Ane Goienetxe Urrutia

Amaiurtarrak sokari tiratzen hasteko prest

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 16a, 10:00

Hainbat herritako neskak elkartu dira Amaiurko Sokatira Taldea osatzeko.

«Etxean denbora gutti pasatzen duen 23 urteko amaiurtarra» da Ane Goienetxe Urrutia (Amaiur, 1998). Hainbat urtez aritu da Txantreako sokatira taldean, baina herrian aukera ikusi duenean, gazteak mobilizatu ditu eta entrenatzen hasi dira berriz ere, emakumeak zein gizonak.

Zein izan da zure ibilbidea sokatiran?

Duela zazpi urte inguru probatu nuen lehen aldiz sokatira Amaiurren. Bertze neska batzuek nesken taldea berreskuratzea proposatu zidaten eta nik ez nuen zalantzarik izan animatzeko. Baina, zoritxarrez, ez genuen taldea aitzinerat ateratzea lortu eta sokatiran segitzeko gogoarekin gelditu nintzen.  Hortaz, duela bortz urte, Iruñera ikastera joan nintzelarik, Txantrea sokatira taldean hastea erabaki nuen. Hor egin ditut azken bortz urteak eta orain, duela lau hilabete inguru, berriz Amaiurrera itzuli naiz.

Zergatik desagertu zen herriko sokatira taldea?

Amaiurren duela sei urte izan zen azken aldiz sokatira taldea, eta hau jende faltagatik desagertu zen. Sokatirak, taldeko kirola izanik, jende aunitzen konpromisoa eskatzen du.

Zergatik erabaki duzue aurten bueltatzea?

Amaiurren aspalditik baziren sokatiran hasteko gogoz zeudenak, baina erran daiteke inork ez zuela lehen pausua ematen. Azkenean, ikusita geroz eta gehiago zirela probatzeko gogoz zeudenak, entrenamendu egunak paratzea erabaki genuen. Eta ez amaiurtarrak bakarrik, izan ere, lehenagotik ere bertze herritako neska batzuk aipatua zidaten sokatira probatu nahiko luketeela. Entrenamenduen berri zabaldu genuen ingurukoen artean eta orduantxe abiatu genuen berriz ere sokatira taldea.

«Jende aunitzen konpromisoa eskatzen du sokatirak»

Ane GOIENETXE URRUTIA

Jendea erraz animatu da?

Sokatira taldea birsortzeko egin genituen lehen entrenamenduen berri ahoz aho eman genien ingurukoei eta aitortu beharra dut hasieran nik uste nuena baino jende gehiago animatu zela probatzera, batez ere emakumezkoak. Hasierako hilabeteetan sokatira probatzen ibili direnak dezente izan badira ere, aunitzek lana, ikasketak… direla eta ezin izan dute segitu. Baina momentuz taldean gelditu garenak motibatuak eta ikasteko gogoz gaudela erranen nuke.

Bi talde sortu dituzue, ezta?

Sokatira taldearen barnean emakumezkoak eta gizonezkoak gaude. Normalean ez dugu egun berean entrenatzen, baina noizbehinka denak batera entrenatzen saiatzen gara, elkarri laguntzeko.

Taldekide guztiak amaiurtarrak zarete?

Mutilen taldean gehienak amaiurtarrak dira, baina nesken taldean hainbat herritakoak gaude. Talde gaztea elkartu gara eta denetarik badugu, batzuk lehendik sokatiran aritzeko aukera izan dugunak eta bertze batzuk berriak.

Nola entrenatzen duzue?

Gure entrenamenduak frontoian dagoen polea baten aurka egiten ditugu, eta hor elkartzen gara astean bitan, asteazken eta ortziraletan neskak eta astelehen eta ortzegunetan mutilak. Normalean, lehendik aritutako bat laguntzera etortzen bada ere, momentuz ez dugu entrenatzaile ofizialik eta gure artean moldatu behar izaten dugu.  Norbait animatuz gero ongi etorria izanen da!

Frontoian dagoen polea baten kontra entrenatzen dute.

Taldea zerotik hasi behar izan duzue horrek dakarren gastu ekonomikoarekin…

Bai, izan ere tiratzeko zapatilak, poloak…dena berriz erosten ari gara eta horrek gastu ekonomiko nahiko handia suposatzen digu. Gastu hauei aurre egiteko norberak bere sakelatik dirua paratzeaz gain, diru bilketa bat abiatu dugu jendeari bere borondatea eskatuz. Horretarako eltzeitsu batzuk paratu ditugu Baztango hainbat ostatutan; Amaiurren, Elizondoko Intzan eta Mendin, Lekarozko Hiruitturrin… Hemendik eskerrak eman nahi dizkizuegu laguntza ematen ari zareten guziei. Mila esker!

Lehengo materiala aprobetxatu ahal izan duzue?

Bai, frontoian lehengo taldeak zituen polea eta gomak zeuden eta gu ere material horrekin entrenatzen gara. Honek aunitz erraztu digu taldearekin hastea.

Eta lehenagoko tiralariak ere animatu al dira?

Azken urteetan aritutako gazte batzuk bueltatu dira bai, ea gehiago animatzen diren!

Herrira ilusioa bueltatu da?

Amaiurko sokatira taldea ezaguna izan da urte aunitzez eta ondorioz, herrian sokatirako afizio handia dagoela erranen nuke. Taldea bueltatzeak ilusioa eta interesa piztu du, izan ere, beti badago norbait frontoian entrenamenduak ikusten. Herriko 14-16 urteko gazteek gure entrenamendu batzuk ikusi ondotik haiek ere hasiak dira sokatiran.

Etorkizunean txapelketaren batean parte hartzeko asmorik duzue?

Etorkizun hurbilean, urri-azaroan izanen den Nafarroako Sokatira Txapelketan parte hartuko dugu, emakumezkoen kategorian, gizonezkoetan eta mistoan. Txapelketan parte hartzearekin dugun helburu bakarra ikastea izanen da. Eta hortik aitzinera sokatiraz disfrutatzen eta ikasten segituko dugu, talde hasi berria izanik aunitz baitugu ikasteko.

Zer erranen zenieke sokatira probatzeko gogoz daudenei?

Zalantzarik gabe, sokatira ezagutzeko kuriositatea duten guztiak probatzera animatuko nituzke, baina ez daitezela lehendabiziko entrenamenduarekin gelditu! Entrenamendu batzuk egin ondotik gustua hartzen zaio, eta gero ez da erraz uzten. Dudarik gabe, taldea nahi duten guztiendako irekia dago!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun