Klubari esker, «entrenamenduak, asegurua, kontratua...» izanen dituzte pilotariek: «orain arte izan ez ditugun aukerak emanen dizkigute». Elizalderen ustez, «maila hobetzeko baliabide horiek beharrezkoak dira». Eta, klubaren sorrerarekin, kirolariek aldaketak egin beharko dituztela uste du: «orain artean partidaren bat genuenean norberak erabakitzen zuen zenbat eta noiz ari». Orain, berriz, «talde bat» izanik, «konpromisoa» hartzeko beharra ikusten du: «denbora gehiago eskaini, entrenamenduak egin, zaindu...».
«Hobekuntza handiak»
Emakumezkoen pilotari «ikusgarritasun handiagoa» emateaz gain, kluba «gazteen etorkizuna bermatzeko» giltza izanen dela iruditzen zaio: «egun klubean gaudenok ttikitan utzi behar izan genuen eta ondokoek aukera izatea garrantzitsua da».
Gehiago ere bada: «atzetik heldu direnak gogor heldu dira, maila ona dute eta horrek ikusgarritasunean ere eragina izanen duela uste dut». Modu berean, gainera, «aurrera egiten» ere lagunduko duela iruditzen zaio. Argi du «denbora» behar izanen dela, baina «baldintzak hobetuz, baliabideak jarriz, laguntzak emanez...» berdintasunerantz pausoak eman daitezke: «fisiologikoki emakumezko eta gizonen aldea kontuan hartuz, indar aldetik zailagoa izanen da baina baldintza aldetik, epe luzera begira, ez dut ezinezkotzat jotzen baldintzak berdintze hori».