Koronabirusa

Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak zabalik segituko du oraingoz

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 21a, 13:57

Dantxarineko pasabidea Ainhoa aldetik

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak adierazi duenez, Nafarroako sarrera-irteeren debekuak «ez luke eraginik izanen Nafarroak Ipar Euskal Herriarekin duen mugan, Foru Erkidegoak ez duelako eskumenik arlo horretan».

Kazetarien galderei erantzunez, Ollok azpimarratu du Nafarroak «ez duela eskumenik estatu arteko muga bat ixteko», eta, beraz, murrizketa berriak ezarrita «foru aginduan hartzen diren neurrietako edozeinek», Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi behar dituenak, «ez lukete eraginik izanen muga horretan».

«Bertze gauza bat da Espainiako Gobernuak alarma-dekretu bat eta etxeratze-agindu bat ezarriko balu, eta mugako pasabideak berriz ixtea erabakiko balu. Oraingoz, foru agindua oraindik itxi gabe dagoela, hasiera batean ez luke eraginik izanen muga horretan», adierazi du Ollo kontseilariak.

«Foru aginduaren azken xehetasunak ixteko» daudela azaldu du ondotik, Foru Gobernua «egoeraren larritasunaz jabetzen» dela erran du Ollok eta, horregatik, salbuespenezko neurriak hartzen dituela, baina «Nafarroak dituen eskumenetan sartzen diren neurriak» izan behar dutela azpimarratu du. «Nazioarteko mugen kontrola ez da Nafarroaren eskumena. Foru agindu horretan azkenean konfinamendu perimetral bat aipatzen bada, ez lioke eraginen nazioarteko espazioari», berretsi du.
 
Bidenabar, Ana Ollo kontseilariak gogorarazi du udaberrian pandemiarengatik ezarritako alarma egoera indarrean zegoenean, «mugaz gaindiko espazioa gune berezitzat hartzeko eskatu zuela Nafarroak, muga ixteak Nafarroarentzat garrantzitsuak diren jarduera komertzialak zailtzen dituelako eta baita mugaz bi aldeetako herritarren arteko harremanak ere».
 

Hala, «noizbait horrelako erabakirik hartuko balitz, espazio horrek duen berezitasuna kontuan hartua izatea eskatuko dugu» gaineratu du.

Bertzalde, Mikel Irujok, Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusiak nabarmendu du «egoera berri baten aurrean gaudela, ez baikaude alarma-egoeran», eta gogorarazi du «Europar Batasunaren itunen funtsezko zutabeetako bat pertsonen zirkulazio librea dela».

Azaldu duenez, «orain dimentsio erregionalizatuago baten aurrean gaude, Covid-ak modu askotan eragiten digu, baita eskualde mailan ere, eta horretarako ez dago prest Europar Batasunaren zuzenbidea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun