Eskubidez jositako borrokaren eguna dugu gaurkoan, nola ez, denon arteko batasunaren aldarrikapenak gogor oihukatzeko beharraren sentsazioa plazaratuz, hala nola, bakoitzak bizi dituen emozio nahasien indarra batuz, eta horrexetarako bildu gara zonaldeko haur eskoletako langileria guztiak, Bera, Leitza, Lesaka eta Baztan haur eskolakoak, denon arteko osotasun bat osatuz, borroka honi ausardiarekin eutsiz!
Dakizuenez, gaur egun haur eskoletan bizitzen ari garen egoera ez da batere xamurra, ez baitiete kasu zipitzik ere egiten gure aldarrikapenei. Horrexegatik biharko eguna kontutan hartuta, Nafarroako haur eskolak greba mugagabera goaz, behar diren erantzukizunei hordagoa botaz. Puntu honetara aitzinetik izan diren egoera penagarriek bideratu gaituzte, batez ere Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta hainbat alderdi politikoren eta Txibiteren iruzur taldearen balio falta maila itsusiak. Barnekotasunetik ateratako haserre eta frustrazio maila haundiek inoiz baino elkartuago sentiarazi gaituzte hau aitzinerat eramateko, hau baita denon eskubideen alde egitea eta denok bat izatea; udalak, familiak, langileak, gizarteak eta nola ez gure altxorrik preziatuenak, hain zuzen gure ttikiak, kontutan hartuz.
Lotsamangarria da, une honetara ailegatzeak zer nolako barne tristura sortzen digun... Adostasun batera ez ailegatzeak, eskola guzietan berdintasun zehatzik ez izateak, lan baldintza kaotikoak sorrarazi dizkigute, hala nola, zerbitzu minimoetarako mehatxuak eginez. Ez al gara ba denak haur eskolak? Komenigarritzat jotzen dutenean, Nafarroako haur eskolak idealak gara, behin eta berriz erakusleihotzat hartuz. Baina errealitate gordina plazaratzen diegunean, gibeletik jorratutako mehatxu zikinak indartu egiten dituzte, jauntxo aberasgarriak izanez.
Gobernukoak izateagatik ez pentsa beraien harrotasunak ttiki sentiarazten gaituenik; errealki sentitu eta bizitzen dugun emakumeen zaintza taldea gara, haurtzaroa osotasunean hartzen dugun bidelagunak, sentsibilitatearen berotasuna haur eskoletan hurbiletik bizi dugunak. Ba al dakite beraiek benetako sentsibilitatea zer den? Edo beraien hiztegian azpijoko zikinen hitzak familiarragoak egiten al zaizkie, hala nola, ez baloratzea eta etiketak jartzea? Zer uste dute hierarkia maila altuan egoteagatik pertsona hobeagoak direla? Usteak erdi ustel, frustrazio, haserre eta inpotentzia maila altu honek garbi adierazi digu gizarte honetan berekoitasunetik bakarrik begiratzen dela, beraien txotxongiloak bagina bezala sentiaraziz. Baina ez! Ez gaude prest hori onartzeko, beraien izatearekin eta ustelkeriarekin ez baitugu bat egiten.
Ez dugu ulertzen zergatik ez diote gure aldarrikapenei erantzunik eman nahi, edo negoziazio mahai bat sortu nahi, bertan planteatzen diren eskubideei erantzuna emanez. Non dago benetako enpatia, errespetua edo ulergarritasun maila? Uste dugu eskatzen duguna beharrezkoa dela, hau da, 0-3 zikloa duintzea ziklo honen kalitatea, unibertsaltasuna, doakotasuna eta lan-baldintzen hobekuntza bermatzeko, hala nola, ratioak jautsiz edo langileria bikoiztuz eta finantzaketa moduluak igoz.
Haurtzaroa, errealki kontutan hartu beharreko erdigune pribilegiatua dugu gure haur eskoletan, behar zaion zaintza, kalitatea eta ongizatea eskainiz. Haurra baita bere izateak bereizten duen altxorra. Izate honek elkartasuna, sentsibilitatea eta barkatzeko gaitasuna ematen dizkigu; keinu ttiki batekin hunkituz, ttikitasunaren handitasuna ulertuz, hurbiltasunez zainduz... horixe baita izatea eta haztearen arteko loturaren maitasuna.
Denen belarrietara ailegatu dadila egoera penagarri hau! Haurtzaroari eta bertako langileei behar duten balioa, duintasuna eta errespetua eman. Hori baita benetako haurtzaroaren oinarrizko altxorra, hasitako heziketa prozesu horren bizia...
Haur eskolen elkartasunagatik, duintasunez zaindu dezagun.
Denon artean lortuko dugu