Herri bozketa bidez aukeratuko dituzte 2021eko emakumezko kirolari, gizonezko kirolari, emakumeen talde, gizonezkoen talde, epaile eta teknikaririk onenak. Sei kategoria eta kategoria bakoitzean bortz finalista aukeratu ditu Nafarroako Kirolarien Institutuko teknikariek, kirol federazioetako ordezkariek, kirol prentsan adituek eta udal kirol teknikariek ostatutako batzordeak. Hautagaiak aukeratuta, orain herritarrek izanen dute azken hitza. Bozketa bidez Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean ematen ahalko da botoa, ilbeltzaren 16rako.
Emakumezko kirolari onenen kategorian aukeratu dute Saioa Jaurena errugbilaria. Baionako ASB taldeko jokalaria da eta 2021eko ilbeltzean jokatu zen 2020ko Europako txapelketan txapeldun izan zen, eta Espainiako selekzioarekin Munduko Koparako sailkapen torneoan parte hartu zuen.
Gizonezkoen taldeen zerrendan, berriz, Beti Gazte Sokatira taldea sartu dute, bertzeak bertze, 2021ean Euskal Herriko txapelketetan hainbat txapel jantzi dituelako: 560, 600, 640 eta 680 kategorietan. Horrekin batera, azken urteotan erreferentziazko taldea bihurtu delako nabarmendu dute.