primeran egonen litzateke haur eskoletan».
«0-3 zikloa erditik banatzea ikaragarrizko astakeria iruditzen zaigu. Haur hezkuntzako bigarren ziklotik aitzinera irekita dauden ikastetxe gehienak ez daude prest bi urteko haurren beharrei erantzuteko».Langileei ere eraginen lieke neurri berriak; «hainbat haur eskola hesteko arriskuan egonen lirateke eta hezitzaile eta langile aunitz soberan geldituko lirateke. Kontuan hartzekoa da, gainera, hezitzaile gehienek goi zikloko ikasketak dituztela eta beraz, ezin izanen luketela bigarren zikloan lan egin».
Mobilizazioak
Egoera aldatzeko helburuarekin, 0-3 plataformak hainbat ekimen antolatu ditu azken hilabetean Iruñean. Martxoaren 11tik 13ra itxialdiak eginen dituzte eskoletan, haien artean Beran eta Elizondon. Igandean elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan 12:30ean eta herritarrak bertaratzera animatu dituzte. Bertze elkarretaratze bat eginen dute hilaren 26an, eta apirilaren 7an «eskola bakoitzean grebara joan ala ez baloratuko dugu». Apirilaren 9an Iruñean aldarrikapen jolasgunea egiteko asmoa dute eta 23an greba aitzineko langileen batzarra eginen dute. «Greba egitea erabakiz gero, maiatzaren 2an hasiko genuke. Ez dakigu zenbat denboraz, aste batekoa izan daiteke edo mugagabea, baina lortzekotan, denon artean lortuko dugu».
Hezitzaileen borrokan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, «haurtzaroa zaintzeko eta maitatzeko apustua denona izan behar dela pentsatzen dugulako. Haurrengatik, familiengatik, hezitzaileengatik… jendarte osasuntsuago eta duinago batengatik. Batu gure borrokara!».
ESKUALDEKO HAUR ESKOLAK
Leitzako Itzaire Haur Eskola
Sei hezitzailek eta sukaldeko laguntzaileek osatzen dute Itzaireko lantaldea, eta 36 haur dituzte aurten. Leitzako Udalak zuzenean kudeatzen du eskola, eta «kalitatezko zerbitzuaren aldeko apustua» egin du. Nafarroako Gobernuaren «utzikeria eta ardura falta konpentsatzeko egindako ahaleginei esker», langileek «lan baldintza duinak» dituzte. Hala ere, bat egin dute plataformaren salaketarekin eta «ziklo honen izaera hezitzailea aitortzea» eskatu diote administrazioari, «gainerako hezkuntza komunitateko kideen lan hitzarmenarekin bat egiteko». Irtenbidea «zikoari dagokion lekua ematea da: doakoa, publikoa eta unibertsala». Familiek erakutsitako babesa azpimarratu nahi izan dute; «askok gure helburuarekin bat egin dute».
Lesakako Magala Haur Eskola
19 haur zaintzen dituzte Magalan, bi gelatan banatuak. Zuzenbidean, gela bakoitzak hezitzaile bakarra du, baina 0-1 urtekoak zaintzeko egunean bi orduz laguntzaile bat gehiago dute eta 1-3 urteko gelaren erdiaz zuzendaria arduratzen da, «zuzendaritzako lanak lanorduetatik kanpo eginez». Ezarritako ratioekin lan egitea «ezinezkoa» dela eta egin beharreko lan guztia «hilabete bukaeran hartutako soldatarekin bat ez datorrela» adierazi dute langileek. Nafarroako Gobernuak «plataformako langile eta familiak serio hartzen ez dituela» salatu dute; «ziklo honen duintasuna aldarrikatu behar dugu. Argi dago zerbait egin behar dugula egoera hau aldatzeko. Mobilizazioekin hasi gara eta behar izanez gero, greba planteatu daiteke».
Berako Mukixu Haur Eskola
Mukixuko langileek haurrei behar bezalako arreta ematea lortu dute, «gure esfortzu pertsonalaren ordainetan». Langile guztiak haurren zaintzan dabiltza 07:30etik 16:30era, «eta alderdi administratiboko lanak eskola orduetatik kanpo egin behar ditugu». 41 haur dituzte matrikulatuak, zazpi hezitzailek, sukaldariak eta bi garbitzailek osatzen dute lantaldea, eta «hagitz nekatuak» daude. Ratioak «basakeria» direla salatu dute, «haurren ongizate fisiko, psikiko eta emozionala baldintza horietan bermatzea ezinezkoa da». Gimeno kontseilariaren proposamena «guztiz erabaki okerra» dela adierazi dute, «haurren zaintza delikatua eta kontzientea izan behar da. Haurtzaroa zaindu beharreko harribitxia da».
Doneztebeko Askin Haur Eskola
Doneztebeko Udaleko eskola da Askin, eta publikoa eta ttikia izateak «bere abantailak» ditu. 31 haur dituzte bertan, gela bakoitzeko hezitzaile batekin, eta zuzendari, sukaldari garbitzaile eta jangelako laguntzailerakin osatzen dute lantaldea. Nafarroako Gobernuko arauek ezarritakoa betetzen dute, «baina ez da aski, ratioak handiegiak dira eta ez dugu lan-hitzarmenik. Haur ttikiekin ari gara lanean, ez makinekin, eta lana ongi egiteko eta kalitatezko hezkuntza bat lortzeko baldintza onak behar ditugu». Ratioen jaitsiera eta lan hitzarmen baten sorrera «beharrezkoak» ikusten dituzte. Gimenoren proposamenaren aurkakoak dira; «ongi dago gure zikloa hezkuntzan sartzea eta dohainik izatea, baina puskatu gabe, 0-3 adin tarteak ezaugarri bereziak baititu».