Lazkanok eta Elexpuruk gogoratu dutenez, atzokoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Nafarroako Parlamentuko batzordeetan azken urteotan egindako bosgarren lan saioa izan da, betiere langile publikoen hizkuntza eskakizunen inguruko txostena aurkezteko, parlamentariei dagozkien azalpenak emateko eta eskaerak egiteko. Agerraldian, bertzeak bertze, eremu euskaldunetako lanpostuetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea eskatu dute berriro ere, herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea berariaz bermatu dadin eremu euskaldunetan.
Zehazki, honako arlo hauetako lanpostuak lehentasunezkotzat jo ditu UEMAk: osasun arlokoak, liburuzainak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak, mendizainak, foruzainak eta baita Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoak ere.
Osasun arloari dagokionez, euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan EB2 maila eskatzen da. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak dituen datuen arabera, 2019an Nafarroako Gobernuarekin lotutako zerbitzuetan 71 herritarren kexa jaso zituzten. Kexa horietatik 38 (%53,5) osasun arloari zegozkionak izan ziren, hau da, Osasunbideak eskaintzen duen zerbitzuarekin lotutakoak.
Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoei dagokienez, euskaraz egin litezkeen tramiteen egoera larria da. Egoitza Elektronikoan tramite guztien %23 egin liteke euskaraz. Administrazio Publikoaren katalogoan, berriz, %2,5 besterik ez.
Horiek guztiak kontuan hartuta, eta arlo guztietako egoera aztertuta, honako eskaerak eta proposamenak egin ditu gaur UEMAk Nafarroako Parlamentuan:
Osasun arloari dagokionez:
- Eremu Euskalduneko Osasun etxeetan, eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea.
- Gauza bera pediatrei, medikuei, larrialdi zerbitzuetako medikuei, eta jendaurrean lan egiten duten langileei (erizainak, administrari-harreragileak…).
- Behar bezalako zerbitzua emateko EB2 maila nahikoa ez dela ikusita, lanpostu horietan EC1 maila eskatzea.
- Hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat egitea. Batetik, plaza elebidun gehiago izan daitezen bermatzen joateko; bertzetik, plaza elebidunetan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen bermatzeko.
- Gainerako arloetan ere urratsak ematea: paisaia linguistikoa, informazio-orriak, mamografietarako hitzorduak, mamografien txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SMS-mezuak, baja-agiriak, eta abar.
Bestelako zerbitzuei dagokienez: liburuzainak, mendizainak, Nafar Lansare, foruzainak…
- Eremu euskalduneko lanpostuetarako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea.
- Lehentasuna jendaurreko lanpostuek izatea; herritarrekin harreman zuzena dutenek.
- Lanpostu horietarako eskatu beharreko maila lanpostuaren zereginak betetzeko modukoa izatea.
- Langile elebidunak egon daitezen bermatzea, bai behin-behineko zein behin betiko euskarazko plazetan, eta baita haien ordezkapenetan ere.
- Gainerako esparruetan ere urratsak ematea: hizkuntza-paisaia, informazio-orriak, aipuak, inprimakiak, webguneetako edukiak, SMS mezuak…
- ZIRKUITU ELEBIDUNAK: herritar elebidun batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzu elebiduna jasotzeko eskubidea bermatzea. Hau da, zerbitzuaren prozedura osoa amaitu arte egin beharreko ibilbidean, arreta osoa elebiduna izan dadin bermatzea.
Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoei dagokienez:
- Nafarroako Gobernuaren Egoitza Elektronikoaren bidez herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoak bi hizkuntza ofizialetan egiteko aukera bermatzea.
- Administrazio publikoaren katalogoaren bidez egin daitezkeen tramiteak bi hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko aukera bermatzea.
Agerraldia amaitzeko, Nafarroako Euskararen I. Plan Estrategikoan jasotako hitzak gogorarazi dituzte UEMAko ordezkariek: «Udalerri euskaldunetan edo euskararen arnasgune diren lekuetan euskarak gizarte bizitzan duen nagusitasuna zaindu eta sendotu beharrekoa da. Hizkuntza orok kualitatiboki osoak eta trinkoak diren gizarte guneak behar ditu, eta euskarak Nafarroan bereak baditu eta izaten segitu behar du».
Alderdiak, esker onez eta elkarlanerako prest
Lazkanoren eta Elexpururen aurkezpenaren ondotik, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek hartu dute hitza. Agerraldia eskatu duten Geroa Baik eta EH Bilduk lehenik, Navarra Sumak ondotik, eta PSNk azkenik. Podemos-Ahal Duguko ordezkariek ezin izan dute lan saioan parte hartu.
Geroa Baiko Uxue Barkosek eskertu egin du UEMAren lana eta gaur aurkeztutako txostena, interesgarria ez ezik beharrezkoa ere badela adierazi du. «UEMAko kide diren Nafarroako udalen ahotsa eta gure erkidegoan arnasgune diren udalen kezkak, beharrak eta eskakizunak» parlamentura eramateagatik eskerrak eman dizkio UEMAri. Nafarroako Gobernuaren sailek hizkuntza planak onartuta dituztela, baina hainbat arlotan horiek gauzatzeko arazo zehatzak daudela gogoratu du. Pediatren adibidea aipatu du. Dena dela, UEMAk lehentasunak eta proposamen zehatzak ere egin dituenez, «gaur hemen azaldutako lehentasunei Nafarroako Gobernuak erantzun egokia» emanen dielakoan agertu da.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere eskertu egin du UEMAren agerraldia, «Nafarroako herritar askoren kezka diren gaiak parlamentu honetara ekartzeagatik». Dena dela, UEMA antzeko txostenekin eta gai honekin parlamentura joaten den bosgarren aldia dela gogoratu du: «Gai honek ibilbide luzea du parlamentuan. Beti zarete ongietorriak, baina horrek ere alde iluna erakusten du. Azken zazpi urteetan azterketa eta proposamen ia beretsuekin etorri behar izan duzue. Beraz, ezer gutxi aurreratu da. Gainera, kontuan hartzen badugu herri hauek euskararen arnasguneak direla eta biztanleen %70etik gora euskalduna dela, larria da egoera». UEMAk txostenean bildutako eskubide urraketak aipatuz, zerbitzu telematikoen datu «izugarriak» nabarmendu ditu, agerian uzten dutelako «printzipioz elebidun izan beharko lukeen zerbitzu oso batek noraino urratzen dituen nafarron eskubideak». UEMAk aldarrikatu dituen herritarren eskubideak bermatzeko egiturazko aldaketak behar direla defenda du. «Udalerri euskaldunetako herritarrek legez aitortuta dituzten eskubideez ari gara. Hizkuntza hautatzeko eskubideaz ari zarete. Hautatzeko askatasunaren kontzeptua askotan entzuten dugu. Euskararen kontuak borondatezkoa beharko lukeela. Bada, kasu honetan, euskararen legeak aitortzen dituen eskubideak dira urratzen direnak eta txosten honek biltzen dituenak, eta eskubide horiek gauzatzea eta bermatzea besterik ez du eskatzen UEMAk».
Navarra Sumako Iñaki Iriartek ere eskertu egin du UEMAren ekarpena, baina bidean dauden zailtasunak nabarmendu ditu, batzuetan ezinbestean osasun eskubidearen eta hizkuntza eskubideen artean hautatu behar delako, eta horrelakoetan «osasuna hizkuntza eskubideen gainetik lehenetsi behar da. Ahal bada, ongi, baina bestela postu horiek ezin dira hutsik utzi. Maiz ez da erraza C11 duen pediatrarik aurkitzea. Ni ez naiz gai izanen irtenbide salomonikoren bat aurkitzeko, baina denon artean bidea egin dezakegu, lasaitasunez eta aurreiritzirik gabe mintzatuz. Izan ere, UEMA askotan elebakartasunaz mintzo da, baina UEMA osatzen duten herrietan euskalduna ez den jendea ere bizi da. Euskaldunak ez diren herritarrak. Edo euskaldunak izanda ere, titulurik ez dutenak. Haiek ere badute euren herrietan lan publikoetara iristeko eskubidea. Beraz, UEMAko herrietan, erdaldunak ere kontuan hartu behar dira. Dena dela, sentiberak gara planteatzen duzuen arazoaren aitzinean. Ulertzen dugu problema hori existitzen dela, eta irtenbide bat aurkitu beharko zaio. Betidanik erran dugu euskarak politika bereziak behar dituela herri horietan, non gehiengoduna den, baina aldi berean eskatu nahi nizueke elebakartasunaz mintzatzea ez dela arazoak konpontzeko modurik onena».
Azkenik, PSNko Inma Juriok ere eskertu egin du UEMAren ekarpena, UEMAk salatutako eskubide urraketak eta egindako eskariak urteetan errepikatu direla eta, beraz, hizkuntza eskakizunen gaiari azken agintaldietan ez zaiola erantzunik eman esanez. «Badirudi orain ere ez dela betetzen ari». Iriartek aipatutakoaren ildotik, zenbait eskubideren arteko oreka aurkitzea askotan ez dela erraza esan du, guztiak eskubideak izan arren. Dena dela, aurrera egiteko borondatea nabarmendu nahi izan du. «Beharbada, plaza batzuetan zaila da tituluak eta postuaren eskakizunak bateratzea. Baina beharrezkoa iruditzen zaigu Nafarroako eremu euskaldunetan euskara sustatzen eta aldarrikatzen segitzea, udalerri horiek arnasgune izaten segi dezaten, hizkuntza horren zabalkundeari eta garapenari laguntzeko. Izan ere, gure gizartearen ondarea dira arnasguneak».
Alderdiei erantzunez, Iraitz Lazkanok eta Aitor Elexpuruk alderdiek gaur erakutsitako jarrera eskertu nahi izan dute: «Eskubideez ari gara, eta eskubide horien urraketak biltzen ditugu txosten honetan, egoera iraultzeko neurriak proposatzearekin batera. Baina aurrera ere egin da hainbat kontutan. Alde onak ere badaude. Beraz, elkarlanerako prest gaude, eta eskertzekoa da gaur alderdi guztiek hemen erakutsitako jarrera. Izan ere, sentsibilitate ezberdinak daude hemen, baina orokorrean aldeko hitzak izan dituzue gaur udalerri euskaldunekiko».