40 urtez Baztango Musika Eskolan akordeoi irakasle izandako Miguel Iparragirre Gonzalez abuztuaren 30an hil da, 65 urte zituela. Bere aldeko hileta-elizkizuna atzo egon zuten Elizondoko Santiago elizan.
Baztanen 40 urtetik goiti eman zituen arren, sortzez aranztarra da Miguel Mari Iparragirre Gonzalez akordeoilaria. Etxetik eta ttikitik izan zuen musikarekiko zaletasuna. 13 urterekin, herrian bertan, Martin Ibarrola zenarekin solfeoa ikasten hasi zen eta gero, Irun eta Donostiara joan zen akordeoia ikastera. Duela 48-49 urte, besta eta bertzelako ospakizunetan eskusoinua jotzen hasi zen eta duela 40 urte musika irakasle gisa hasi zuen bere ibilbidea, Baztango Musika eskolan, joan den urteko urriaren 30ean bere hondarreko klasea eman zuen arte. Musika Eskolako ikasleek txalo artean eta akordeoi soinuekin eskertu zioten egindako lana eta aurten Baztandarren Biltzarraren omenaldia jaso zuen.