«Bi aldeek adostutako behin betiko konponbidea» eskatu dute Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 3a, 14:20

Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek Mikel Berekoetxea lankidea kaleratzeko proposamena bertan behera uzteko eskatuz oharra kaleratu zuten atzo. Horri erantzunez, Unai Miranda Mendialdea Mankomunitateko lehendakariak garbi utzi nahi izan zuen «langile horri zigor espedientea irekitzeko arrazoi bakarra ustezko iruzurra era jarraian egin izana» izan dela. Horren ondotik etorri da bilketan aritzen diren langileen erantzuna eta Berekoetxearen lana aitortzeaz gain, «zigor espedientea irekitzeko langile bati detektibeak jarri izana» salatu dute.

Atzo Unai Miranda Mendialdea Mankomunitateko lehendakariak TTIPI-TTAPAri egindako adierazpenei erantzun nahi izan diote hondakin bilketako langileek. Berekoetxea lankideak egindako «lan sindikala eta prebentzio lana aitortu» nahi izan dute eta «harriduraz» hartu dute «zigor espedientea irekitzeko langile bati detektibeak zelatan jarri izana, baita bere etxe barruko intimitatea urratuz ere».

Hitz egiteko prest daudela nabarmendu zuen atzo presidenteak, eta horren harira honela mintzatu dira langileak: «azaroaren 4an, asteazkenean, 11:00etan, Batzar Orokorra eginen da kaleratze espedientea gauzatzeko. Ordu horretan langileok ezingo diogu Mikeli elkartasunik adierazi, baina dei egiten diegu herritarrei Leitzako plazara bertaratzeko». 10:30ean egina dute deialdia.

Horrekin batera, euren nahia arazoari «bi aldeek adostutako behin betiko konponbidea ematea» dela adierazi dute eta «zuzendaritzarekin dugun harremana normalizatu» nahi dutela ere gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun