Irati Arrieta Agirre

«Usaina berria denean sumatzen dut baina ohitu ahala galdu egiten dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 24a, 10:00

«Usaimenarekin bueltaka» dabil azken sei hilabeteetan Irati Arrieta Agirre (Sunbilla, 1993). 

Itxialdia eta ondorioak

Urri bukaeran «sukarra eta ondoeza» sentituta jo zuen medikuarenera eta «egia erran ez nuen koronabirusa izatea espero...». Usteak ustel, emaitza positiboa izan zen. Momentu hartan, lan egiten duen eskolan, jantokiko langileen artean, agerraldi bat zegoen arren, ez daki han kutsatu zen: «ez dakit nik hortik hartu nuen edo nik neuk kutsatu nituen haiek; ez dakit transmisioa nola izan zen».

«Dastamena badut, zaporea lehen bezala ez hartu arren»

Irati ARRIETA, Sunbillako gaztea

Kontuak kontu, berak amari pasatu zion: «positibo eman nuenerako ama ere kutsatua nuen eta positiboa zen» eta berarekin pasatu zuen itxialdia: «biok elkarrekin eta aitak bere gelan pasatu genituen egun horiek eta egia erran ez zen zaila izan, hasierako bi egun horietan sukarrarekin nengoenez ez bainuen etxetik ateratzeko gogorik ere». Okerrena azkeneko bi egunak izan ziren berarentzat, «ateratzeko eguna ailegatu zenean, usaimenik gabe nengoenez, bi egun gehiago luzatu zidaten itxialdi hori...».

Medikuarenera jo zuenean Arrietak ez zekien usaimenik gabe zegoenik: «ez naiz inoiz usaimenari interes handiegirik paratzen dion pertsona izan eta orduan ere ez nintzen ohartu. Etxera joan eta gela ematen hasi nintzenean ohartu nintzen».

Usaimenik ezak dastamenean eragin dion arren, hori ez du galdu: «usaimen falta horrengatik zaporearen %100 ez dut hartzen akaso, baina horretan ez dut eragin aunitzik izan».  Berak ez bezala, amak falta sumatu zuen: «egun batean ez ziola jakiei zaporerik hartzen erran zidan, baina segituan bueltatu zitzaion». 

«Sei hilabete pasatu dira eta usaimena ez zait guztiz bueltatu»

Irati ARRIETA, Sunbillako gaztea

Bertzelakoa da bere kasua: «oraindik usaimenarekin borrokan ari naiz, batzuetan usaintzen dut, bertze batzuetan ez... Hala ere, ez dudanean ere ez naiz jabetzen. Norbaitek 'zer usain txarra dagoen' aipatzen badu orduan ohartzen naiz ez dudala...».

Ez da bere kasua bakarrik: «nire lagun batek ere usaimena galdu zuen eta oraindik ez du errekuperatu». 

Usainak usaintzen

«Sentsazio arraroa» eragin dio usaimen faltak Arrietari: «bolada batean usain txar bat usaintzen nuen etengabe, edozer usainduta ere usain hori bera zuen... ez zen katarroak eragindako usain falta bat bezalakoa».

Pixkanaka, hasi da usainak antzematen eta horrek «noizbait bueltatuko delako itxaropena» eragiten dio.  Adibidez, «usain fuerteak direnean, kolonia aunitz bota duen norbait hurbiltzen denean, sumatzen ditut, usain berria delako edo... baina ohitu ahala ez dut usaintzen».  

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun