Nafarroako euskarazko hedabideak

1,2 milioi bisitatik gora izan ditu ERRAN.EUS-ek 2020an zehar

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 3a, 13:00

ERRAN.EUS bisitatzen duten gehienak mugikorretik sartzen dira

2019ko datuak ia-ia bikoiztuz, 2020an 1.255.433 sesio edo bisita egin dituzte ERRAN.EUS-eko erabiltzaileek, eta bisita horietan 2.572.898 orrialde ikusi dituzte. Erabiltzaileak 385.579 izan dira. Konparazioan, 2019an 661.999 bisita egin ziren eta 1.420.839 orrialde ikusi.

2020a urte zaila izan da: Covid-19aren pandemiak arlo guztietan eragin du bete betean, elkar zaintzak inoiz baino pisu handiagoa hartu du eta tokian tokikoak garrantzia irabazi. 

Hala izan da ERRAN.EUS-en kasuan ere, koronabirusaren azken ordukoek eta eguneroko datuek markatu dute agenda. Erabiltzaileek TTIPI-TTAPAk eskaintzen dien hurbileko informazioan erakutsitako interesa eta konfiantza altua izan da, eta hori aise nabaritu da 2020an ERRAN.EUS webguneak lortu dituen datuetan: erabiltzaileak, saioak, orrialde bisitatuak… Denak egin du gora, modu nabarmenean. 

Urtetik urtera, sendotzen ari da ERRAN.EUS kanal digitala eta, beldurrik gabe erran dezakegu Xorroxin irratiak eta Ttipi-Ttapak elkarlanean egiten duten edizio digitala Nafarroako medio digitalen artean erabiltzaile gehien eta audientziarik handiena duen hedabidea izateaz gain, Mendialdeko tokiko informazioaren kontsumoan oinarri-oinarrizko azpiegitura bihurtu dela. 2020ko datuak aztertuta, kopuruak adierazgarriak dira benetan.

2019an 1,4 milioi orrialde bisitatu zituzten ERRAN.EUS-eko erabiltzaileek, 2020an ia 2,6 milioi izan dira guztira. Erabiltzaile kopurua ere altuagoa izan da, eta 2019ko 167.581etik 256.711ra igo da 2020an. Webguneak guztira jasotako bisita kopurua 2019ko 661.999tik 1.255.433ra igo da. 

Bisita gehien jaso dituzten atalak

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, webgunean egunero eman diren datuak izan dira zalantzarik gabe interes handiena piztu dutenak. Eta hilabete dezente igaro bada ere, ia egunero albisterik irakurriena izaten segitzen du. Hala, koronabirusari lotutako bi atal bereziak; Covid-19a gurean eta Azken datuak (grafikoen orrialdea), urteko hamar orrialde ikusienen artean kokatzen dira.

Gainerako orrialdeei dagokienez, eskelak, merkatu ttikiko iragarki sailkatuak eta urtebetetzeak ere hamar bisitatuenen artean sartu dira. Eta ez hori bakarrik, hauek ere gora egin dute, %62,17 eskelak eta %54,69 iragarki sailkatuak. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun