Koronabirusa

Bisiten faltan bideo-deiak zahar etxeetan

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 14a, 07:24

Martxoaren 13an itxi zituzten zahar etxeetako ateak. Geroztik bisitarik gabe gelditu dira Bera, Lesaka eta Elizondoko egoitzetan dauden egoiliarrak eta bisitarik ez dutenez bideo-deiak egiteko aukera dute. Batzuk gustura egiten dute baina bada ohiko bitartekoak nahiago dituenik ere

Hotza eta gogorra. Halaxe egiten ari zaie Jose Luis, Manuel, Mertxe, Manuel, Maruja, Marcelina, Gonzalo eta zahar etxetan bizi diren dozenaka eta dozenaka adinekori egoera. Konfinamendua tarteko egoitzatik atera ezinik gelditu dira, eguneroko paseoa egin ezinik, kafetegiko tragoxka edo kafea hartu ezinik, eta are okerragoa dena, senitartekoak aurrez aurre ikusteko aukerarik gabe. 

Egoera gustuko ez izan arren, dagoenera moldatzeko gai direla erakutsi dute bertze behin adinekoek. Arrangura handirik gabe, beraien bizitzan arrotzak izan diren teknologietara egokitu dira, bisiten hutsunea bideo-deiekin estaltzen saiatzeraino, eta lagunarteko tertulian edo zahar etxeetan dituzten jardueretan gehiago parte hartuz eguna pasatzera ohitu dira. Horixe da eskualdeko hiru adinekoen egoitzetan dauden zazpi adinekok TTIPI-TTAPAri kontatu diotena: Berako San Jose Zahar Etxean dauden Mertxe Retegik eta Manuel Bertizek, Lesakako Andra Mari Zahar Etxean dauden Manuel Algladek eta Jose Luis Perugorriak eta Elizondoko Francisco Joakin Iriarte Zahar Etxean dauden Maruja Zirizak, Gonzalo Gutierrezek eta Marcelina Zubietak. 

Mertxe Retegi Petrikorena: «Bideo-deiak gustatzen zaizkit»

Eratsunen jaio eta Lesakara ezkondu zen Mertxe Retegi Petrikorena, eta joan den urteko otsailean sartu zen Berako zahar etxean. Konfinamenduak «bazkal aurretik zerbait hartu bidenabar egiten genuen bueltarik gabe» utzi badu ere, aisa pasatzen omen du eguna: «ateri baldin badago zahar etxeko lorategira ateratzen gara, lagunartean solasean aritzen gara eta arratsaldetan pelikula bat paratzen digute». Laburbilduz, «oso ongi pasatzen dugu eta denbora gutxi gelditzen da afaltzeko ordurako». 

Hala ere, «alabak, semeak edota suhiak» egin ohi zizkioten bisitez oroitzen da, baita alabarekin egoitzatik kanpora egiten zituen ateraldiez ere. «Lesakara eta hilerrira egiten nituen buelten falta ere sumatzen dut». Trukean, bideo-deien bidez egoten da etxekoekin: «astean bi aldiz bideo-deiak egiten ditugu eta telefonoz ere egoten gara». Nahiz eta «pixka bat hotza» izan, gustuko ditu bideo-deiak: «aurpegiak ikusten ditut, baita katuak ere eta gustatzen zait». Bere kasuan, telefono propioa ere badu eta «kontent jartzen naiz Iruñean eta Lizarran bizi diren iloben haurren bideoak ailegatzen zaizkidanean. Konfinamenduan zer egiten duten erakutsiz bideo politak bidaltzen dizkidate». 

Manuel Bertiz Elizondo: «Gogor samarra da baina ongi moldatzen gara»


«Goizean edo arratsaldean kanpora buelta bat ematera ateratzen» zen Manuel Bertiz Elizondo bere gurpildun aulkian eta martxoaren 13an Berako zahar etxeko ateak itxi zituztenetik hori gabe gelditu da Irunen bizitakoa den 87 urteko iturendarra. Joan den irailean sartu zen zahar etxean eta eguneroko irteeratxoa gustukoa bazuen ere, badu non entrenitua. «Goizean animazioko jarduerak izaten ditugu, gimnasia egitera joaten gara, periodikoa leitzen dugu, bertze ariketak egiten ditugu eta arratsaldetan bildu, solas batzuk egin eta gero pelikula bat izaten dugu». 

Ez hori bakarrik, «arrebaren eta koinatuaren bisitarik gabe» gelditu den honetan, «ez ikustea gogor samarra» egiten bazaio ere, «ongi moldatzen» direla kontatu du. «Astean bi aldiz, astelehenetan eta ortziraletan, bideo-deiak» egiten ditu senitartekoekin. Bertze egunen batean ere deitzeko aukera izan arren, «nahikoa iruditzen zait». Gainera, aitortu digunez, «telefonoz nahiago dut solas egin, bideo-deietan ez baitut hagitz ongi aditzen». Zahar etxean «ongi» badago ere, «egoera hau agudo pasatzea» nahiko lukeela ere gaineratu nahi izan du.

Manuel Anglade Bertiz: «Bideo-deiak baino nahiko ditut ohiko deiak»


«Familiarekin eta karrikako jendearekin zuzeneko harremanik ez izatea gogorra» egiten ari zaio 64 urteko Manuel Anglade Bertiz etxalartarrari. Duela zazpi urtetik Lesakako zahar etxean bizi da eta konfinamendua indarrean sartu aitzinetik, «kanpora maiz ateratzeko» ohitura zuen: «aunitz ateratzen nintzen, karrikan jendearekin solas egiten nuen...». Alde horretatik, «hasieran» egoera honetara jartzea «hagitz gogorra» egin zitzaiola onartu digu, «egunak luzeak egiten zitzaizkidan eta aspertzen nintzen». 

Kanpoko buelta horiek aparte utzita, «zahar etxean bizitzak berdin» segitzen du beretzat eta aitortu digunez, kanpora atera ezin duenez, «aisialdiko jardueretan gehiago parte hartzen dut orain». 

Gustura hartzen zituen «arrebak eta ilobak» egiten zizkioten bisitak ere, eta horren partez, orain, «hamabortz egunetik behin bideo-deia egiten dut haiekin eta telefonoz nahi dudan guztietan egoten naiz». Bideo-deien kontua berria da beretzat eta onartu digunez, «ez naiz sobera ongi moldatzen. Nahiago dut telefonoz solas egin».

Jose Luis Perugorria Danboriena: «Aire garbia arnasteko falta sumatzen dut»


«Karrikara atera eta aire garbia arnasteko aukerarik ez izatea, paseatzera ez ateratzea eta kafetegietara eta ostatuetara joateko aukerarik ez izatea». Horixe da 77 urteko Jose Luis Perugorria Danboriena etxalartarrak faltan sumatzen duena. Hamabi urte daramatza Lesakako zahar etxean eta urteotan izan duen martxa «aunitz aldatu» dio konfinamenduak. 

Kanpoko irteera horiek gabe gelditu bada ere, egoitza barreneko jarduerei eutsi die: «goizez eta arratsaldez lehen bezala ezin dudanez atera, barrenean lehen egiten nituen jardueretan parte hartzen dut eta lehen aritzen ez nintzenetan ere hasi naiz: bingoan, kantatzen…».

Bisitarik eza ere nabaritua du: «Etxalarko iloba eta Frantziako senitartekoak aunitzetan etortzen ziren. Orain muga itxita dago eta ez dakigu noiz arte». Horren ordez, nahi adina bideo-dei egin ditzake, eta berak «astean behin» egitea erabaki du. Tresna ezaguna ez bazuen ere, bideo-deiarena «gustatu» zaiola erran du, «laguntzarekin ongi moldatzen naiz eta interesgarria da bertze pertsona ikusteko aukera izatea». Dagoeneko horretara «ohitu» dela dio.

Maruja Ziriza Etxepare: «Egunerokoa guztiz aldatu zaigu»


Are gehiago aldatu zaio egunerokoa sortzez iruñearra den Maruja Ziriza Etxepareri. 79 urte ditu eta 2018ko uztailaz geroztik Elizondoko Francisco Joakin Iriarte zahar etxean bizi da. Egoerak hala behartuta, egoitza horretan neurri gogorragoak hartu behar izan dituzte, adinekoak logeletan bakartzeraino. Eta hori ongi baino hobeki daki Zirizak, «egunerokoa guztiz» aldatu zaiolako. Neurriak indarrean sartu aitzinetik, «egoitzako ekintzetan parte hartzeaz gain, errehabilitazio programan eta eskulan tailerrean parte hartzen nuen». Gehiago ere bai, «eguerditan eta arratsaldetan karrikara atera eta paseo bat emateko edo zerbait hartzeko tarte bat izaten nuen». Konfinatzeko aginduarekin, ordea, hori gabe gelditu da eta gainera, egunak eman ditu logelatik atera ezinik «irakurriz, telebista ikusiz, denbora-pasak eginez...». Hainbertze egunen ondotik, maiatzaren 1ean izan zuen «patiora pixka bat ateratzeko lehendabiziko aukera».

Martxoaren 13an zentroko ateak itxi baino lehenagotik jasotzen zituen «lagunen eta semeen bisitak» ere gogoan ditu. «Arras gogorra egiten ari zait beraiekin ezin egon ahal izatea eta espero dut egoera hau laster pasatzea» familia eta lagunei «besarkada handi bat emateko gogoz» baitago. 

Hala ere, bere sakelako telefonoa izateak egoera pixka bat arintzen lagundu diola dirudi: «nire mugikorra dudanez, familiakoekin maiz solastatzen naiz». Gainera, «teknologia berriak gustatzen» zaizkiola eta «mugikorrarekin deiak egiteko eta mezuak bidaltzeko ongi moldatzen» dela dio. Maite ditu bideo-deiak ere: «aunitz gustatzen zait, astean pare bat aldiz semeak ikusteko aukera ematen baitit».
 
Gonzalo Gutierrez Fernandez: «Ongi gaude baina hau akitzeko gogoz»


«Egun osoa paseatzen eta jendearekin solasean pasatzetik logelan sartuta egotera. Atera kontuan zenbat aldatu zaidan egunerokoa!». Horixe bera erran digu sortzez Sevillakoa den eta 92 urte dituen Gonzalo Gutierrez Fernandezek. 

Ekainean zortzi urte beteko ditu Elizondoko egoitzan. Emaztearekin batera bizi da eta atsegin du gurpildun aulkian dagoen emaztearekin batera paseatzea. «Neguan gutiago ateratzen gara, baina eguraldi onarekin kanpora atera eta emaztearekin paseatzea gustatzen zait».Hala, eguneroko paseotxoak utzi eta logelan sartuta egotera ohitu behar izan du. «Maiatzaren 1az geroztik maskara eta eskularruak jantzita tarte batez patiora ateratzen ahal gara». Eta gainerako denbora «pedalierrean pedalei eraginez, emaztearekin egonez eta telebista ikusiz» pasatzen du. 

Bere telefonoa du eta egoitzako ateak itxi aitzinetik jasotzen zituen iloben bisitarik ez duenez, horixe erabiltzen du haiekin egoteko: «egunero solastatzen naiz». Bideo-deien kontua ez zuen ezaguna: «ez nekien halakorik bazenik ere». Hala ere, nahiago ditu bisitak, horretan ez du zalantzarik: «Familiakoak gu ikustera etortzeko desiratzen nago». Bide batez, «ongi» dagoela ere gaineratu nahi izan du, «baina hau akitzeko gogoz». 

Marcelina Zubieta Etxeberria: «Bideo-deiak ez dira besarkadak bezala»


Duela hiru hilabete sartu zen Marcelina Zubieta Etxeberria erratzuarra Elizondoko egoitzan. 92 urte ditu eta «hasieran egokitzea kosta» zitzaiola aitortu digu. «Azkenean jarri nintzen». Ez zuen gozatzen hasteko aukera handirik izan, agudo ailegatu zelako konfinamendua ate joka: «Bat-batean etorri zen eta arras gogorra da».

Ordutik «Erratzuko eta Elbeteko iloben eta Errioxan bizi den semearen bisitarik» gabe gelditu da. Horren truk, bere telefonoarekin «egunero» solastatzen da senitartekoekin eta «telefonoarekin ongi moldatzen» dela kontatu digu. Baina garbi dio «arras-arras gogorra» egiten ari zaiola: «bideo-deiak pixka bat animatzen naute baina ez dira besarkada bat edo musu bat bezala».

Argi aski mintzatu da erratzuarra, bitarteko guztiak ez baitira aski. Egoerara egokituagatik, ez da hori nahi dutena. Lehengo martxara itzuli nahi dute, senide eta lagunekin solastatu, haiek besarkatu eta karrikan lasai paseatu. 

Kontent bideo-deiak egiteko aukerarekin


Yolanda Martin Garcia Madrilen bizi da eta Lesakako zahar etxean du Mateo aita, 2007az geroztik. Konfinamendua indarrean sartu zenetik ez du berarekin aurrez aurre egoteko aukerarik izan eta bi hilabete badira ordutik. Alde horretatik, «gogorra» egiten zaio, baina hori baino «gogorragoa» iruditzen zaio «bizi dugun egoera» eta «beldurra» sortzen dio koronabirusak «adinekoei nola eragiten dien jakiteak». Gainerakoan, «gustura hartu dut egoitzak bideo-deiak egiteko aukera eskaini izana: «lehenago ez nuen bideo-deirik egiten eta hagitz tresna ona da». Horrekin batera, telefonoz aitarekin «nahi adina» egoteko duen aukera aipatu nahi izan du, baita «zahar etxeko egoeraren berri emanez egunero jasotzen dugun informazioa» eskertu ere: «transmititzen diguten lasaitasuna eta gardentasuna hagitz garrantzitsuak dira».

Zahar etxearen «lan bikaina» eskertuz


Irailean bortz urte beteko dira Lourdes Mazizior Zubieta lesakarraren Isabel ama herriko zahar etxean sartu zenetik. Geroztik «astez egunero eta asteburuetan goizez eta arratsaldez amarekin egotera» joan izan da Mazizior. Covid-19ak, ordea, eguneroko martxa aldatu dio: «martxoaren 14tik ez dut amarekin kontaktu fisikorik izan». Hori bai, ez du harremana galdu: «amak bere mugikorra duenez, egunero bizpahiru aldiz telefonoz egoten naiz eta bertzela, egoitzara deitu eta berarekin pasatzen didate». Horrez gain, astero bideo-dei bat jasotzen du: «dei horretan familiakoak sartzen gara eta elkar ikusiz, gustura aritzen gara. Amari izugarri gustatzen zaizkio bideo-deiak, batez ere iloba ikusten duelako». Aitortu digu «hagitz gogorra» egiten zaiola amarekin ez egotea, «bai guri, baita berari ere», baina «lasai» omen dago «zahar etxearekin etengabeko komunikazioa dagoelako eta ama, bai fisikoki baita emozionalki ere, ongi ikusten dugulako». Egoitzakoen «lan bikaina» nabarmendu du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun