N-121-A

N-121-A errepidean nazioarteko trafiko astuna murrizteko aukera baztertu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 18a, 13:30

N-121-A errepidean kamioien nazioarteko trafikoa murrizteko baldintzak ez direla betetzen uste du Nafarroako Gobernuak.

Javier Remirez bozeramaileak ulertzen du alkateen «kezka», baina azpimarratu duenez, «dagoeneko lanean ari gara, bai 2+1 trazadurarako jarduketekin, bai tunelekin». Alkateek kezkatuak ez ezik, haserre ere badaudela erantzun dute.

Gobernuaren ustez, «ez dira baldintzak betetzen» bide horretatik nazioarteko trafikoa murrizteko «segurtasun juridikoaren ikuspuntutik».

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, «N-121-A errepidearekin eta Belate eta Almandozko tunelen segurtasunarekin zerikusia duen guztia lehentasun bat izan da eta da oraindik ere» Gobernuaren ustez, baina, orain, «ez dira baldintzak betetzen» bide horretatik nazioarteko trafikoa murrizteko «segurtasun juridikoaren ikuspuntutik».

Hala adierazi zuen Remirezek, asteazkeneko gobernu saioaren ondorengo prentsaurrekoan kazetariek egindako galderei erantzunez, astearte honetan N-121-A igarotzen den udalerrietako hogeita hamar bat alkatek eta Oronoz-Mugairiko parkeko suhiltzaileek errepidea moztu ondotik segurtasun neurriak eskatzeko.

Kontseilariak nabarmendu duenez, «gobernu honek tunelak bikoiztea erabaki zuen agintera ailegatu eta bi hilabetera», eta zehaztu du trazadura-proiektua prestatzen ari direla eta erredakzioa apirilean jendaurrean izatea espero dutela.

Gobernuaren eledunak gogorarazi duenez, «jarduketa honek 100 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriko du» eta «2022. urtearen amaieran edo 2023aren hasieran hasiko dira obrak eta tunelak egokitzeko lanak gehienez ere 2025. urterako bukatu nahi ditugu».

Hala, Remirezek adierazi du ulertzen dutela alkateen «kezka», eta azpimarratu du «lehentasuna dela gobernu honentzat eta dagoeneko abian garela horretarako, bai 2+1 trazadurarako jarduketekin, bai tunelekin».

Gobernuak nazioarteko garraioaren trafikoa murrizteko aukerarik ba ote duen galdetuta, alkateek eskatu duten bezala, hauxe adierazi du: «gobernuek erabakiak arrazoitu behar dituzte, eta horrelako edozein erabakik motibatuta eta zuzenbidean oinarrituta egon behar du».

Azaldu duenez, «orain ez dago neurri hori segurtasun juridikoaren ikuspegitik hartzeko baldintzarik». Eta nabarmendu duenez, «ezbehar kopurua murrizteko edozein erabaki gobernu honek hartuko du, baina beti behar bezala arrazoituta eta segurtasun juridikoan oinarrituta».

«Kezkatuak ez ezik, haserre ere bai»

«Argi dago borondate politiko kontua dela eta 'soluzioen gobernua' omen den gobernu honek ez du N-121-A errepidea egunero erabili behar dugunontzako soluzio politikorik»

Juankar UNANUA, Igantziko alkatea

Gure inguruko alkateek harriduraz hartu dituzte Gobernuko bozeramailearen solasak, kontuan hartuz horrelako erabakiak bertze lekuetan hartu direla, baita Auzitegi Gorenaren babes juridikoarekin ere. Juankar Unanua Igantziko alkateak aipatu digunez, «kezkatuak ez ezik, haserre ere bagaude, bai errepidearen eta Belateko tunelen egoerarekin, baita gobernuak eman duten erantzunarekin ere. Argi dago borondate politiko kontua dela eta 'soluzioen gobernua' omen den gobernu honek ez du N-121-A errepidea egunero erabili behar dugunontzako soluzio politikorik».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun