Usaimenik gabe bizi edo bizitzen ikasi

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 09:00

Azken aldian askok galdu duten zentzumena da usaimena. Koronabirusak kendutakoa ez da arrotza Naroa Fernandez eta Bixente Iriarterentzat. Fernandezek inoiz ez du usainik antzeman eta Iriartek usaimena orain hamar urte galdu zuen

Mundua ikusi, aditu, ukitu eta dasta dezakete, baina ezin dute usaindu. Usaimenik gabeko eta, beraz, usainik gabeko munduan bizi dira Naroa Fernandez Zabaleta (Leitza, 1993) eta Bixente Iriarte Agirre (Narbarte, 1963). Usaimenak iradokitzen dizkigun irudiak, sentsazioak, oroitzapenak... arrotzak dira Fernandezentzat eta orain hamaika urte inguru itzali ziren Iriarterentzat.

Sortzetiko anosmia

Usaimena «ezezaguna» den zentzumena da Naroa Fernandezentzat. Sortzetiko anosmia edo usaimen falta du, Munduko Osasun Erakundearen arabera munduko biztanleriaren %5ak duen eta «jatorri zehatzik ez» duen gaixotasuna. 

Zenbait kasutan genetikarekin lotu izan duten gaixotasuna izan arren, bere kasuan horretarako «arrazoirik ez» dago: «egia da nire aitonak ez zuela dastamenik eta dastamen-papilak usaimenarekin lotura dutela, baina hortik harago,  familian ez dut usaimen arazoak dituen beste inor...».

Usaimen gabeziaz aspaldi ohartu zen Fernandez: «txikitan, gelakideek ikasgelan usain bat edo beste zegoela esaten zuten eta nik ez nuen sumatzen. Askotan galdetzen zidaten ea ez nuen usaintzen eta niretzat ezerk ez zuen usainik».  

Denbora luze joan zen ohartu zenetik medikuarenera joan arte eta diagnostikoa ere ez zuen berehala jaso: «hasieran esprai batzuk eman zizkidaten eta segituan pasatuko zitzaidala esan zidaten...». Familiako askok begetazioak izanak zituztenez, horrek oztopatzen ote zion ere begiratu ondotik, ezetz ikusi zuten: «orduan anosmia nuela baieztatu zuten eta ordura arte bezala usaimenik gabe jarraituko nuela esan zidaten». Jakin zuen momentuan Fernandez ez zen gehiegi larritu, horretara ohituta baitzegoen: «beste ezer ezagutzen ez nuenez ez dut gogoan garrantzi handirik eman nionik...». 

Naroa Fernandezek sortzetiko anosmia du.

Oztoporik ez

Inoiz izan ez duenak ez daki zer den edukitzea, eta beraz, ez du usaimena faltan sumatzen. Fernandez usaimenik gabe bizitzera ohituta dago eta «usaimena duen batek bezalatsuko» egunerokoa du: «ez dut oztopo handirik igartzen».

Alderen bat aipatzekotan, «gehiagotan garbitzeko beharra» izaten duela esanen luke: «askotan zerbaiten usaina ona edo txarra den jakiteko aldamenekoari galdetu behar izaten diot eta nire usaina nolakoa den ez dakidanez gehiagotan garbitzeko beharra sentitzen dut, arropak ere segituan botatzen ditut garbigailura...». Sukaldean ere prestatzen ari den hori gehiagotan begiratu behar izaten du: «zerbait erretzen hasten bada ezin dut usaindu eta...». Horrez gain, «gasa erabiltzea ez zait gustatzen, ez naiz oso eroso sentitzen».

«Bertzeek ez dituzten ohitura batzuk ditut»
Naroa FERNANDEZ, leitzarra

Usaimenik gabe bizitzeak ohitura jakin batzuk garatzea eragin dio Fernandezi: «maiz dutxatzen naiz, kozinatzez bukatu eta segituan sua itzaltzen dut...». Gaur «pentsatu gabe» egiten dituen arren, behin edo beste «ezustekoren bat» izana da: «egun batean, labea piztu nuen eta ez nintzen konturatu barruan zartagin bat zegoela. Hortaz, labea piztu eta berotu bitartean bigarren solairura igo nintzen. Hogei minuturen buruan behera jaitsi nintzenerako sukalde guztia ke beltzez estalia zegoen. Nonbait, zartagiari kirtena erre zitzaion eta kea ikusi nuen arte ez nintzen ezertaz jabetu...».

Usain txarrak bezala, onak  ere sumatu ezin dituen arren, zabal ditzake eta zabaltzen ditu Fernandezek: «usain atsegina izateko koloniak erabiltzen ditut». Aukeraketa, ordea, ez da bere esku izaten eta «ahizpak erabiltzen dituenak edo berak aholkatzen dizkidanak ematen ditut, badakit hoberenak aholkatuko dizkidala eta...».  

Dastatuz gozatu

Usaimena falta denean dastamenean eragina duela iruditzen zaigu maiz. Leitzarrarentzat, ordea, «katarroa izan zein ez jakiek zapore bera» dute. Gehiago ere bada: «dastamena badudala esanen nuke janariarekin asko gozatzen dudalako eta janariren bat txarra badago ahoan sartu orduko antzematen dudalako».

Edozein modutan, «gatzaren beharra» izaten du Fernandezek: «diotenez, gatzak zaporeak indartzen ditu...».  Zapore falta «zenbait infusiotan» antzeman izan du, baina hori «zaporea baino gehiago usaina izanen dutelako izan daitekeela» uste du: «hala ere, ez dakit gainerakoek zenbaterainoko zaporea hartzen dieten jakiei eta zaila egiten zait baloratzea...».

Usaimen gaixotasunak
Usaimen gaixotasun edo anomalia nagusiak anosmia, hiposmia eta disosmia izan ohi dira. Anosmia usaimenik ez izatea da eta batzuetan aldi baterakoa eta bestetan betirakoa izan ohi da. Infekzioek, zahartzeak, sendagai batzuk erabiltzeak, traumatismoak... eragin dezake. Hiposmia  usaimen sentikortasuna murriztua izateari deritzo eta hainbat gaixotasun eta lesioren ondorio izan daiteke; arnasbideetako infekzioek eta garezurreko lesioek eragiten dute. Azkenik, disosmia usaimen distortsioa da, usain neutralak txartzat hartzea eragin dezakeena.  

Ahoak eta sudurrak, eta beraz, dastamenak eta usaimenak, lotura dutela jakina den arren, bere kasuan, usaimen eza ez da konexio hori kaltetua izatearen ondorio: «usaimena bidaltzen duten nerbio sentsitiboak ez diote garunari informazioa bidaltzen edo asaldaturik iristen da eta nire buruak ezin ditu usainak interpretatu».

Dugunarekin bizitzen ikasi

«Egunerokoan bat-batean etortzen diren usain gozoak, janariak, lurrinak, mendiko elementuak, itsasoa, hainbestetan aditu dudan eta irudikatzea oso zail egiten zaidan usain pertsonal hori...» usaindu nahiko lituzkeen arren, Fernandezek anosmia ez luke beste zentzumen baten gabeziarekin aldatuko: «oso zail, ezinezkoa, zait zer den irudikatzea, askotan usain bati erreferentzia egiteko beste usain bat erabiltzen dute eta... Zer den ez jakinik ere nahiago dut usaimenik ez eta dastamena eduki janariaz gozatzeko». Gainera, «jendeak askotan ez usaintzea hobea dela esaten dit eta haiek deseroso daudenean ni ezer gertatuko ez balitz bezala egoten naiz...».

«Ondorio arinena izanik kontent nago»
Bixente IRIARTE, narbartearra

Fernandezek argi du norberaren itxura eta izatea, hein batean bederen, ez dela moldagarria eta horren aurrean «norberak duenarekin bizitzen ikastea eta egoera bakoitzean alde positiboenei erreparatzea» dela onena.

 

Bixente Iriartek orain dela hamaika urte inguru izandako istripuaren ondorioz galdu zuen usaimena. Argazkia: Gurutze Pikabea

Istripuak utzitako zapore garratza

Fernandezen lezioa bere egina du Bixente Iriarte Agirrek, txarrenetik onena ateratzen erakutsi baitzion 2010ean izandako lan-istripuak: «gibeleko aldera erori eta burua hautsi nuen, hasieran ez zekiten onik aterako nintzen ere, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean egon behar izan nuen bolada batez». Orduko oroitzapenik ez duen arren, ernatu zenean, gertatutakoaren ondorioak sumatzen hasi zen, istripuaren arrastoak zirenik ere jakin gabe: «ospitaleko janaria txarra zela eta ez zuela zaporerik uste nuen». Gerora jabetu zen dastamena galtzearen ondorioa zela: «etxeko janariak ere zaporerik ez zuela ikusi nuenean ondorioa izanen zela ohartu nintzen».

«Ikusmena eta dastamena aktibatuago dut»
Bixente IRIARTE, narbartearra

Dastamena «hilabete bat baino lehen» berreskuratu zuen arren, istripuaz geroztik usaimenik gabe dago Iriarte: «nerbio sisteman puntu bat gelditu zait, baina kontent egoteko moduan naiz, izan zitekeen ondorio arinena dela erran baitzidaten. Ezindu geldi nintekeen...». 

Bizimodu aldaketa

Anosmiak «bizitza aldatu» dio narbartearrari. Ordutik «beldurrez eta erne» bizi da eta eman dizkioten aholkuak zorrotz betetzen ditu: «medikuek hasiera-hasieratik janari edo edariak probatzeko erraten didatenean kontuz ibili behar nuela jakinarazi zidaten eta hala egiten dut. Lagunak edaten hasten diren arte ez dut edaten, brometan lixiba edo bertze zerbait paratuko balidate edaten hasiko nintzatekeelako».

Kontuz ibiltzeaz gainera, geroztik, lanean egokitzapenen bat egin izan du. Zabortegi batean aritu zen denboran, «sartzen nintzen tokian gasik bazegoen edo ez abisatzeko tresnatxo bat» eman zion enpresak eta hori erabiltzen zuen: «orain, berriz, fabrika batean ari naiz eta hor ez dut arriskurik».

«Ezustekoren bat izana naiz sukaldean»
Naroa FERNANDEZ, leitzarra

Alor gehiagotan ere sumatu du eragina eta bereziki «toki itxietan eta disolbatzailea edo bertzelako osagai kimikoak erabili behar ditudanean erne ibili behar izaten dut. Norbait etorri eta jakinarazten didan arte edo begiak negar malkotan hasi arte ez naiz konturatzen».

Halako egoeretan, zentzumenak indartu zaizkionik ez du uste, baina zenbait egoeratan gehiago baliatzen ditu: «lehen usaimenarekin antzematen nuena ikusmenarekin eta dastamenarekin egiten dut orain, horiek aktibatzen ditut». 

Usaimena eta apetitua

Hasiera «zaila» izan zen eta «gaizki» pasatu zuen arren, usaimenik gabe bizitzera ohitu da Iriarte. Dena den, argi dio usaimen falta sumatzen duela: «urdaiazpikoa frijitzen ari denean izaten den usaina, gazta on batena... jatekoaren usain hori». Eta usaimenik ezak apetituan ere eragin dio: «jaten dut, baina ez da gauza bera. Janari usainarekin gosea usaimenetik sortzen da eta orain horrelakorik ez dut, horretan aldaketa antzeman dut». Kontrakorik ere gertatu zaio, eta «usainak ikatuta» utzia zuen whiskia, erraterako, «orain gustura edaten dut».

Berak falta duena ez du inork begi hutsez ikusten baina bizimoduan eragin zuzena izan du berarentzat: «ez gara dugunaz ohartzen falta dugun arte». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun