Koronabirusa

Zer egin daiteke eta zer ez?

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 22a, 10:00

Argazkia: Goiena Komunikazio Taldea

Gauerdiaz geroztik indarrean dira Nafarroan ezarritako neurri berriak. Nafarroa itxita gelditu da, gobernuak debekatu egin baitu Nafarroan sartu edo Nafarroatik ateratzea. Arrazoi jakin batzuengatik baino ezin izanen da hori egin, lana, zaintza, ikasketak edo ospitalera joateko, bertzeak bertze. Jatorria eta helmuga Nafarroa ez bada, bertako errepidetatik pasatu ahal izanen da. Hori bai, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak zabalik segituko du oraingoz.

Guttienez azaroaren 4ra arte izanen dira indarrean neurriak, baina «luzatzeko, egokitzeko edo bertan behera uzteko» aukera aipatu ditu Nafarroako Gobernuak.

Neurri orokorrak

  • Maskara era egokian erabili.
  • 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu.
  • Eskuak garbitu, gel hidroalkoholikoarekin edo ura eta xaboiarekin.
  • Lokalak aireztatu.
  • Gainazalak garbitu eta desinfektatu.

Ezin da Nafarroan sartu edo Nafarroatik atera

Debekatuta dago Nafarroan sartu edo Nafarroatik ateratzea, salbuespen kasu hauetan izan ezik:

  • Osasun zentro eta ospitaletara joateko. Horretarako medikuaren hitzordua beharko da erakutsi.
  • Ikastetxeetara joateko. Horretarako matrikula orria edo ikastetxeko ziurtagiria, eta unibertsitateko ikasketen kasuan unibertsitate txartela beharko da erakutsi.
  • Lanera joateko, enpresak langileari eginen dion ziurtagiriarekin edo autonomoen kasuan IAErekin.
  • Ohiko bizilekura bueltatzeko. Horretarako NAN edo errolda-agiria beharko da.
  • Adinekoen, haurren, mendekotasuna dutenen eta ezinduen zaintza egiteko. Horretarako gizarte edo medikuen ziurtagiriak beharko dira.
  • Maila altuko kirol lehiaketak, izen-emateko ziurtagiriarekin.

Gisa berean, errepideetatik Nafarroa zeharkatzea baimendu dute, beti ere, jatorria eta helmuga Nafarroatik kanpo baldin badaude.

Bilkura publikoak eta pribatuak

  • Karrikan gehienez sei lagun elkartu ahal izanen dira, etxe berean bizi direnak kontatu gabe.
  • Soilik etxekoekin elkartzea gomendatu dute, guttienez bi asteotan.

Karrikan erre daiteke?

  • Bi metroko tartea mantendu ezin den kasuetan, karrikan erretzea debekatua izanen da.

Ostatuak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak itxita

Ostatuak eta jatetxeak itxita egonen dira. Salbuespen kasu hauetan bakarrik irekitzen ahalko dira:

  • Hoteletako eta gisako alojamenduetan bertan dauden bezeroei jatekoa zerbitzatu ahal izanen diete.
  • Etxera jatekoa eramateko aukera izanen dute. Hitzordua hartuta, bezeroek jatetxean jatekoa biltzeko aukera ere izanen dute, baina beranduenez, 21:00 baino lehen.
  • 21:00etatik 08:00etara alkohola saltzea debekatua izanen da.
  • Elkarte gastronomikoak ere itxita egon beharko dute.

Parkeak eta kanpoan dauden erabilera publikoko kirol eremuak

  • Beranduenez 21:00 arte egonen dira irekita.
  • Edukiera gehienez %30ekoa izanen da.

Hiletak, beilak eta gurtza tokiak

  • Hileta eta beiletan toki irekietan gehienez 25 lagun bildu ahal izanen dira eta toki itxietan gehienez 10.
  • Gurtza tokietan gehienez edukieraren %30 baimendu dute, kasu guztietan, 2,25 metro koadroko pertsona bat.
  • Azaroaren 1ean hilerrietara joaten ahalko da, baina toki irekietan 3 metro koadroko pertsona bat izanen da baimendua. Bisitak gehienez lau laguneko taldetan egiten ahalko dira, beti ere, 1,5 metroko segurtasun tartea mantenduz eta kontaktua saihestuz.

Dendak eta publikoari irekitako zerbitzuak

  • Edukieraren %40 ezin izanen dute gainditu eta beranduenez, 21:00 arte egonen dira irekita.

Merkatuak, azokak

  • Postuak bereiziak izan beharko dute, eta ondoan baldin badaude, elementu isolatzaileak paratu beharko dituzte tartean.
  • Herritarren artean 1,5 metroko segurtasun tartea mantendu beharko da.
  • Erabiltzaileek ezin izanen dute postuen bazterretan ibili.
  • Azokak toki batean sarrera eta bertzean irteera izan beharko du, elkarrengandik nabarmen desberdinduak.
  • Beranduenez 21:00 arte egonen dira irekita.

Ekitaldietarako erabilera anitzeko tokiak dituzten establezimenduak

Ekitaldietarako erabilera anitzeko guneak dituzten establezimenduen jarduera bertan behera geldituko da.

Adinekoen eta desgaitasunak dituztenen egoitzak

  • Adinekoen eta desgaitasunak dituztenen egoitzetan bisitak debekatu dituzte.
  • Hiru kasuetan baino ez dituzte onartuko bisitak: hondarreko egunetan baldin bada, desoreka neurokognitiboa arintzeko baldin bada edo egoiliarren egoera psikoafektiboa larriki okertzen bada.

Akademiak, autoeskolak eta eskola ez-araututako formakuntza zentroak

  • Aurrez aurreko eskolak ematen ahalko dituzte, beti ere edukieraren %40 ez badute gainditzen eta pertsonen artean 1,5 metroko tartea mantentzen badute.
  • Beranduenez 21:00 arte egonen dira irekita.

Kiroldegiak

  • Toki itxietan edukiera gehienez %30ekoa izanen da eta toki irekietan %40koa.
  • Dutxen, aldagelen, iturrien, saunen, bainu turkiarren, jacuzzien eta gainerakoen erabilera debekatua dago. Igerilekuen kasuan baino ez da baimenduko aldagelen erabilera.
  • Kiroldegietara aitzinetik hitzordua hartuta joaten ahalko da.
  • Kiroldegietan desplazamendua dagoen jardueretan, pertsonako 20 metro koadroko tokia bermatu beharko da. Desplazamendurik ez dagoen kasuetan, pertsonako 8 metro koadroko tokia mantendu beharko da. Kasu guztietan maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen da.
  • Kirol txapelketan publikorik gabe eginen dira.
  • Ikastaroetan, espazio itxietan, gehienez sei laguneko taldeak.

Liburutegiak, museoak, erakusketa gelak...

  • Gehienez edukieraren %30 baimenduko da.
  • Beranduenez 21:00etan itxiko dituzte.
  • Liburutegietan ez da haurrentzako jarduerarik antolatuko.
  • Erakusketa geletan, ez da inaugurazio eta ekitaldirik antolatuko.
  • Jende pilaketak saihestu eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantentzeko neurriak hartuko dira.

Antzokiak, zine-aretoak, publikoari irekitako lokalak...

  • Edukiera %30ekoa izanen da eta jatea debekatua izanen da.
  • Kanpoan egiten diren jardueren kasuan, %30eko edukiera baimendu dute.
  • Beranduenez 21:00etan itxiko dituzte.

Bisita gidatuak

  • Barrenean zein kanpoan, bisita gidatuak aitzinetik hitzordua hartuta eta gehienez 12 laguneko taldetan egiten ahalko dira.

Mugikortasunaren harira zalantzaren bat izanez gero, 012 edo 948 012 012ra deitzeko eskatu dute, eta 112ra larrialdi kasuetan bakarrik deitu behar dela nabarmendu dute. Osasungintzari lotutako kontsultak, berriz, 948 290 290 zenbakira deituz argitu daitezke eta Covid-19ari lotuta hezkuntza alorrean izan daitezkeen zalantzen kasuan 948 206 441 da zenbakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun