Haritz Bereau

«Eskualdeko gazte mugimendua momentu kritikoan egon da eta hori berpizteko beharra ikusi dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 28a, 08:00

Haritz BEREAU, Gazteon Mendialdea Berpiztu dinamikako kidea

Gazteon Mendialdea Berpiztu dinamikaren baitan, gazte martxa antolatu dute eskualdeko gazte mugimenduetako kideek asteburu honetarako. Gaur eta bihar eginen dute, Doneztebe eta Arantza lotuz, eta tartean, hainbat hitzordu antolatu dituzte. Haritz Bereau da antolatzaile lanetan aritu den gazteetako bat, eta dinamikaren helburu nagusia «eskualdeko gazteria mobilizatzea» dela adierazi du. Dinamikan parte hartzeko deia ere luzatu du, «gaur borrokatzen ez denak, eragin zuzena izanen duelako etorkizunean»

Zein da dinamikaren helburua?

Dinamikaren helburu nagusia eskualdeko gazteria mobilizatzea da, hau da, gazte mugimenduko kide diren edo norbanako bezala mugitzen diren gazte horiek guztiak biltzea, hausnarketa eta eztabaidarako espazioak irekiz. Izan ere, pandemiak gogor kolpatu du gizartea orokorrean, baina gazte mugimenduan ikaragarrizko eragina izan du. Horregatik dinamika honekin gazteria mobilizatzea nahi dugu, desio dugun gazteria aktibo eta antolatua lortu aldera.

Eskualdeko gaztedia berpizteko beharra ikusi duzue, hortaz…

Bai, aipatu bezala eskualdeko gazte mugimendua momentu kritikoan egon dela erran dezakegu eta gazte mugimendua gazte aktibaziorako ezinbertzeko tresna dela pentsatzen dugunez, orokorrean hori berpizteko beharra ikusi dugu. 

Zeinek antolatu duzue? 

Gazteon Mendialdea berpiztu dinamika Baztan, Malerreka, Bortziriak eta Leitzaldeko gazte mugimenduetako kideok antolatu dugu. 

«Ezinbertzekotzat jotzen dugu gazte kontzientzia indartzea eta gazteengan pentsamendu kritikoa garatzea»

Zein dira zuen kezka nagusiak?

Dinamika hau ez da azken asteetako ideia izan, hau da, duela hilabete batzuk izandako hausnarketa batzuen ondorioa baizik. Argi gelditu zen antolatzaileon kezka nagusia gazteriaren desmobilizazio orokorra zela. Ezinbertzekotzat jotzen dugu gazte kontzientzia indartzea eta gazteengan pentsamendu kritikoa garatzea. Horregatik kezka hauetatik abiatuz, dinamika hau martxan jartzea pentsatu genuen.

Aisialdia, formakuntza eta borroka uztartuz prestatu duzue egitaraua. Azalduko zeniguke egitaraua?

Larunbat goizean Donezteben elkartuko gara, eta Altsasuko Auzian auzipetutako Adur Ramirez de Aldak esperientzia barrenetik nola bizi izan zuen azalduko digu: atxiloketa, manipulazio mediatikoa, espetxea… Hitzaldia akitzean martxari ekinen diogu eta Arantza aldera abiatuko gara pixkanaka. Bidean bakoitzak etxetik eramandako bazkaria jateko tartea hartuko dugu, eta arratsalde aldera Arantzara ailegatuko gara. Bertara ailegatzean tailer, mahai-inguru eta jokoak izanen ditugu, horien artean, Desobedientzia bideak mahai-ingurua. Gauean afaria eskainiko da, eta Olaia Iantziren eskutik afaloste atsegin batez gozatuko dugu. 

Igandean, aldiz, goizean ernatu, gosaldu eta gazteon mendialdeari buruz hausnartzeko tartea izanen dugu, Ta Mendialdean Zer mahai-inguruaren bidez. Asteburuari amaiera borobil bat eman asmoz, gazte bazkaria izanen dugu eta arratsaldean Pleura taldearen kontzertuarekin akitutzat emanen dugu Gazteon Mendialdea Berpiztu! dinamikaren asteburupasa.

Nolako erantzuna espero duzue?

Egia erran ez dakigu kopuru aldetik nola ibiliko garen eta ez dugu eskualde guztia mobilizatuko den esperantzarik. Izan ere, gaur egungo egoeraz kontziente gara eta horrelako ekimenetara jendea mugiaraztea lan zaila dela hagitz ongi dakigu. Hala ere, arlo kuantitatiboari baino gehiago arlo kualitatiboari eman nahiko genioke garrantzia. Potentzialitate handiko hainbat eragilez osaturiko eskualdea izanik, ekimena formakuntzarako baliagarria izateaz gain, gazte guztien ekarpenekin, ez dugu dudarik asteburu aberasgarri bezain oparoa izanen dela. 

Ez da mendialdeko gazteak bildu zareten lehenbiziko aldia. Zein da eremu batekoek eta bertzekoek duzuen harremana?
 
Aunitzetan zaila izaten den arren, hainbat eskualdez osaturiko eremua lantzen saiatzen gara. Eskualde bakoitzaren berezitasun propioez jakitun bagara ere, Leitzaldea, Malerreka, Baztan eta Bortzirietan antzeko kezka eta arazo ugari ditugula ohartuak gara. Badira problematika zehatz batzuk eskualde guztiei eragiten dietenak. Hau horrela izanik, guztion arteko gutxieneko harreman bat mantentzea beharrezkotzat jotzen dugu, guztion artean indar handiagoa izanen dugulakoan. 

Pandemiak zein neurritan eragin dio lehendik zenuten martxari?

Pandemiak eragin zuzena izan du gure arteko harremanetan. Pandemiaren eraginez debeku batzuk ezarri zitzaizkigun, horien artean konfinamendua, elkartzeko debekuak... Hala ere, elkartzen jarraitzeko ahaleginak egin ditugu, eta erritmo normalean lan egiten utzi ez badigu ere (neurri berrien ezjakintasuna, legedia) aitzinera ateratzen saiatu gara.

«Gazteengan eragin negatibo nabarmena izan du pandemiak»

Eta orokorrean, gazteengan nolako eragina izan du pandemiak?

Gazteengan eragin negatibo nabarmena izan duela erranen nuke, pandemia hasi zenetik komunikabide eta jende aunitzen ahotan egon baikara gazteak. Egungo sistemaren gabeziak estaltzeko asmoz, gazteria kriminalizatzeko hautua egin dute, eta egoera baliatuz gazteon aurkako kanpaina erraldoia martxan jarri dute. Egunero irekitzen dituzte albistegiak gazteon «arau-hausteak» kontatuz, baina ez digute gazteen langabeziaz, prekarietateaz, emantzipatzeko arazoez edo gazteon osasun mentalaz solas egiten. Orokorrean gazteria, kriminalizazio mediatikoaz nazkatuta dagoela erranen nuke, baina hala ere, haserre hori modu antolatuan gestionatzearen falta sumatzen dut.

Etorkizunera begira «proiektu berriak sortu eta gure eskualdea astintzen segitzeko» asmoa aipatu duzuze. Zein dira aitzinera begira dituzuen erronkak?

Aitzinera begira ditugun erronkak ez dira erronka zehatzak. Izan ere, gure erronka orokorra mendialdeko gazteria aktibatzea da, egungo injustizien aitzinean gazteria aktibo eta kritiko bat eratuz. Hainbat alor  kontuan hartuz, hainbat borrokaren arteko elkarlana bultzatzea dugu helburu.

Zein mezu luzatuko zenieke eskualdeko gazteei?

Lehenik eta behin Gazteon Mendialdea Berpiztu dinamikan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi nieke. Honetaz gain, eskualdeko eta gure herriko etorkizuna gure esku dagoela ere jakinarazi nahi nieke. Laburki erranda, egungo injustizien aitzinean geldirik ez egotea, eta antolatu eta borrokatzea beharrezkoa dela azpimarratu nahiko nuke.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Gaur borrokatzen ez denak, eragin zuzena izanen duela etorkizunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun