Sara-Etxalar ihizi-hitzarmena publikorik gabe berretsi dute aurten Lizarietako lepoan, osasun krisiak behartuta

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 27a, 15:30

2011z geroztik egiten den modu beretsuan eta ihizi sasoia hasi baino lehen, Sarako eta Etxalarko alkateek ihizi-hitzarmena berretsi dute dokumentu bat sinatuz Lizarietako lepoan. Hitzarmen honekin, uso ihiziari buruz bi herrien artean dituzten hartu-emanei legezko izaera ematen diote. Bertze urtetan Usategietako tradizioaren besta ospatu ohi da egun berean baina, aurten, Covid-19ren osasun-krisia dela eta, sinadura ekitaldia publikorik eta bestatik gabe egin dute. Sinadura ekitaldian bi herrietako alkateek (Battit Laborde eta Miguel Mari Irigoien) eta Pablo Muñozez, Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari nagusiak parte hartu dute.

Ihizi-hitzarmenaren historia

Iruñeko Artzapezpikutzan altxatuta duten agiri baten arabera, Etxalarko usategietan sare bidezko ihizia aspaldikoa da, gutienez 1378. urtekoa. Zernahi gisa, ihizi-jarduera gauzatzeko bi herrietako herri-lurrak erabiltzen dira. Trepak eta dorreak Sarako eremuetan daude eta sareak, aldiz, Etxalarko lurretan.

Geroztik, gutienez XIX. mendetik, bi herrien arteko muga gaur egun dagoen tokian ezarri zenetik, bi herrien arteko akordioa formalizatzen dute maiz. Akordio horien arabera, Sarako herriak bere herri-lurren erabilera uzten die Etxalarkoei (ordain baten truke) usategietan sareekin ihizian aritzeko.

Berrikiago, bi herrien arteko erlazio onak ikusirik eta uso ihiziari buruzko hartu-emanei legezko izaera ematea komenigarri zela kontuan hartuta, 2011z geroztik urtero berresten dute bi herrietako alkateek ihizi-hitzarmena uso-sasoiaren bezperatan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun