Koronabirusa

Urritik aitzinera lanaldi jarraia izanen dute Nafarroako ikastetxe guztiek

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 21a, 12:35

Carlos Gimeno eta Santos Indurain Hezkuntza eta Osasun kontseilariek ikasturte hasieraren inguruko hainbat xehetasun eman dituzte. Irailean eskola presentzialekin hasiko dira eta urritik aitzinera lanaldi jarraitua ezarri beharko dute, hau da, eskolak goizez bakarrik izanen dituzte. Eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera uzteko deia egin dute eta jantoki zerbitzua mantenduko dutela adierazi dute. Horrez gain, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik goitiko ikasleek eta irakasleek maskara erabili beharko dute. EGUNERATUA.

Maskaren erabilera

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik goitiko ikasleek eta irakasleek momentu oro maskara erabili beharko badute ere, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik beheitiko ikasleek maskararen erabilera ikasgelan hautazkoa izanen dute, baina eremu komunetan jantzi egin beharko dute, hala nola, ikastetxera sartzerakoan eta handik ateratzekoan eta autobusean. Neurri hori 3 urtetik goitiko haurrei dagokie. Haur Hezkuntzan, berriz, ikasgelako 20 ikasle izanen dira gehienez.

Ikasturte honi begira 47 milioi euroko gastua sortuko omen dute Covid-19ari lotutako jarduera horiek eta horien barne, aurreikusi baino 666 profesional gehiago kontratatuko dituztela iragarri dute. Horrekin batera, 200 jangelako zaintzaile kontratatuko dituzte eta higienea eta prebentzioa indartuko dituztela nabarmendu dute. Online bidez irakaskuntza egin behar izanez gero, bortz miloi euroko inbertsioa egin du Hezkuntza Departamentuak: 500 tablet prestatu dituzte, mila kamara eskuratu dituzte streaming bidez eskolekin segitzeko. Irailaren 25erako 4.000 Chromebook bilduko dituzte eta bertze 5.000 urrirako. Horrez gain, estatu mailako Red.es programarekin bat egin dutenez, bertze 3.500 ekipo informatiko banatuko dira urtea bukatu aitzinetik.

Positibo kasuen aitzinean

Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko geletan, positiboren bat izanez gero, maskara erabili beharrik ez dutenez, gaur egun edozein positibori egiten zaion segimendua eginen zaio. Hala, ikasgelako guztiek PCR proba egin eta hamar egunez berrogeialdian egon beharko lukete. 5. mailatik goitikoen kasuan, maskara soinean ibili beharko dutenez gero, positiborik izanez gero, harremana izan duen hurbileko klasekideak identifikatu eta haiei eginen zaie proba.

Ordutegia

Haur eta Lehen Hezkuntzan eskolak 09:00etatik 14:30era bitarte antolatu beharko dituzte eta Bigarren Hezkuntzan 08:00etatik 15:00etarako tartea izanen dute. Horrekin batera, sarrera eta irteera orduak mailakatzeko proposamena luzatu diete ikastetxeei, baita hainbat sarbide antolatzeko aukera ere.

Eskolaz kanpoko jarduerak

Ikastetxeak antolatzen dituen eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera geldituko dira. Hala ere, guraso elkarteek eta enpresa partikularrek antolatzen dituzten jarduerak Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak ezarritako osasun protokoloaren arabera baloratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun