Ezkontzak inoiz baino gogo gehiagorekin ospatzeko ordua

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 30a, 18:00

Heldu da udaberria, eguraldi ona eta ospakizunen garaia. Pixkanaka normaltasunera bueltatzen ari garela dirudi, eta aspalditik ezkontzea pentsatua zutenek orain dute aukera paregabea. Gaur egun, mila modutan ospatu daiteke egun berezi hau; zeremonia intimoak, ospakizun handiak, besta tematikoak, ezkontza eleganteak… Zure aukera edozein dela ere, ezinbertzekoa da prestaketak denborarekin egitea eta eguna ongi ateratzeko beharrezkoa den guztia kontuan hartzea: lekua, gonbidatuak, arropa, orrazkera, musika, loreak…

Ezkontza batean pentsatzean, jantzi eleganteak dira burura etortzen zaigun lehenbiziko gauza. Armairuan dauzkagun arroparik hoberenak ateratzeko eguna da, edo beharbada soineko edo traje berri bat erosteko aitzakia. Baina tradizioak hausteko garaia da, dotoretasuna mila modutan uler daiteke eta beraz, janzteko mila modu daude. Boda pertsonalizatuak dira azken joera, ezkongaien nahierara, ospatzeko eguna baita eta garrantzitsua da eroso egotea.

EZKONGAIEN ESTETIKA

Estetika naturala da azken urteetako joera nagusia, makillaje sotilak eta serioak ez diren orrazkerak. Larruazal osasuntsu eta distiratsuen ordua da, nude koloreko makillajearekin. Naturaltasunaren edertasuna nabarmendu nahi da, larrua sobera estali gabe. Krema argitzaileak, koloretea eta ezpain-distira izanen dira aurtengo ezkontzetako izarrak.

Ileari dagokionez, kolore naturalak eta orrazkera informalak izanen dira nagusi. Ez dugu aldaketa erradikalik bilatuko, daukaguna hobetzea baizik, puntak moztuta adibidez. Apaingarriak ere aukera ona izan daitezke; loreak, koloretako harribitxiak, diademak edo ezkontza-belo tradizionalak.


OSPAKIZUNAREN LEKUA

Ezkontza non ospatuko den erabakitzea ez da beti erraza, gonbidatu guztiak sartzeko lekua bilatu behar baita. Zorionez, gure eskualdean baditugu jatetxe handiak, jangela zabalekin, bazkaltzeko, dantzatzeko eta besta egiteko lekuarekin. Gomendagarria da denborarekin erreserbatzea, lekua lortuko dugula ziurtatzeko.

Aire zabalean nahiz terrazetan, kanpoan egindako ezkontzak gero eta ugariagoak dira, eta eguraldia lagun baldin badugu, kontuan hartzeko aukera ona dira. Estetika naturalago bat bilatzen dute aunitzek, fibra naturaleko ehunekin egindako mahai-oihal, ahozapi eta dekorazioarekin. Gainera, kanpoan argazkiak ikusgarriagoak izan daitezke, paisaia onarekin, hobeki. Hala ere, komeni da karpa edo aterperen bat edukitzea, eginen duen eguraldia asmatzea ez baita beti posible.

LORE KOLORETSUAK

Loreek beti izan dute garrantzi handia ezkontzetan, eta azken urteetako joera naturalekin, gehiago. Elementu
sinple eta politak dira, kolore eta forma guztietan eskuragarri. Aurtengo joerak koloretsuak dira, lorategi estetika eman eta udaberriarekin bat egiteko; urrebotoi laranja, hori, more eta arrosak, adibidez. Gorria maite dutenentzako, mitxoleta aukera ederra da, landare altua baita, lore-sortaren planoekin jolasteko. Testura eta bolumena emateko, aldiz, alliuma da landare aukeratuenetakoa. Loreak nahasiz sorta ederrak sor daitezke, koloretsuak eta era guztietako formekin.

GONBIDAPENEN GARRANTZIA

Ezkontzen prestakuntzaren zati garrantzitsu bat gonbidatuen zerrenda egitea eta gonbidapenak bidaltzea da. Gonbidapenaren diseinu on batek ezkontza nolakoa izanen den irudikatzen du; tradizionala, informala, modernoa… eta informazio baliagarri guztia biltzen du, gonbidatuek data, ordua, lekua eta beharrezko bertze edozein datu izan dezaten (autobus zerbitzurik izanen den, adibidez). Paperezko gonbidapenek badute Internet bidezkoak ez duten xarma, eta pertsonalagoak dira. Ingurumenarekin kezkatzen direnentzako, paper birziklatuz egindako gonbidapenak aukera ona izan daitezke.

GIROA ALAITZEKO MUSIKA

Ezkontzako giroa ezin hobea izateko, musika ezinbertzekoa da. Musika talde batek edo DJ batek alaitasuna emanen diote ospakizunari. Gaur egun, geroz eta ohikoagoa da ezkongaiek nahi dituzten kantuen zerrenda prestatzea; dantzatzeko, tarta banatzeko, gonbidatu bereziren bat agurtzeko… musikariarekin aitzinetik solastatzea eta argibide zehatzak ematea garrantzitsua da, ezkontzaren egunean horretaz kezkatu behar ez izateko.

BETIKO OROITZAPENAK

Sakelatik mugikorra atera eta edonor argazkilari bihur daitekeen garai honetan, aunitzetan atzentzen dugu zeinen garrantzitsua den argazkilari profesional bat edukitzea. Bizitzan (seguruenik) behin bakarrik biziko dugun eguna izanen da hau, betiko gogoratu nahiko duguna, eta horretarako hobe da argazkilari profesional baten eskuetan uztea oroitzapen hauen sorrera. Gainera, gaur egun ohikoa da eguneko prozesu guztia, ezkongaien prestakuntzatik azken dantzaraino, biltzen duen bideo bat egitea, egun osoko oroigarri eder bat izateko.

DENA ATZENTZEKO BIDAIAK

Behar bezalako ezkontza bat ez da zeremoniarekin edo ospakizunekin bukatzen, bidaia batekin baizik. Ezkontza
prestatzeak ekartzen duen estres guztia ahazteko unea da eztei-bidaia; paradisuko hondartza tropikalak, leku exotikoak, bertze kulturak… Baina eztei-bidaiak ez du halabeharrez gastu handi bat izan beharrik, aukerak infinituak dira, eta asteburua mendian, herri ttiki batean edo landetxean pasatzeak ere badu bere xarma. Erlaxatzea da kontua!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun