Nafarroako sokatira txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Azken urteetan eskualdeko ordezkari bakarra izan den Lesakako Beti Gazterekin batera, aspaldiko partez kategoria guztietan taldea aterako du Amaiurrek ere.
Lehenbiziko jardunaldia larunbat honetan, urriak 16, eginen dute Leitzako Amazabalen, 17:00etan. Gizonezkoak zortzinaka lehiatuko dira, 620 kiloz beheitiko bategorian. Amaiur, Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea ariko dira lehian. Emakumezkoak, berriz, seinaka ariko dira, 375 kiloz beheitiko kategorian. Sei talde izanen dira: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketako bigarren eta azken jardunaldia urriaren 23an eginen dute Barasoainen, 17:00etan.
Txapelketa mistoa
Gizasemeak eta emakumeak bakoitza bere aldetik lehiatu ondotik, txapelketa mistoaren txanda izanen da. Hemen ere sei talde ariko dira, zortzinaka (lau emakume eta lau gizonezko), 550 kiloz beheitiko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Lehen jardunaldia Antsoainen jokatuko dute urriaren 30ean eta bigarrena eta azkena azaroaren 6an Elizondon.