Martxoaren 13az geroztik senitartekoen bisitarik jaso gabe egon dira eskualdeko zahar etxeetan dauden egoiliarrak. Tarte horretan bideo-deien bidez mantendu dute harremana. Baina aste honetan berriz ikusi ahal izan dituzte familiakoak, bai behintzat Berako San Jose eta Lesakako Andra Mari zahar etxeetan dauden egoiliarrek.
Berako San Jose zahar etxea
Berako zahar etxetik TTIPI-TTAPAri adierazi diotenez, astelehenean hasi ziren bisitak jasotzen. Hori bai, hainbat segurtasun neurri hartuta. Hitzordua lehenagotik hartuta egin daitezke bisitak eta familiako bakoitzeko bat joan daiteke, astean behin eta ordu erdi batez. Eguraldiak lagunduz gero, egoiliarren eta senitartekoen egonaldia kanpoko eremuan egiten saiatzen dira eta eguraldi kaskarra baldin bada, barrenean. «Higiene neurriak hartuta eta bi metroko segurtasun tartea mantenduz» egiten dituzte bisitak eta adierazi dutenez, «ongi» ari dira, «bi hilabete eta erdiz familiakoak ikusi gabe egon ondotik, egoiliarrek gustura hartu dute bisita».
Lesakako Andra Mari zahar etxea
Lesakan, berriz, asteartean hasi ziren lehenbiziko bisitak jasotzen. Beran bezala, hitzorduak emanez baino ezin daitezke bisitatu egoiliarrak, eta bisitak «ordutik ordura, eta batetik bertzera desinfektatuz» antolatzen dituztela eta «aldi bakoitzean ordu erdiko bisitak» egiten dituztela azaldu dute, «goizez eta arratsaldez». Aste hasieran eguraldiak lagundu zuelako kanpoan egokitu zuten horretarako tokia, baina atzo eta gaur, eguraldiagatik, barrenean, «horretarako prestatua dugun gelan». Edozein kasutan, «bi metroko segurtasun tartearekin eta higienea zainduz» egiten dituzte bisitak: «tenperatura hartuz, eskuak garbituaraziz, maskara erabiliz...».
Egoiliarrek bisitak «hagitz kontent» hartu dituztela adierazi dute, eta «kognitiboki motel dauden egoiliarren artean espero ez genituen erreakzioak ikusi» dituztela ere jakinarazi dute: «hitzik egin ohi ez dutenak senitartekoekin solasean, normalean justu-justu jartzen direnak semea edo alaba etorritakoan hari eskua ematen... Ikaragarria izan da». Eta halaxe segitzeko asmoa dute, «nahiz eta beti kezka puntu bat» izan. Gipuzkoako egoiliarrak dira momentuan bisitarik gabe daudenak, eta «horiekin bideo-deiak egiten segitzen dugu».
Elizondoko Francisco Joakin zahar etxea
Eskualdean Elizondoko zahar etxeko egoiliarrak dira oraingoz bisitarik jaso ez dutenak. Azaldu digutenez, «bi egoiliarrek berriz koronabirusean positibo eman dute eta nahiz eta ongi dauden, ezin dugu bisitarik jaso». Heldu den astean eginen diete berriz proba eta orduan ikusiko da zer gertatzen den.