Landa-eremuko Nafarroako hotelek % 84ko okupazioa izan zuten uztailean

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 14a, 19:00
Turistak esperoan Elizondoko Turismo Bulegoan informazioa jasotzeko. Horrelako irudiak ohikoak dira eskualdean, turismora zuzendutako leku gehienak beteak baitaude. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abuzturako aurreikuspenak uztailekoen antzekoak dira, eta Baztan-Bidasoa ia beterik egon da eta egonen da

Uztaila %84ko batez besteko okupazioarekin itxi dute Nafarroako landa eremuko hoteletan. Hala ere, kopuru hori ez dator bat Iruñean eta Iruñerrian izandako okupazio turistikoarekin, hotelak  % 40 eta% 30 bete baitira, hurrenez hurren.

Baztan-Bidasoaldea eta Erribera izan dira turistek gehien eskatzen dituzten eremuak, %95eko eta %90eko okupazioarekin, hurrenez hurren. Sakanan, Aralarren eta Iratin hotelak %80an egon dira, eta Erronkarin, berriz, %70ean. Portzentaje horiek Iruñeko %40tik urrun daude, are gehiago kontuan hartuz joan den urteko uztailean Nafarroako hiriburuko hotelen okupazioa %72koa izan zela hilabete osoan. Sanferminak bertan behera uzteak izan dezake eraginik horretan.

Uztaileko okupazioari buruzko datuek, Nafarroako turismo bulegoetako kontsultei gehituta, bisitariaren profila jasotzen dute, batez ere estatu espainiarrekoa. Hala, turismo bulegoetan egindako 28.312 arretetatik 25.185 (%89) estatuko turistentzat izan ziren. Batez ere, Euskal Autonomia Elkarteko (% 19), Madrilgo (% 18) eta Kataluniako (% 14) pertsonak iritsi ziren. Baina eskualdeko turismoa egitea erabaki zuten nafarren %13ri ere kasu egin zitzaien.

Nafarroan jasotako turista atzerritarren artean, frantsesak nabarmentzen dira, gertutasuna dela eta. Turismo-bulegoetan egindako nazioarteko kontsulten %72 haiei dagokie. Oso urruti, turista belgikarrak (%6), holandarrak (%4) eta italiarrak (%3) ere izan ziren. Beste herrialde batzuetako bisitarien erdiak turista ez-erromesak izan ziren, %30 txangozaleak eta %19 erromesak.

 

Abuztuan ere ia betea Baztan-Bidasoaldea

Abuztua ixteko zain, datuek diotenez, Iruñean % 35 inguruan okupatuko dira hotelak.

Aldiz, landa-turismorako aurreikuspenak positiboak dira. Okupazioaren banaz bertzekoa %87koa da lehen hamabostaldian eta %85ekoa bigarrenean. Eremuei dagokienez, Erronkarik okupazioaren% 100 betetzen du lehen asteetan, Baztan-Bidasoaldeak % 95 eta Sakanak % 90. Bigarren hamabostaldian, Baztanek %95eko okupazioa du, eta Erronkarik eta Sakanak %90ekoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun