Jardunaldi jarraitua ekainera arte mantentzea erabaki du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 1a, 13:44

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur eguerdian jakinarazi du ikasturte honetan jardunaldi jarraitua izanen dutela ikastetxe guztiek. «Ikastetxeetan ikasleen presentzia bermatzeko eta Covid-19a dela eta, segurtasuna mantentzeko» neurririk egokiena hori dela adierazi du.

Erabaki horrek ez du eraginik izanen ikastetxeetan jardunaldi jarraitua edo malgua martxan paratzeko egunotan egiten ari diren botazioekin. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskualdeko 29 eskolei emana die jardunaldi jarraitua ezartzeko prozedura hasteko baimena. Ikastetxe horietan, hiru botazio egiten ari dira: irakasleena lehenbizi, eskola kontseiluarena bigarrenik, eta ikasleena edo hauen gurasoena azkenik. Botazio horien emaitzak 2022-2023 ikasturteari eraginen diola adierazi du gaur Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Hiru aukera, hiru botazio

Hezkuntza Departamentuak hiru eskola jardunaldi proposatu zituen:

  • Jarraitua: Klaseak egunero 09:00etatik 14:00etara. Astean lau arratsaldez, hautazko eskolaz kanpoko jarduerak. Ikasturte honetan honela segituko dute.
  • Malgua: Astelehenetan, asteartetan eta ortzegunetan klaseak goizez eta arratsaldez. Asteazkenetan eta ortziraletan goizez.
  • Zatitua: Klaseak goizez eta arratsaldez, asteazkenetan izan ezik. Pandemia aitzineko ordutegia, alegia.

Aipatu bezala, jarraitua edo malgua ezartzeko aukeraren alde eskualdeko 29 ikastetxek egin dute, eta orain, hiru botazio egin behar dituzte. Lehenbizi ikastetxeko irakasle guztien bostetik hiruk onartu behar dute. Hala baldin bada, bigarren bozketa eskola kontseiluan egin beharrekoa da, eta eskola kontseiluan botoa emateko eskubidea duten hirutik bik alde agertu behar dute eta azkenik, hirugarren botazioan, ikasleen txanda da, edo ikasleen gurasoena. Ikastetxeko azken ikas-mailakoak kontuan hartu gabe, familia bakoitzak ikastetxean dituen seme-alaben kopurua adina boto ditu. Ikastetxeek abenduaren 13rako jakinarazi behar diote emaitza Hezkuntza Departamentuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun