Irantzu ETXEBESTE IANTZI

«Pilotarioi gure maila ematen lagunduko digute baldintzek»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 1a, 09:00

Etxebestek «ahalik eta maila onena» eman nahi du pilotalekuan.

«Helburu amankomun bat elkartzeko etxea sortzea». Horixe da Irantzu Etxebeste Iantziren (Bera, 1987) ustez Ados pilota klubak egiten duen ekarpen handiena. Euren baldintzak hobetzen ez ezik, «ondotik datozen pilotarienak» garatzera bidean, «mugarri» izan dela uste du eta «etorkizuna eraikitzeko beharrezko bidean» sartu direlakoan dago.

Lehenbiziko txapelketan plazaz plaza ibili dira, «pilotaleku irekietan jokatuz ikusleengandik hurbil egon nahi dugulako eta gure jokoa ikusarazi nahi dugulako». Horretarako, partida gehiago, kontratupean eta «aseguru eta soldata batekin» jokatzen dituzte. Etxebesteren ustez, baldintzak «nabarmen» hobetu dira eta «gehiago» hobetuko direlakoan dago: «pilotariok gure maila eman nahi dugu pilotalekuan, eta baldintza horiek lagungarri dira». Baldintzak, ordea, ez dira aski, «konpromisoa» ere behar da. Hortaz, «gehiago entrenatu, forma fisikoa zaindu eta pilotalekuan orduak» pasatzen ditu beratarrak «ahalik eta maila onena emateko asmoz».

Egindako bideari hurrengoek segida

Urte guttitan «aurrerapauso handiak» eman diren arren, Etxebesteren arabera, «egiteko aunitz» dago eta bide horren parte-hartzaile sentitzea «pozgarria» da: «ezinezkoa zirudiena bizitzen ari gara, guk ez genuen erreferenterik eta bat-batean mugimendu honekin aurkitzeak ilusio handia eragin digu, indar haundia eman digu». Eurek egin dutenari ondokoek segida emanen dietela ikustea ere aberatsa da berarentzat: «gaztetxoek Plazaz plaza txapelketan gure aitzinetik partida jokatzeko aukera dute, esperientzia hartzen ari dira... Hagitz maila ona dute eta aitzinerago maila oneko pilotariak ikusiko ditugu».

Erlazionatuak

Plazak denonak direlako

Ttipi-Ttapa 2021 abu 01 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun