Berdintasunaren aldeko pilotakadak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Azken urteetan, emakumezko pilotariek plazetan egindako ibilbideak ikusgarritasuna lortu du eta, Master Cup txapelketari eta Plazandreak saioari esker, etxe askotan pantaila bidez segitu ahal izan dira. Ikusgarritasun hori, ordea, «txapelketa jakin batzuetara mugatzen» zenez, harago jotzea erabaki zuten Maite Ruiz de Larramendik eta Iera Agirre Iturriagak (Leitza, 1987). Hala, maiatzean Ados emakumezko esku pilotarien lehenbiziko klub profesionala aurkeztu zuten. Ekainaren 4an abiatu zuten lehenbiziko txapelketa eta, ordutik, klubeko kide diren hamahiru pilotariak plazaz plaza dabiltza. Abuztuaren 14an Leitzan jokatuko den final handian banatuko dute lehenbiziko txapela. Hala ere, Agirrek azaldu duenez, irailetik aurrera emakumezkoen pilotak ez du etenik izanen, urte osoko egutegia antolatu eta «urtero-urtero» horri eustea baita euren asmoa.
Klubaren sorrera
Emakumezko pilotarien «egituran ikusitako hutsuneak» betetzeko beharrari tiraka eman zituzten lehenbiziko pausoak. Ordura arte egindako bidean aurrera egin nahi izan zuten Ruiz de Larramendik eta Agirrek. Master Cup bezalako txapelketak «motzak» zirela iritzita, «jarraipena» emateko beharra ikusi zuten eta «pare bat urtez» aritu dira «egituratzeko eta buelta emateko» lanean: «azken urtean koronabirusa tarteko zailagoa izan da baina pilotalekuan ezin genuenez aritu kantxatik kanpo lan egiteko aukera izan dugu eta horretan aritu gara. Luze samar joan da...».
Bidea ez da erraza izan, ez dute nolanahi egin eta «zer eta nola egin» erabakitzeko «buelta asko» eman behar izan dituzte: «hasieran profesionalizatu nahi bagenuen gizonezkoen pilota bideratzen duten enpresak etortzen zitzaizkigun burura eta guk ez genuen hori nahi, helburua ez zelako etekin ekonomikoa ateratzea, den-dena pilotarien baldintzak hobetzeko izatea nahi genuen».
Laguntza eta babesa
Aholkuak jaso eta norabidea finkatzeko «pilotariekin bilerak egin» dituzte eta «haiek esandakoa kontuan hartu» dute. Horrez gain, Nafarroako eta Euskadiko Federazioekin harremanetan jarri ziren: «Nafarroako Federazioa laguntzeko eta elkar hartuta lan egiteko prest agertu zen hasieratik, presidentea bera aurkezpenean izan zen... Hasi ginenean Euskadiko Federazioak hauteskundeak zituenez beranduago bildu ginen».
Jakin badakite emakumezkoen pilotari zabaltzeko eta merezi duen tokia emateko indarra elkarrekin eta norabide berean egin beharko dutela: «federazioen lana ezinbestekoa da, neskak zaindu eta babestu behar dituzte». Zentzu horretan, klub txikien osagarri da maiatzean aurkeztu zuten Ados kluba, neskei «eurek nahi duten arte pilotan segitzeko» aukera eman nahi diena: «klub txikiek eman diguten eta ematen diguten laguntza eskertzen dugu. Hala ere, segida izateko neskak biltzeak eta elkarrekin entrenatzeak aukera gehiago emanen dizkigula uste dugu».
Plazaz plaza, Leitzan hasi eta bukatu
Aurkezpen egunean bertan Plazaz plaza txapelketa ere ageriko egin zuten: «argi genuen klubarekin batera lehenbiziko txapelketa ere atera behar genuela». Bide horretan, «plaza, herriaren erdigunea» hartu nahi izan zuten, «txapelketara etortzen direnez gain, plazak bertatik pasatzen den herritarrei gelditzeko aukera ematen dielako».
«Ikusgarritasuna ez zen nahikoa, egitura aldatu behar zen»
Hasiera hartatik, partidak Nafarroako hainbat txokotan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan baita Bartzelonan ere jokatu dituzte. Euskal Herritik kanpo jotzea ez da kasualitatea izan. Izan ere, «2006an Bartzelonan neska pilotarien hitzordu bat antolatu zuten eta 54 pilotari elkartu ginen. Hitzordu hartan Euskal Herrian zenbat emakumezko pilotari geunden ikusi ahal izan genuen, ordura arte elkarren berririk ez genuen...».
«Klubari esker pilotarion baldintzak asko hobetu dira»
Ekainaren 4an «ilusio haundiz» ekin zuten bidea eta halaxe borobilduko dute lehenbiziko txapelketa, Leitzan abuztuaren 14an jokatuko duten finalarekin: «aurretik finalaurrekoak Donamarian izanen dira, uztailaren 31n, 16:00etatik aurrera». Ibilbide horretan laguntzaile izan direnak oroitu ditu Agirrek: «jende askok animatu gaitu eta oso pozik gaude herrian eta inguru guztian izaten ari garen harrerarekin».
Baldintzak
Klubaren sorreraz geroztik, emakumezko pilotarien «baldintzak asko hobetu» dira. Pilotari guztiek orain «lan kontratua» dute eta «jokatzen duten partida bakoitzean egindako lanagatik kobratzen dute». Horrez gain, partidaren egunean «Gizarte Segurantzan alta ematen zaie eta aseguru bat dute». Orain artean ez bezala, «aseguru hori urte osorako da» eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen die: «federazioak antolatutako txapelketetan asegurua bagenuen baina murritza izateaz gain, gure txapelketak antolatzeko aukerarik ez genuen. Gure txapelketak antolatzeko aukera emanen zigun eta gauden tokian gaudela babestuko gintuen asegurua behar genuen».
Formakuntza
Profesional izatekotan, formakuntzan ere aldaketak beharko zituztela argi zuten: «bi adar horiek uztartu nahi izan ditugu». Hala, «entrenamenduei ere garrantzia» eman diote: «badakigu baldintzak hobetu nahi baditugu alde horretatik ere lan gehiago egiteko prest egon behar dugula». Horretan «Elkar pilotako lagunak hasieratik ondoan» izan dituzte. Juan Martinez de Irujo, Patxi Eugi, Fernando GoÒi eta Unai Arrizabalaga pilotari ohiak dituzte entenatzaile eta Aritz Altadill prestatzaile fisikoa laguntzaile. Sustatzaileen ustez, «baliabide horiek izatea aurrerapauso handia da».
Elkartu eta elkar zaindu
Entrenatzaile jakinak izateak, gainera, biltzeko aitzakia eman die; orain artean «bakoitza bere aldetik» aritu izan delako eta «nahiko bakarrik sentitzen ginelako».
Lehendik ere ohartuak ziren biltzearen garrantziaz: «duela urte pare bat Latasan gelditzen hasi ginen eta bidea hori zela ikusi genuen». Imozko Udalak emandako erraztasunari esker, nafarrek eta gipuzkoarrek bertan jarraitu dute eta «bizkaitarrak euren taldetxoa osatu eta Unai Arrizabalagarekin biltzen ari dira».
«Urte osoko egutegi bat egin nahi dugu etenik ez izateko»
Uda «mugitua eta betea» izaten ari da klubeko pilotarientzat, «txapelketako partidez gain herrietako ez bestetan ere» ibili direlako eta badabiltzalako: «irailera bitarte agenda nahiko betea dugu».
Horrez gain, entrenamenduak ere izan dituzten arren, orain «trantsizio fasean» daude eta «irailetik aurrera zehaztu eta egituratzeko» asmotan dira: «frontoiko lana egiteko astean bitan bilduko gara eta fisikoa bakoitzak bere aldetik landuko dugu. Gure asmoa geldialdirik gabe, urte osoko egutegia osatzea da». Dena, ordea, bere neurrian eginen dute: «zoritxarrez ezin gara horretaz bizi eta hori kontuan hartu behar dugu».
Lortutakoari eutsi eta aurrera egin
Lana eta «ordu dezente» behar izan dituzte emakume pilotariek aurrera egiteko eta bidea ez da erraza izan, baina «emakumezko pilotariek merezi dute». Orain, atzetik datozen neska pilotariak «zaintzea» da gakoa Agirreren ustez, «bestela honek ez duelako etorkizunik izanen».
«Atzetik datozen pilotariak zaindu behar ditugu»
Orain arteko emakumezko pilotariek bizi izan duten nahiak bete ezinak eraman ditu horretara: «guk esku pilota utzi behar izan genuen eta palan hasi ginen. Inork ez zuen pauso bat eman guregatik eta 12-13 urtez aritu gabe egon ondoren hau lortu dugu».
Pozik daude lortutakoarekin, pozik bidearekin eta horri eutsi nahi diote. Eutsi eta, ahal bada, aurrera egin: «oraindik emakumezko eta gizonezkoen arteko arrakala ikaragarria da eta».
Itxaropentsu da Agirre. Pixkanaka «buelta ematen hasia» dela ikusten duelako: «bide horretan segitzen bada, poliki-poliki, emakumezkoak ere pilotatik bizitzea lortuko dela uste dut, hala nahiko nuke behintzat».