Eskualdeko 21 ikastetxetan jardunaldi jarraitua ezartzeko gehiengoa lortu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 16a, 09:30

Areson abenduaren 1ean egin zuten familien artean bozketa, eta gehienak jardunaldi jarraituaren alde agertu ziren.

Eskualdean dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 31 ikastetxeetatik 21etan heldu den ikasturtean jardunaldi jarraitua ezartzeko beharrezkoak ziren hiru bozketetan gehiengoa lortu dute. Orain Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak izanen du azken hitza. Hezkuntza Departamentuak ikastetxe horiek aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebazpen bidez emanen die baimena.

Hezkuntza Departamentuak eskualdeko 29 eskolari eman zien jardunaldi jarraitua ezartzeko prozedura hasteko baimena eta horietatik 21 izan dira ikastetxeko klaustroaren, eskola kontseiluaren eta familien aldetik babesa lortu dutenak. Jardunaldi jarraituarekin, ikasturte osoan, ikasleek astelehenetik ortziralera goizez izanen dituzte eskolak. Horrekin batera, ikastetxeak arratsaldeko ordutegian ikasleei eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzeko derrigorrezko proiektu bat izan beharko dute. Asteko lau egunetan izanen litzateke, irailean eta ekainean izan ezik.

Hala, Hezkuntza Departamentuak baimena emanez gero, hauek dira 2022-2023 ikasturtean jardunaldi jarraitua izanen duten eskualdeko ikastetxeak. Horrekin batera, TTIPI-TTAPAk eskuratu ahal izan dituen bozketen emaitzak ageri dira:

Baztan

  • Almandozko eskola
  • Arraiozko eskola
  • Azpilkuetako eskola
  • Elizondoko eskola
  • Erratzuko eskola
  • Gartzaingo eskola
  • Iruritako eskola
  • Lekarozko eskola
  • Oronozko eskola
  • Zigako eskola

Hortaz, Amaiurko eta Arizkungo eskolek, eta Baztan Ikastolak jardunaldi zatitua izanen dute heldu den ikasturtean.

Bertizarana

  • Legasako eskola

Narbarteko eskolan ez dute bozketa prozesua hasi eta jardunaldi zatitua izanen dute.

Bortziriak

  • Etxalarko Landagain eskola
  • Lesakako Tantirumairu ikastola

Lesakako Tantirumairu ikastolan, familien artean, botoen % 63,5 jardunaldi jarraituaren aldekoak izan dira.

Arantzako, Berako Ricardo Baroja, Igantziko eta Lesakako Irain eskoletan jardunaldi zatitua izanen dute, baita Berako Labiaga Ikastolan eta Jesusen Bihotza ikastetxean ere.

  • Bortzirietako kasuan, Arantzako eskolan eta Berako Jesusen Bihotza ikastetxean ez zuten prozesua hasi.
  • Berako Ricardo Barojan, jardunaldi jarraituaren aldeko proposamenak klaustroan eta eskola kontseiluan gehiengoa lortu zuen, baina familien artean egindako bozketan, ez. Familien % 45,8k egin zuen jardunaldi jarraituaren alde. Aitzinera egiteko, ordea, guttienez botoen % 60 beharrezkoa zen.
  • Igantziko eskolan klaustroan ez zuen aitzinera egin proposamenak.
  • Lesakako Irain eskolan, familien bozketan gelditu zen aitzinera egin ezinik. Familien % 56k eman zuen jardunaldi jarraituaren alde, baina aldaketarako behar zen % 60aren azpitik.

Leitzaldea-Urumealdea

  • Aresoko Nazabal eskola
  • Goizuetako Andres Narbarte Xalto eskola
  • Leitzako Erleta eskola

Ikastetxe guztiek egin dute jardunaldi jarraituaren alde.

  • Aresoko kasuan, jardunaldi jarraituaren aldeko familien bozketan, aldeko 23 boto izan ziren eta lau kontrakoak.
  • Goizuetan, berriz, jardunaldi jarraitua ezartzeko bozketan familien % 97k eman zuen botoa, eta % 90 jardunaldi jarraituari baiezkoa emateko izan ziren.
  • Leitzako Erleta eskolan, jardunaldi jarraituak aldeko 201 boto lortu zituen familien artean, kontrako 39, bi zuri eta lau baliogabeak izan ziren.

Malerreka

  • Doneztebeko San Miguel eskola
  • Iturengo Pulunpa eskola
  • Saldiasko eskola
  • Sunbillako eskola

Malerrekako ikastetxe guztietan jardunaldi jarraituaren alde gehiengoa lortu dute. Sunbillako eskolan, adibidez, familien bozketan, % 74, 20 jardunaldi jarraituaren alde agertu ziren.

Xareta

  • Zugarramurdi eta Urdazubiko eskola.

Xaretaren Hego Euskal Herriko ikastetxe bakarrean, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolan, jardunaldi jarraitua eskatu dute.

Aldaketak heldu den ikasturtean izanen dira. Ikasturte honetan jardunaldi jarraitua izanen dute ikastetxe guztiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun