N-121-A

Belate eta Almandozko tuneletan aireztatze-sistema berrituko dutela iragarri du gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 17a, 11:00

N-121-A errepide inguruko hainbat eta hainbat alkatek eta Oronozko suhiltzaileen parkeko suhiltzaileek Belate eta Almandozko tunelak «arrisku handikoak» direla salatzeko eta segurtasuna eskatzeko Belateko tunela moztu duten egunean, Nafarroako Gobernuak bi tuneletan aireztatze-sistema berritzeko 40 haizagailu paratuko dituela iragarri du.

Arrisku handikoa, segurtasuna orain! pankarta aitzinean zutela, 30 bat alkatek eta Oronozko parkeko suhiltzaileek bidea itxi zuten atzo arratsaldean Belateko tunelaren iparraldeko ahoan. Tunelak Europar Batasunak ezarritako segurtasun-eskakizunetara egokitzeko atzerapena salatu zuten, eta nazioarteko garraioa errepidetik kentzea aldarrikatu zuten.

Are gehiago, gaur, martxoaren 17an, Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesio kontseilariari eskaera zuzentzekoa diote, batetik, «behin-behinean, eta azpiegitura horiek aipatutako zuzentarauak eskatzen duen segurtasun-mailara behin betiko egokitzen ez diren bitartean, premiazko neurri osagarriak ezarri eta hartzeko» eskatuz, eta bertzetik, «tunelen segurtasuna areagotzeko hartuko diren edo indartuko diren neurri alternatiboak, horien probak barne, arriskuen analisi baten bidez jakinarazteko». Udal eta kontzejuetako 71 alkate eta Oronozko parkeko 34 suhiltzaileren atxikimendua duen oharra ere kaleratu dute berriki, «egunero Belateko eta Almandozko tuneletatik pasatzen diren milaka erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko premiazko neurriak» eskatzeko.

Bada Nafarroako Gobernuak atzo adierazi zuen Lurralde Kohesiorako Departamentuak 1,4 milioi euroko inbertsioa eginen duela Belate eta Almandozko tuneletan aireztatze-sistema berritzeko. Zehazki 40 haizagailu berri paratuko dituztela erran du, horietatik 22 Belateko tunelean eta bertze 18ak Almandozkoan.

Gaur egungo aireztatze-sistema kenduta paratuko dituzte berriak eta «bi helbururekin» eginen dituzte. Alde batetik, «tunel barrenean ingurumenaren kutsadura-maila baldintza egokietan mantentzeko» eta bertzetik «suteren bat baldin bada aireztatze-sistemak tunel barrenean sortutako kea kudeatzeko». Gobernuak prentsa-oharrean gaineratu duenez, «tunel barrenean suteren bat izaten bada kearen kontzentrazioa arrisku faktoreetako bat da».

Azaldu dutenez, «sistema berri guztiak berdinak izanen dira» eta bertzeak bertze, «bi orduz 400 gradura arteko erresistentzia» izanen dutela nabarmendu dute.

Lanak ondoko egunetan esleituko dituztela espero dute eta enpresa arduradunak «gehienez zortzi hilabeteko epea» izanen du lanak bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun