«Zigor espedientea ustezko iruzurrarekin lotua» dagoela adierazi du Mendialdea Mankomunitateko lehendakariak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 2a, 15:31

Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek idatzia kaleratu dute gaur Mikel Berekoetxea lankidea kaleratzeko zuzendaritzaren proposamenaren inguruan euren desadostasuna adieraziz, eta «proposamen hori bertan behera uzteko eta espedientea artxibatzeko» eskatu dute. Horren harira, argi mintzatu da Unai Miranda Mendialdea Mankomunitateko lehendakaria. Garbi utzi nahi izan du «langile horri zigor espedientea irekitzeko arrazoi bakarra ustezko iruzurra era jarraian egin izana» izan dela. 

Mankomunitateko presidenteak «harriduraz» hartu du bilketako langileek egindako idatzia eta «beti hitz egiteko prest» agertu direla nabarmendu du. Espedientea «oraindik zabalik» dagoela ere argitu du Mirandak, eta langileak espediente horretan «berme guztiak» izan dituela gaineratu du. Herritarrak «ez nahasteko», «argi eta garbi» utzi du «zigor espedientea era jarraian egindako ustezko iruzurrarekin lotua» dagoela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun