Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du Udalak, urriaren 29ko udal osoko bilkuran. Gaur egun, 87 udalek osatzen dute UEMA, eta 88. udala izanen da Lesaka, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Guztien artean, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.
Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, «euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk».
Herritarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.
UEMAk abenduaren 12an du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza eta aurrekontua onartzeko. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onartzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izanen dira UEMAko kideak.
Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte. Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Orain, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Udala. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko sei ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko bortz zinegotzien abstentzioarekin onartu zuten erabakia.
Bideo emanaldia
Lesaka UEMAn sartu dela eta, Hiru aldiz euskara bideoaren aurkezpena eginen dute azaroaren 15ean, igandean 18:30ean Harriondoan. Mikel Leitzak eta Lesakako Euskara Batzordeak egin dute bideoa.