Eguraldia lagun, larunbatean Donezteben egin zuten lehenbiziko hitzordua. Gazteon Mendialdea Berpiztu dinamikak gonbidatuta, Altsasuko Auzian auzipetutako Adur Ramirez de Aldak bere esperientzia kontatu zuen zineman bildu ziren 25-30 bat lagunen aitzinean. Bereauk dio «hagitz interesgarria» izan zela. Horren ondotik Arantzara abiatu ziren eta 16:00-17:00 aldera ailegatu ziren. Mahaiaren bueltan egin zuten hurrengo hitzordua eta Aroztak herri ekimeneko kideek eta Baxoa Euskaraz egin zuten Ipar Euskal Herriko ikasleek hartu zuten hitza. «Hitzaldi interesgarriak izan ziren». Afalondoan Olaia Iantzirekin kantaldia izan zuten eta gauez Arantzako frontoian egin zuten lo.
Igandean, berriz, goizean herri kiroletan aritu ziren eta eguerdian 50 bat lagun bildu ziren bazkaltzeko. Pleura taldearen kontzertuarekin borobildu zuten asteburua.
Ekitaldiek izandako erantzunarekin «hagitz kontent» gelditu direla aitortu du Bereauk. «Sentsazio onarekin gelditu gara. Gauza polita da gazteak juntatzea eta gainera, gazteak motibatuak ikusi ditugu». Are gehiago, «hagitz asteburu aberasgarria» izan dela kontatu du: «Hainbat eskualdetako jendearen arteko harremana lantzeko baliagarria izan da, baita gazteria motibatzeko ere. Eta espero dugu asteburu hau gazte mugimendua indartzeko pauso bat izatea».
Bide batez, eskerrak eman dizkie «dinamika honetan euren alea paratu duten guztiei». Horien artean, «zinema uzteagatik Doneztebeko Udala» eta «batez ere Arantzako Udala» aipatu ditu, «hau aitzinera ateratzen laguntzeagatik».