Lesakaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021rako egitasmo nagusiak ere onartu zituzten batzarkideek. Urte berezia izan da 2020a, eta UEMAk ere pandemiak eragindako egoerara egokitu eta moldatu behar izan ditu lanerako ildoak. Batzar Nagusia online egitea bera izan da horren erakusleetako bat.
Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.
2020ko balantzeari dagokionez, udan UEMAk, 61 udalek eta bortz garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu zuten, landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik. Horrez gain, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, etorri berrientzako harrera protokoloak edota herritarrak kontzientziatzeko ekimenak ere gogoratu zituzten.
2021erako onartutako egitasmoak
Udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte.
Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: milaka ikaslerengana heltzen den Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak.
Bestetik, ikerketa arloa: kale erabilera neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, edota haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa.
Hirugarrenik, ekimen berritzaile gisa, UEMAk bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izanen da zerbitzu berria, beti ere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadin bermatu ondotik.