Bisitariz gainezka ageri da Xorroxin ingurua uda honetan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 11a, 09:00

Turista aunitz ageri da Baztanen uda honetan. Horrek, alde batetik, mesede egiten du, noski, baina zenbait lekutan gainezka ere egin du turista kopuruak. Agian, gainezkatzearen adibiderik argiena Erratzun dago, Xorroxinen ur-jauziak erakartzen dituen jende aunitz biltzen baitu.

Azken urteotan, aunitz hazi da bisitari-kopurua, eta, horren ondorioz, ur-jauzira sartzeko ibilbidea aldatu egin dute. Horrez gain, ibilgailuentzako aparkalekua egokitu dute, bisitariek Gorostapolo auzoa eta Iñarbegi bidea ez saturatzeko, orain auzotarrentzat bakarrik baita bide hori.

Hartutako neurriak gorabehera, aurten turista-kopuruak goiti egin du etengabe. Uztaileko lehen astean 2.000 bisita izan ziren Xorroxinera, iazko aste berarekiko bikoitza. Uztaileko azken astean 3.000 zenbatu ziren, joan den urteko halako hiru. Eraginik nabarmenena trafikoan du, eta aparkatutako ibilgailu kopuruan. Instalatu duten kontagailu baten bidez, eguneko bisitari-kopurua 600 ingurukoa izan dela jakin dute.

Horren aitzinean, abuztu hasieran Baztango Udalak eta Erratzuko herriak hiru pertsona kontratatu dituzte, eta, bi udaltzainekin batera, herriaren sarreran dagoen aparkalekuan 100 ibilgailuk baino gehiagok ez aparkatzea zainduko dute. Abuztuan neurri horiek probatuko dituzte. Etorkizunari begira, Torresek dioenez, Urederrako bisitentzat antzeko antolamendu-sistema bat ezartzea aurreikusten dutela jakinarazi dute Baztango udaletik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun