Lankide baten kaleratze proposamena bertan behera uztea eskatu dute Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 2a, 12:00

Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileak ez daude ados zuzendaritzaren jarrerarekin.

Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek beraien desadostasuna adierazi dute Mikel Berekoetxea lankidea kaleratzeko zuzendaritzaren proposamenaren aurrean eta «proposamen hori bertan behera uztea eta espedientea artxibatzea» eskatu dute.

Joxean Irizar, Iñigo Iparragirre, Joxe Mari Aizpitarte, Urko Gorostidi, Iñigo Baigorri eta Asier Elizegi, Mendialdea Mankomunitateko hondakin bilketako langileek sinatutako oharrean aipatu dutenez, «2010ean Mankomunitatea sortu zenetik, langileok gure lan baldintza prekarioak eta lan osasun eta arriskuen inguruan zeuden gabeziak zuzentzeko borrokatu behar izan dugu». Aurrez Nafarroan sortuak ziren beste mankomunitateetako langileen lan baldintzak berdintzen saiatu dira.

Bide horretan, langileen delegatua izan den Mikel Berekoetxeak eskatu behar izan ditu neurriak gabezia horiek zuzentzeko, «bai Nafarroako Osasun Publikoko Institutuari kontsultak eginez, baita LAB sindikatuko beste delegatuei laguntzak eskatuz».

Langileen erranetan, «zuzendaritzatik ez da bide horretan borondaterik izan, oztopoak baizik. Zoritxarrez oraindik ere asko dira zuzentzeko dauden gabeziak. Orain, berriz, lan hauetan jardun den delegatua kaleratzeko prozesu planifikatu eta biziatu baten aurrean aurkitzen gara».

Hori dela eta, langileek argi utzi nahi dute ez daudela inola ere ados Mikel Berekoetxea kaleratzeko zuzendaritzaren jarrerarekin eta «berak eginiko lana goraipatzen dugula». Aipatu bezala, kaleratze proposamena bertan behera uztea eta espedientea artxibatzea eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun