Nafarroako Gobernuak gaur arratsaldean bertze neurri-sorta bat onartu du, koronabirusaren bigarren hedatze-bolada geldiarazteko. Urriaren 22an (ortzeguna) sartuko da indarrean, eta azaroaren 4ra arte iraunen du. Neurriak Osasun kontseilariaren foru agindu bidez hartuko dira eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira hurrengo orduetan.
Gaur iragarri diren neurri nagusiak honako hauek dira: Foru Komunitateko sarrerak eta irteerak murriztea, lan-arrazoiengatik, unibertsitate-ikasketengatik, senideen zaintzagatik eta bertze ezinbertzeko arrazoi batzuengatik egiten diren joan-etorriak izan ezik; eta tabernak, kafetegiak eta jatetxeak ixtea; ogia eta prentsa saltzeko bakarrik mantendu ahal izanen dira establezimendu horiek irekita, halakorik eginen balute, eta etxeko janaria saltzeko 21:00ak arte. Hotelen eta landetxeen kasuan, gainera, beraienean ostatu hartu duten pertsonei otordua emateko baimenduko da, gehienez ere 4 pertsonako mahaietan.
Gainera, murrizketek eragina izanen dute merkataritzan eta kultura- eta kirol-jarduera osoan, eta ateak itxi eta bezeroak atera beharko dituzte 21:00etarako.