Apirilaren 16an egin zuten aurtengo lehenbiziko errepide mozketa, N-121-A errepideko 11 puntutan bortz minutuz, eta gaur aurtengo bigarren mobilizazioa egin dute, 20 minutuko bi mozketa: alde batetik, Alkaiagako bidegurutzean, N-121-A errepideko 63-64. kilometroan eta bertzetik, Uharteko Zokoarena biribilgunean, PA-30 errepideko 8-9. kilometroan Irungo noranzkoan eskuineko erreia moztu dute.
Horrekin batera, inguruko alkateek oharra bidali dute prentsara eta hainbat puntu argitu nahi izan dituzte. Alde batetik, «N 121A-PA-30 errepidea eta Belate eta Almandozko tunelen segurtasun ezari buruz solastatzeko, Nafarroako Gobernuak, zehazkiago Txibite lehendakariak, gure bilera-eskaerei kasurik egin gabe segitzen duela» adierazi dute, eta gisa berean, «gezurtatu» egin dute «gai hori lantzeko gobernua udaleko ordezkariekin edo Oronozko suhiltzaileekin bildu izana».
«Nafarroako Gobernuak iragarritako neurriek ez dute tunelen segurtasuna indartzen»
Nafarroako Gobernuak Belateko eta Almandozko tuneletan aireztapen-sistema berritzeko neurriak eta horientzako autobabes plan zehatza egiteko asmoa iragarri du. Alkateen irudiko, ordea, «neurri horiek ez dute tunel horien segurtasuna indartuko. Horrek ez du aireztapen-sistema eskasa hobetuko: Berrikuntza bat bertzerik ez da, zaharrak berriekin aldatzea, ez dira ez txarragoak ez hobeak. Autobabeserako plana etengabe eguneratutako dokumentua da, eta tunel horien nahitaezko ustiapen-eskuliburuan sartuta dago». Plan horren harira, «larrialdietako plana» dela argitu dute alkateek, eta bertzeak bertze, «behar bezala eguneratuta» egon behar duela.
«Nazioarteko garraioa desbideratzeak nabarmen hobetuko luke azpiegitura horien segurtasuna».
Garbi dute «nazioarteko garraioa desbideratzeak, 2.000 kamioi baino gehiago, nabarmen hobetuko lukeela azpiegitura horien segurtasuna». Are gehiago, tunelen segurtasun planaren inguruan «Nafarroako Gobernuak orain arte aurkeztutako alegazioak Europako Batzordeak ez dituela ontzat eman» oroitarazi dute. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren 2017ko txostena ere aipatu dute alkateek oharrean: «2017an trafiko astuna paraleloa den A15 autobidera desbideratze aztertzeko gomendatu zuen».
«Oieregiko eta Sunbillako tunelek ere ez dute betetzen Europako segurtasun zuzentarauak eskatzen duena».
Belate eta Almandozko tunelez harago, «Oieregiko eta Sunbillako tunelek ere Europako segurtasun zuzentarauak eskatzen duena ez dutela betetzen» azpimarratu dute.
Alkateen hitzetan, «2+1, tunelak, autobidea, bidesariak edo ezarri nahi diren neurriak errealitate bihurtzen ez diren bitartean, oraindik ere azpimarratzen dugu premiaz desbideratu behar dela inguruan jatorria edo helmuga ez duten salgaien nazioarteko garraioa, trafikoa libratzeko eta, bertze neurri batzuekin batera, N -121-A-PA-30 errepideen segurtasun eza, ezbehar-tasa eta heriotza-tasa murrizteko».
«Ez dugu ulertzen gobernuak zailtasun juridikoei buruz solas egitea».
Gobernuak desbideratzeko ezintasun juridikoak aipatu izan ditu baina alkateek diotenez, «ez dugu ulertzen gobernuak zailtasun juridikoei buruz solas egitea; izan ere, lege-estaldura 18/2018 Errege Lege Dekretua onartu ondotik ebatzi zelako, non 37/2015 Legearen 38. artikuluaren 6. paragrafoa gehitzen baita. Artikulu horrek adierazten du, segurtasunagatik, trafikoaren arintasunagatik edo ingurumen-arrazoiengatik, administrazio eskudunak ibilgailu astunei bidea itxi edo mugatu ahal izanen diela».
Hala, argi utzi nahi izan dute hori dela bidea: «ziur gaude errepide horren historia dramatikoak, etorkizuneko ezbeharren prebentzioak eta dagoeneko nazioarteko trafiko astunaren desbideraketa aplikatutako tokietan lortutako emaitzek erabat justifikatzen dutela nahitaezko desbideratze hori egitea».
Plataformarekin bat egiteko deia
Bertzalde, herritarren plataforma bat sortuko dutela oroitarazi dute. «Eta herritar guztiei eta kaltetutako entitate, erakunde eta udalerriei dei egiten diegu manifestuari atxikitzeko eta salaketa eta mobilizazio kanpainarekin bat egiteko».