LABek manifestazioak eginen ditu Leitzan eta Donezteben Langilearen egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 28a, 10:00

Maiatzaren 1ean 12:00etan hasiko dira bi mobilizazioak

Langilearen Nazioarteko egunean bi manifestazio eginen ditu LAB sindikatuak gure eskualdean; Donezteben eta Leitzan. Doneztebekoa 12:00etan Avia gasolindegitik abiatuko da, Leitzakoa, berriz, herriko plazatik ordu berean.

Aurtengo maiatzaren 1ean «zaintza lanen, enpleguaren eta ondasunaren banaketa» aldarrikatuko dituzte. «Guk argi dugu, alternatiba egon badagoela, baina horretarako burujabetza behar dugu. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan kodea eta Euskal Gizarte Segurantza erraterako, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko».

Baztan Bidasoan, «aldaketa horiek posible egiteko borroka anitz abian daude. Langile zein pentsionistak eros ahalmenaren defentsan egiten ari diren borrokak, proiektu txikitzaileen aurka abian dauden erresistentziak, Nafarroako lehen hitzarmena eskuratzeko zaintza sektoreko langileen greba eta mobilizazioak, haur eskoletan eta anbulatorioetan zerbitzu duinaren aldeko borrokak, Elizondon elkartutako gazte borrokalariak...».

Borroka hauei «lekukoa» eman nahi diete eta langile hauei «aitortza» egin nahi diete. Horregatik, eskualdeko langile eta herritar guziak manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. «Egun berezia eta hunkigarria espero dugu, aldarrikapen guztiak mahaigaineratu eta elkarrekin ospatzeko baliagarria izanen dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun