«Ametsak egia bihurtzen direlarik dena errazagoa da»

G.PIKABEA 2019ko ira. 19a, 09:00
Hamasei urterekin errugbian hasi zenetik kirol honi lotua bizi da.

Saioa JAURENA ATXA Elizondoko errugbilaria

16 urte zituela hasi zen errugbian eta geroztik horri lotuta bizi da. Euskal Herrian eta nazioartean ibilbide polita osatzen ari da eta orain Munduko Txapelketari begira dagoela aitortu digu.

Lanbidez irakaslea eta afizioz errugbilaria da Saioa Jaurena Atxa (Elizondo, 1989). Garbi dio «alderantziz izatea» nahiko lukeela, nahiz eta badakien «ezinezkoa» dela. Hala ere, ezina ekinez egina den seinale, bere ametsari tiraka eta gogotik lan eginez, urruti ailegatu da errugbian. Berandu hasi zen, baina probatu bazuen probatu, errugbiari lotuta bizi da. Are gehiago, noraino ailegatu den ikusteak azken urteotan egindako sakrifizio guztiak uxatu dizkio. 
Nondik datorkizu errugbiarekiko lotura? 
Haurra nintzela eskubaloian ibili nintzen baina 16 urterekin errugbian jokatzen hasi nintzen arte, ez nuen inongo loturarik errugbiarekin, ez nuen ezagutzen. Institutuan probatu nuen, eskubaloia utzi berria nuelarik, eta Lekarozen mutilekin entrenatzen zuten Narbarteko neska klase-kide pare batek animatuta, batzuk elkartu eta Lekarozen entrenatzen hasi ginen. Nesken talderik ez zegoela eta, segidan Iruñeko La Unica taldera bidali gintuzten.  
Orduko nolako oroitzapenak dituzu? 
Arras politak. Jokalari berri aunitz bildu ginen La Unican, erdiak Baztan aldekoak, eta nahiko talde polita muntatu genuen. Orduan beteranoak zirenek beso zabalik hartu gintuzten. Besta arras onak, momentu arras politak... Hasierako neska haietatik oraindik mantentzen ditudan lagun handiak egin ditut. Gutti izateak gehiago elkartu gintuen eta elkar ez ezagutzetik arras talde elkartua izatera pasatu ginen.

MOTZEAN
Liburu bat? Jenisjoplin.
Errugbi talde bat? Zeelanda Berriko Black Ferns.
Eskubaloia ala errugbia? Errugbia.
Errugbia eta eskubaloia ez den bertze kirol bat? Txirrindularitza, bai ikusteko baita praktikatzeko ere.
Hondartza ala mendia? Mendia.
Baztango tokirik gustukoena? Alkurruntz.
Bizitzeko toki bat? Bertan bizi ez banaiz ere, Baztan.
Gustura bisitatuko zenukeen toki bat? Kanada.
Musika talde bat? Zea Mays.

Geroztik ibilbide polita egin duzu: La Unica, Getxo, Zeelanda Berria... 
Bai, Lekaroztik Iruñera joan eta urte batzuez han ibili nintzen. La Unican errugbia zer den ikasi nuen, eta hantxe lotu nintzen kirol honetara. Hasieran denbora-pasa hutsa izaten hasi zena, gerora zerbait serioago bihurtzen hasi zen eta Getxora joan nintzen Liga Nazionala jokatu ahal izateko. Getxok Estatu Espainiarrean telebistan edo Interneten ikusten nituen jokalarien kontra jokatzeko aukera eman zidan. Aldi berean, nire buruari gehiago exijitzen hasi nintzen eta errugbian segitu nahi nuela argi ikusi nuen. Garai  hartan, Lekarozko Agurtzane Obregozok Baionako taldean jokatzen zuela aprobetxatuz, bera ikustera joaten hasi ginen eta gerora, nik ere Baionan jokatzeko aukera izan nuen urte batez. Han ikusi nuen zer den egiazko errugbia, kalitate handikoa. Salto handia sumatu nuen. Ondoko urratsa Zeelanda Berrira joatea izan zen. Nire betiko ametsa bete eta urte batez Zeelanda Berrian jokatzeko aukera izan nuen. Munduko talde eta jokalari onenen artean jokatzea aberasgarria izan zen, bai kirol aldetik baita pertsonalki ere. Handik bueltan, urte batez, Getxoko taldean aritu nintzen, estatu mailan presente egoteko, eta azken hiru urteotan Baionan ari naiz. 

Baionan ari zara gaur egun... 
Bai, ez da hain erraza entrenamendu edo jokalarien aldetik maila ona duen talde bat aurkitzea, baina Baionan behar dudan errugbi maila aurkitu dut. Frantziako lehenbiziko mailan ari da, liga arras ona da, klubetik gero eta gehiago exijitzen digute eta goi-mailan jokatzeko behar dudan joko erritmoa hortxe topatu dut.
Zein dira taldearen helburuak? 
Joan den urtean, espero ez bezala, finalerdietara ailegatu ginen. Finalerdietan liga irabazi zuen taldearen kontra galdu genuen. Aurten, lehendabiziko zortzi onenen artean sartzea dugu helburu eta berriz finalerdietara ailegatzea ere aunitz gustatuko litzaiguke.
Zein da goian segitzeko sekretua? 
Goiti orain ailegatua naiz, eta ez pentsa, kosta zait. Nahiko burugogorra naiz, eta sekretua nahi den hori lortzeko lan egitea dela erranen nuke. Amets bat duzularik horri eustea bezalakorik ez dago. Hortaz aparte, zorte handia izan dut ez baitut lesio larririk izan eta ez dut inoiz geldialdi luzerik egin. Gainera, adinarekin gero eta hobe ikusi dut nire burua.  
Errugbia tarteko, zerbait utzi behar izan duzu? 
Gaur egungo mailan arituta bai, gauza aunitz. Hasiera hartan ez, unibertsitatean nintzen, asteburuetan lan egin eta errugbian jokatzeko moldatzen nintzen, baina 22-23 urterekin serio hartzen hasi nintzenetik gauzak utzi behar izan ditut. Arratsalde aunitzetan entrenatu behar izaten dut eta ez dut bertze gauzak egiteko denborarik; asteburuetan ere lehentasuna errugbiak du, eta ezin dut bazkari bategatik edo bertze zerbait dudalako errugbian ez dudala jokatuko erran. Lehentasuna errugbiak du eta gero daude gainerakoak. Sakrifizioa da, baina norbere helburuak betetzen direlarik, dena errazagoa da.
Hortaz, zuk garbi izan duzu... 
Bai, arras garbi. Eta nire ingurukoek ulertzen naute. Badakite errugbia zer den niretako.
Zer eman dizu errugbiak? 
Gauza aunitz erakutsi dizkit: sakrifizioa zer den, ondokoari laguntzea zer den, nahi dena nola lortzen den... 
Eta kendu? 
Egin ditudan sakrifizioak nik hala nahita egin ditut, ez naiz sekula behartua sentitu eta ez nuke kendu didala erranen.
Txapelketa handienetan jokatzeko aukera ere izan duzu: bertzeak bertze, Munduko eta Europako txapelketetan... 
Duela sei-zazpi urte Espainiako selekzioarekin hasi nintzenetik, Europako txapelketa bat baino gehiago jokatu eta irabazi ditugu. Txapelketa horietan, ordea, Frantzia, Irlanda edo Ingalaterra bezalako nazio handiek ez dute jokatzen, beraiek bertze liga bat dutelako. Guk baino maila apalagoa dutenen kontra jokatzen dugunez, arazo handirik gabe irabazi izan dugu. Munduko Txapelketara sailkatzeko balio duten bertze Europako txapelketak, ordea, zailagoak izaten dira, goi mailako bizpahiru talde sartzen direlako eta exijentzia handiko lehiak izaten direlako. Aurten 2021ean Zeelanda Berrian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatu nahi dugu eta horretarako goi-mailako talde pare bati irabazi beharko diegu. Gainerakoan, bai Europa mailakoak baita jokatu dudan Munduko txapelketa ere arras esperientzia politak dira, eta aldi berean, gogorrak. Torneo luzeak dira, eta momentu onak eta txarrak izaten dira. Irabaztean dena ongi joaten da, baina galtzen delarik taldekideak desanimatu egiten dira, eta entrenamenduak ez dira hain ongi ateratzen. Horri bueltan ematen jakin behar da. 
Euskal Herriko emakumezkoen errugbian nolako maila dago? 
Duela hamar urte maila arras ona zen. Jokalari aunitz ziren orduko Espainiako selekzioan jokatzen zutenak. Geroztik beheiti egin du. Duela urte pare bat Getxoko taldea Ohorezko Mailatik jaitsi zen eta horrek kolpe gogorra eman zion emakumezkoen Euskal Herriko errugbiari, zerbait gehiago nahi genuen Euskal Herriko jokalariak Getxora joaten baikinen, Liga Nazionalean jokatzeko. Orain ez dago holako aukerarik, eta jokalari on aunitz Euskal Herritik kanpo joaten dira. Hala ere, azken urteotan maila hobetzen ari da. Badira dirua inbertitzen ari diren klubak, lehendabiziko mailara igotzeko lanean ari direnak eta gaztetxoekin lan handia egiten ari direnak. Bide horretan segituz, ea hemendik hamar urtetara bertze maila bat lortzen dugun.
Eta eskualdean? 
Ez dut batere argi. Baztango mutilen errugbi taldea ere kili-kolo ibili da, nahiz eta azkenean, zorionez, segituko duen. Emakumezkoen errugbia bulkatzea gustatuko litzaidake, baina mutilek ere euren taldea mantentzeko erronka dute eta ez da erraza bertze erronka bat bizkar gainean hartzea. Ni neu orain ez nago Baztanen eta zaila ikusten dut ardura hori nire gain hartzea. Baina neskei errugbia probatzeko erranen nieke, ezagutuko balute gehiagok aukeratuko lukete. 


Oro har, nola ikusten duzu emakumezkoen errugbia? 
Emakumezkoena beti gizonezkoen kirolaren gibeletik doa. Azken urteotan, pauso handiak eman ditugu; hedabideetan inoiz baino gehiago ageri gara eta klubetan lehen baino aise toki handiagoa dugu. Hori da bidea, bai emakumezkoei baita gizonezkoei ere garrantzi bera ematea.
Zerk huts egiten du? 
Kirolaz aparte, negozioa denez, eta gizonezkoen kirolak gehiago saltzen duenez, gizonezkoei garrantzi gehiago ematen diete. Azken batean, denon ardura da, emakumezkoen kirola ere kontsumitu behar genuke.
Lanbidez irakaslea, afizioz errugbilaria. Nola uztartzen dituzu? 
Zorionez, irakasle izanda arratsaldeetan entrenatzera joateko eta asteburuetan partidak jokatzeko ez dut arazorik. Selekzioarekin joan behar dudalarik, berriz, Hezkuntza Departamentuan baimena eskatu behar izaten dut eta gero eta zailtasun gehiago ditut.
Noiz arte segituko duzu errugbian? 
Oraingoz, Munduko Txapelketari begira ahalik eta hobekien eta gehien entrenatu nahi dut, azken aukerak direlako eta ahalik eta gehiena gozatu nahi dudalako. Hortik aitzinera ikusiko dugu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun