Koronabirusa

Hezkuntza eta Osasun departamentuak aurkeztutako neurriak ez direla nahikoak uste du Hezkuntza Komunitateko foroak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 25a, 12:30

Nafarroako irakaskuntzako sindikatu guztiek, guraso elkarteek eta ikasle taldeek osatzen duten Hezkuntza Komunitateko foroak «ikasturte osorako itzulera, segurua, aurrez aurrekoa eta elkarrekin adostua» izatea eskatu du eta horrekin batera «eskoletan osasuna bermatzeko» neurriak galdegin ditu.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun departamentuek joan den ortziralean jakinarazi zituzten ikasturte hasierako neurriak. Horien berri «prentsaren bidez» izan zuela adierazi du Hezkuntza Komunitateko foroak ohar bidez eta gaineratu duenez, «gaur egun, oraindik ez dugu neurrien edukia zehatz-mehatz ezagutzen». Prozesu horren funtsa eta forma «onartezinak» direlakoan dago, «ez baitugu bermerik edo koherentziarik ikusten ikasgeletara segurtasunez itzultzeko, ezta horretarako irizpide pedagogikorik eta emozionalik hartu denik ere».

Bereziki «kezka» sortzen die hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen itzulerak, «zaintzaileen kontratazioa murriztu dutelako, indartu beharrean».

Nafarroako irakaskuntzako sindikatu guztiek osatzen dute foroa (LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA eta CSIF) , baita guraso elkarteek (Britila, Derpa, Sortzen, Gurasoak mugimenduan) eta ikasle taldeek ere (Ernai, Estudiantes en movimiento, Gora ikaslean borroka). Eta aitzineko astean adostutako puntuak berretsi dituzte:

  • Negoziatzeko eta adosteko gaitasuna duen elkarrizketa-foro bat sortzea, bazterketarik gabeko hezkuntza-komunitateko eragile guztiak barne hartuko dituena.
  • Irakaskuntza presentziala maila guztietan, hezkuntza-komunitatearekin adostutakoa, aukera-berdintasunean hezteko eskubidea bermatzeko eta klase telematikoen aldian nabarmendutako desberdintasunak orekatzen saiatzeko.
  • Hezkuntza-ingurune segurua, langileen eta ikasleen osasuna bermatuz. Horretarako, honakoa eskatu du foroak:
    • Ikastetxe bakoitzerako kontingentzia-planak, prebentzio-zerbitzuak eginak eta inplementatuak.
    • Ratioak jaistea.
    • Plantillak handitzea.
    • Espazio alternatiboak planifikatzea.
    • Babes berezia langile zaurgarrienei.
    • Zentro bakoitzean lan-osasunaz arduratzen den pertsona.
    • Osasun langileak ikastetxeetan.
  • Irizpide pedagogikoak eta emozionalak lantzea.
  • Ikasle zaurgarrienei arreta berezia eskaintzea.
  • Langileen lan baldintzetan gibelera ez egitea.
  • Behar izanez gero, baliabide teknologikoak jartzea ikasle eta irakasle guztientzat.
  • Zerbitzu osagarriak (garraioa, jantokia, garbiketa...) egoerara egokitzea, erabiltzaileentzat eta langileentzat beharrezkoak diren bermeekin, eta beharrezkoak diren zerbitzuak handitzea.
  • Sortzen diren egoerei aitzin egiteko kontziliazio-neurriak.

Neurri horiek guztiak «epe laburreko eta ertaineko plangintza batean zehaztea» nahi du foroak eta horretarako «behar diren inbertsioak» eskatu ditu. Neurriak ezarri arte aldakarrikatzen segituko duela ere azaldu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun