Manifestazioa eginen du LABek Donezteben maiatzaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 22a, 15:00

Aurtengo Langilearen egunean «zaintza lanen, enpleguaren eta ondasunaren banaketa» aldarrikatuko dituzte

Baztan-Bidasoako LABek gaur egindako agerraldian adierazi duenez, «langileok eta oro har herritarrok kalera ateratzeko arrazoi anitz ditugu. Langileak gero eta pobreagoak gara, prezioak gero eta gehiago ari dira hazten, zerbitzu publikoek ez dituzte herritar guztien osasuna, hezkuntza edota etxebizitza beharrak asetzen. Bizitzari eusteko ezinbertzekoak diren zaintza lanek emakumeen bizkar jarraitzen dute». Horregatik, maiatzaren 1ean, Langilearen Nazioarteko egunean, manifestazioa eginen dute Donezteben 12:00etan Avia gasolindegitik abiatuta.

Sindikatuak adierazi duenez, «lehen pandemia eta oraingoan gerra, baina batean nahiz bertzean betiko aitzakia berak, aberastasuna modu desorekatuan banatzeko arrazoi interesatuak. Aberastasuna egon badago, baina elite ekonomiko-politikoek gutxi batzuen interesetara bideratzen dute dirua, hala nola, gastu militarretarako zein Magna, Milotxuri, Aroztegia edota AHT-a bezalako proiektu txikitzailetarako. Hau guztia, eskualde honetan gizarte segurantza itxita mantentzen duten edota lehen arretako anbulatorioetan pertsonala falta den bitartean. Finean, testuinguruak aldatzen dira, baina oinarrian dagoen arazoa bera da; egungo sistema ekonomiko eta soziala bidegabea izateaz gain, bideraezina da».

Aurtengo maiatzaren 1ean «zaintza lanen, enpleguaren eta ondasunaren banaketa» aldarrikatuko dituzte. «Guk argi dugu, alternatiba egon badagoela, baina horretarako burujabetza behar dugu. Euskal Herrian egin ahal izateko estatu tresnak behar ditugu: Euskal Lan kodea eta Euskal Gizarte Segurantza erraterako, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatu ahal izateko».

Baztan Bidasoan, «aldaketa horiek posible egiteko borroka anitz abian daude. Langile zein pentsionistak eros ahalmenaren defentsan egiten ari diren borrokak, proiektu txikitzaileen aurka abian dauden erresistentziak, Nafarroako lehen hitzarmena eskuratzeko zaintza sektoreko langileen greba eta mobilizazioak,  haur eskoletan eta anbulatorioetan zerbitzu duinaren aldeko borrokak, Elizondon elkartutako gazte borrokalariak...».

Borroka hauei «lekukoa» eman nahi diete eta langile hauei «aitortza» egin nahi diete. Horregatik, eskualdeko langile eta herritar guziak manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. «Egun berezia eta hunkigarria espero dugu, aldarrikapen guztiak mahaigaineratu eta elkarrekin ospatzeko baliagarria izanen dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun